Ikasteko eta irakasteko modu berri bat da. Ezagupen akademikoa eskuratzetik haratago doa bizitzarako konpetentzien garapena lortzea.
Metodologia berritzaile honen lanketan ikastoletako 52 profesionalek hartu dute parte Mikele Aldasororen koordinaziopean. Aldasorok, Manu Aurrekoetxearekin batera, datorren asteazkenean Villabonan hitzaldia emango du proiektuaren nondik-norakoak azaltzeko. Hitzaldia irekita dago gaian interesa duen herriko eta bailarako publiko guztiarentzat.
Zubimusu Ikastolak abian du EKI proiektua. DBHko 1, 2 eta 3. mailetan bere osotasunean jarri da martxan. Alegia, zazpi ikasgaitan EKI proiektuko ikas-materiala lantzen dute: Euskara eta Literatura, Lengua Castellana y Literatura, Ingelesa, Matematika, Gizarte Zientziak (ingelesez DBH 3n), Biologia-Geologia eta Fisika-Kimika.
Hau jauzi kualitatibo garrantzitsua da eta lotura estua du digitalizazioarekin. DBHn, 3. mailan, ez dute jada testu liburu bakar bat ere erabiltzen. Bakoitzak Chromebook edo ordenagailu eramangarri bat erabiltzen du.
Zubimusu Ikastolak etapa guztietako gurasoak hitzaldira etortzera animatzen ditu, seme-alabak etorkizunerako prestatzeko heziketa modu berri bat ezagutzera.
Eskola garraio zerbitzuak bailarako herrientzat
Etengabeko hobekuntzaren aldeko apustuan, Zubimusu Ikastolak datorren ikasturterako eskola garraio zerbitzua jarriko du martxan, DBH Zubimusun egin nahi duten Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo ikasleentzat.