Agin Laburuk irabazi zuen Urretxun jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo final laurdena. Larunbatean lortu zuen lehen postuari esker, zuzenean sailkatu zen azaroaren 22an Zarautzen jokatuko den lehen finalaurrekorako. Labururen atzetik, Beñat Iguaran eta Nerea Elustondo sailkatu ziren. 480 bertsozalek segitu zuten bertatik bertara Urretxuko Ederrena pilotalekuan jokatu zen saioa:
SAILKAPENA
Agin Laburu Rezola 516 puntu
Beñat Iguaran Amondarain 491 puntu
Nerea Elustondo Plazaola 490 puntu
Jexux Mari Irazu Muñoa 473,5 puntu
Asier Azpiroz Iztueta 470,5 puntu
Eli Pagola Apezetxea 459,5 puntu
Biharamunean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final laurdena jokatu zen Errenterian. Beñat Gaztelumendik irabazi zuen saioa eta horrenbestez zuzenean sailkatu zen Tolosako finalaurrekorako. Iñaki Gurrutxagak eta Jon Martinek egin zuten bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 590 bertsozalek bete zuten Errenteriako Agustina Otaola raketista profesionala pilotalekua. Datorren asteburuan Zestoan eta Ormaiztegin jokatuko dira saioak.
SAILKAPENA
Beñat Gaztelumendi Arandia 516 puntu
Iñaki Gurrutxaga Zubimendi 499,5 puntu
Jon Martin Etxebeste 485,5 puntu
Ane Labaka Mayoz 476 puntu
Iñigo Mantzizidor Larrañaga ‘Mantxi’ 474,5 puntu
Amaia Iturriotz Etxaniz 454 puntu
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak hurrengo asteburuan izango du segida, bi saiorekin. Larunbatean, Zestoako pilolekuan izango da final laurdena, Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Jokin Uranga, Jon Maia, Manex Mujika eta Nahikari Gabilondo bertsolariekin.
Igandean, berriz, Ormaiztegiko Zubipe pilotalekuan jokatuko da laugarren final laurdena. Bertan Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Felix Zubia, Iñaki Apalategi, Maider Arregi eta Unai Gaztelumendi ariko dira.
Bi saioak 17:30ean hasiko dira. Ohi bezala, sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean dira salgai.