Ibaien garbiketa auzolanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 26a, 09:45

Burrunba eta Eguzki taldeek "beste behin ere, bosgarrenez jarraian, Andoaingo erdigunetik igarotzen den Oria ibaiaren ibai bazterrak auzolanean garbitzera dei egiten diegu herritarrei".

Postontzia:

"Auzolan honen helburu nagusiak honakoak dira:
  • Auzolanaren balioa aldarrikatzea hainbat egoera edo arazori irtenbidea emateko bide gisa baita, herritarrok gustuko ez ditugun gauzak aldatzeko dugun gaitasun eta ahalmenaren adierazgarri.
  • Herritarrok osasuna, ingurumenarekin dugun ardura adierazi, hala nola ingurumenarekiko kontzientziazio naiz sentsibilizazioa bultzatu, bizi kalitatea hobetzeko helburuz.
  • Instituzioei (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Ur Partzuergoa eta Udala) eskatzea, exijitzea, dagozkien ardurak bere gain hartzea eta behingoz Andoainen ere, ibaira ur kutsatua isurtzeari uztea.

Aldaketarik ez, hobekuntzarik ez
Zoritxarrez, iaz  egin genuen azterketa eta diagnostikotik ez dago aldaketarik. Beraz, andoaindarron erdiak gutxienez, sortzen ditugun ur zikinak eta industriak sortzen dituenaren erdia baino gehiagok Oria eta Leitzaran ibaiak zikintzen jarraitzen dute. Hau gaia bideratzen duen 91/271/EEE zuzentarauaren aurka doa, zeinaren ondorioz, 2000 biztanletik gora dituzten herrien ur-beltzak hodiratuak eta araztuak izan behar zuten 2005 ingururako. Eta badirudi luzerako dugula. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2013ko irailean, parlamentariek eginiko galdera baten ondorioz egin zuen txostenean, Ziako aldean egin beharreko lanak (kolektorea eraiki…) 2021erako programatuak daudela adierazten du, Europako araudiarekiko 15 urteko atzerapenarekin. Baina are xelebreagoa eta larriago da Leitzarango ur-beltzekiko egoera: ez da inon agertzen horko lanik eta Aldundiaren arabera, lan horiek eginak daudelako omen. Egun Leitzaranera etxeetatik zuzenean isurtzen ari gara ur-beltzak, begiratu besterik ez dago.

Beraz, berriz ere diogu, lan handia dute instituzio ezberdinek eta bereziki Eusko Jaurlaritzak. Lehentasun izan behar zuenak duela urte asko utzi zion izateari, agenda politikoetan behintzat. Eta horrek galdera batzuk egitera bultzatzen gaitu: non geratzen da “kutsatzen duenak ordaindu egin behar du” esamolde hori? Nori ordainarazi behar diogu? Ibarretxe, Lopez eta Urkulluri Jaurlaritzako arduradun nagusi gisa? Horrelako lanek herritarron bizi kalitatearen hobekuntza dakarte. Gizartearen hobekuntzaren adierazle dira, bestalde.

Dei egiten diogu beraz herritar orori urriaren 31rako antolatu dugun auzolanean parte hartzera. 15:30ean elkartuko gara Allurralde kiroldegiaren atarian. Amaitzean partaideei  mokadutxo bat eskainiko diegu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!