Laguntza eskola, Andoaingo Caritas elkartearen ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 26a, 09:42

”Laguntza eskola eta ohituren sormena” izeneko zerbitzua jarri zuen iaz Caritas elkarteak Andoainen, eta segida eman dio aurtengoan ere. Elkartera laguntza eske azaldu ohi diren familien haurrei bideratzen zaie egitasmoa. Beatriz Amondarain ekimenaren koordinatzaileak azaldu dizkigu bere xehetasunak.

Zer dela eta ikusi duzue eskola sortzeko beharra?
Beatriz Amondarain: Caritasera normalean hurbiltzen diren Andoaingo familiekin tratu zuzena eduki ohi dugu eta denboraren poderioz, gero eta ezagunak egiten zaizkigu. Azken urtetan, ohartuta gaude familia horietako haur askok badituztela zenbait gabezia, ikasketa ohirutekin, autoestimarekin edota ikasketa porrotarekin lotuta daudenak. Konparazio batera, ez da harritzekoa horietako askok etxean liburuak irakurtzeko joerarik ez edukitzea; irakurtzeko ere zailtasunak dauzkate. Gainera, gurasoek ez dute ardurarik hartzen arlo horretan.

Zein da, beraz, eskolaren helburua?
B.A. Lehen-lehenik esango nuke bere helburua ez dela ezagutza gehiago transmititzea. Pentsatu beharra dago euren ikastetxeetan nahiko lanketa egiten dela alde horretatik. Geure egitasmoa beste bidetik doa: ikasketa ohitura sortzea ikaslearengan, ikasketaren bitartez autoestima haztea berarengan, gurasoek beren seme edo alabaren heziketa balora dezaten eta inplika daitezen zeregin horretan, ikasle horrek bere ikastetxean integrazio erreala bizi dezan...
Helburuak katean doaz, eta azken batean, lortu nahi da familia osoak hezkuntzari garrantzia eman diezaion, ikus dezan motibatuta dagoen haur hori ikasketetan saiatzen bada eta emaitza onak lortzen baditu, bere garapen pertsonala irtengo dela irabazten, eta, gainera etorkizunean baliabide gehiago edukiko dituela eskura txirotasun egoeratik urruntzen lagun diezaioketenak.
    
Andoaingo ikastetxeekin egon al zarete?
B.A. Hasiera hasieratik jakinarazi genien zein zen geure egitasmoa, eta primeran erantzun dute. Euren ikastetxeko ikasleak dira geuregana etortzen direnak, eta beharrezkoa da etengabeko harremana edukitzea, elkarlanean jarduteko.

Zein dira eskolaren ezaugarriak?
B.A. Bazkardon Caritasek daukan biltegian kokatu dugu eskolaren egoitza. Hogeita zortzi bat gaztetxoek eman dute izena oraingoz, sei urtetik hamairu-hamalau urte bitartekoek. Astean lau egunetan irekitzen dugu egoitza, eta haur bakoitzak bi egunetan etortzeko konpromisoa hartu du. 16:30ak aldera agertzen dira, eta arratsaldeko ogitartekoa jan ostean, ordu beteko saioari ekiten diogu.

Boluntario ugarik osatzen dute zuen eskola.
B.A. Oso harrera polita eduki dugu Andoaingo herritarren aldetik, behin deialdi publikoa eginda. Hamabost lagunetik gora animatu dira, musutruk, eskola honetan parte hartzeko. Ikasturte osorako konpromisua hartu dute, eta benetan estimatzekoa da erakusten duten eskuzabaltasuna. Nahiko heterogeneoa da taldea, eta denetatik topa dezakegu: irakasleak, irakasle jubilatuak, gizarte integrazioarekin lotutako magisteritzan dabiltzan ikasleak, moja bat, etxeko andreak... Euskaraz emateko gaitasuna dute gehienek, eta hori ere azpimarratzekoa da.

Eskolak nahiko pertsonalizatuak izango dira, hainbeste irakasle izanik...
B.A. Halaxe da, irakasle edo boluntario bakoitzak ume bakar batekin edo nirekin jarduten du. Horrek ahalbidetzen digu ikasleen kasuistika aztertu eta erantzunak gizabanaka eman ditzagun. Azken batean, gertu-gertuko tratua, konfidantzazkoa sortzen da boluntarioen eta gaztetxoen artean.

 

OLAZABALEN BIDEA
Olazabalen Bidea saria  abenduaren 10ean ospatuko da, eta oraindik erabakitzeko dago ekitaldi horretan herriko zein pertsona edo elkartea izango den saritua. Gogoratu, herrian urtean zehar Andoaingo herriaren eta hertako herritarren ongizatearen alde lan egin duen pertsona edo elkarteari esker ona agertzeko sortu zela Olazabal Saria.
Caritasek deialdia zabaldu du, herritarrak izan daitezen hautagaien proposatzaileak. Azaroaren 2a baino lehenago aurkeztu beharko dira proposamenak, horretarako arrazoiak azalduz. Horretarako, Zumea kaleko egoitzan dagoen postontzira jo daiteke, edo eta caritasandoain@yahoo.com helbide elektronikora.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!