Ontzerri futbol taldearen agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 26a, 11:44

"2015 urtea iritsi da eta erabaki bat hartu dugu. Hainbeste lagun eta poztasun eman dizkigun futbol taldea desegiteko erabakia hartu dugu. Futbolak gu utzi beharrean, guk erabaki dugu futbola uztea. 2010 urtean festa giroan kaleratu zen Ontzerri F.K.T, eta 2015ean, kalean eta festa giroan, egindako lanarekin harro eta pozik, desegingo da Ontzerri F.K.T. Horretarako, Urriak 31ean festa egun bat antolatzen gabiltza".

Gutuna | "Agur eta mila esker":

"2010eko udaberrian, Lanbroa tabernako solasaldi amaigabeetan, "lau ero" futbolari buruz hitz egiten, ta bapatean.... eta futbol talde bat osatzen badegu?

Solasaldi hori izan zen Ontzerri F.K.T ren hazia. Hortik aurrera, bertan elkartzen ginen gazte koadrila eta ez hain gazte koadrila ezberdinei luzatu zitzaien ideia, eta harrera ezin hobea izan zuenez, ideiarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen. 30 mutil inguru elkartu ginen, koadrila ezberdinetakoak, adin ezberdinetakoak, baina guztiok kirola giro onean egin eta Andoainen giro ederra sortzeko ilusioak batu gintuen. Hasiera oso gogorra izan zen, bai fisikoki eta bai "administratiboki". Bazegoen jendea, azken urteetan futbola eta bai kirola utziak zituena, baina gogor prestatu eta futbol talde itxurosoa egitea lortu genuen. Erbesteratuta hasi behar izan genuen futbolera jokatzen, baina zorionez gauzak zuzendu eta zentzutasuna inposatu zen eta egia esan, gai honek ez du merezi gehiago luzatzerik. "Ezina ekinez egina" izan zen gure leloa, eta azkenean guztien artean proiektua martxan jartzea lortu genuen. Gaiak luzatzerik merezi ez duen arren, guk Andoainen jokatzea ahalbideratu zuen udal taldeari, eta aurreko legealdian nahiz eta helburua ez lortu, saiakera egin zuten udal taldeei gure esker ona adierazi genieke lerro hauen bidez.


Hasera gogor hau gainditzea, ezin da ulertu zaletuen eta babesleen papera aipatu gabe. Izugarrizko babesa jaso genuen Andoaingo jende askorengandik. Makina bat kamixeta eta material erosi ziguten proiektuak aurrera egin zezan, partiduetan, bai etxean eta bai kanpoan babesa eta animoak ematen zizkiguten eta urte hauetan ondoan izan dira beti. Eta babesleei ere eskerrak. Askorengana gu joan ginen diru eske baina taberna eta enpresa asko etorri ziren beraien ekarpena eskeiniz eta guztiei mila esker. Hitzez soilik eskerrak ematea motza geratzen da , baino hala ere, eskerrikasko!!!

5 urte hauetan egin dugun paperaz benetan harro gaude. Besteak beste, igoera fasea jokatzera iritsi ginen, gure mailako Gipuzkoako Kopako finalistak izan ginen urte batean, eta hurrengoan, harrotasunez esan dezakegu, Gipuzkoako Kopako txapeldun izatera iritsi ginela!!!

Baina kirola soilik ez da izan Ontzerrien funtsa. Besteak beste, Andoaingo Pilota Eskolarekin batera, Andoainen hain beharrezkoa ikusten genuen Garagardo Azoka martxan jarri genuen, oso harrera onarekin eta oso pozik gaude alde horretatik ere.

Taldea sortu genuenean, 2010ean, bagenekien iraungitze data 4-5 urteetakoa izan zitekeela. Familiaz arduratu, lana, lesioak..... tantaka tantaka haserako jendea futbola uztera behartzen joan da, baino jende berria sartu izan da urtero, eta guztien artean lortu dugu proiektu hau aurrera eramatea. Bejondeizuela guztiei!!!

2015 urtea iritsi da eta erabaki bat hartu dugu. Hainbeste lagun eta poztasun eman dizkigun futbol taldea desegiteko erabakia hartu dugu. Futbolak gu utzi beharrean, guk erabaki dugu futbola uztea. 2010 urtean festa giroan kaleratu zen Ontzerri F.K.T, eta 2015ean, kalean eta festa giroan, egindako lanarekin harro eta pozik, desegingo da Ontzerri F.K.T. Horretarako, Urriak 31ean festa egun bat antolatzen gabiltza. Besteak beste, guztia hasi zen leku berean hasiko dugu eguna, Goiko Plazan eta zalaparta egiten. 12:00tan trikipoteoa egongo da Lanbroa tabernan hasita, inguruan kalejira eginez, babestu gaituzten denda eta tabernetatik, eskerrak emateko. Arratsaldean, 18:30tan eta Juanita Alkain plazatik hasita, Elektrotxarangak girotuko ditu Beheko Kalea eta inguruak. Ondoren, 21:00tan kontzertua egongo da Olajauna tabernan eta eguna borobiltzeko, ondoren Dj Nemux arituko da. Gurekin ospatzera gonbidatzen zaituztegu!

Soilik geratzen zaiguna hauxe da: Mila esker bihotz bihotzez "amets ero" hau posible egin duen jende guztiari, Agur eta GORA ONTZERRI F.K.T.!!!".


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!