Anaia Zizurkilen bizi zuen eta haien umea zaintzeko aukera eskaini ziotenean erabaki zuen Nabilak Asilah-tik Zizurkilera etortzea. Familiako hainbat kide bertan izateak asko erraztu zion lur berrian kokatu ahal izatea, “bizimodu berri batera egokitzeko oso beharrezkoa da inguruan babesa sentitzea eta nik zorte hori izan nuen. Familiako hainbat kide bertan egonda, lagunak egitea ere errazagoa izan baitzen”. Bere ustez, kultura eta ohitura guztiz berriak direnean, oso garrantzitsua da burua irekita edukitzea eta egoera berriaren aurrean jarrera baikorra izatearekin batera, jendearekin harremanetarako irekita egotea. Asilahtik Zizurkilera izugarrizko aldeak sumatu zituen egunerokotasunean, baina bere jaiolekua herri turistikoa denez, hizkuntza ezberdin asko entzun eta jendartean ibiltzera ohituta zegoen lehendik ere. Dudarik gabe, lagungarri egin zitzaion hori Zizurkilgo bizimodura egokitzerakoan. “Gaztelania zer edo zer banekien nahiz eta askatzea kosta egin zitzaidan. Euskara nahikoa ulertzen dut, baina oraindik ez naiz euskaraz erantzutera ausartzen. Hemen diozuen bezala, ‘poliki-poliki’ askatzea espero dut. Egia esan, Arantxa koinatua irakasle ona izan dut praktikatzeko”.
Sukaldaria, hamahiru urtez
Hamahiru urte daramatza Lasarteko Goiegi jatetxeko sukaldari gisa lanean, eta etxekoa bezala sentitzen da bertan. Marokoko eta euskal sukaldaritzek elkarren artean zerikusi gutxi izanagatik, ikasi eta lan egiteko gogoa zuenez, bere lekua egin du eta oso gustura ari da lanean. “Sukaldaritza oso tradizionala lantzen dugu, etxekoa. Asteburuetan karta ere eskaintzen dugu”, azaldu du. Euskal sukaldaritzako plateren artean guztiek harritu zuten Nabila, baina bereziki, pureek. “Marokon ez genuen sekula janari birrindurik jaten, umeen platera iruditzen zitzaidan. Orain nire platerik gogokoena da”, dio. Euskal Herrian oso ondo jaten dela uste du eta hemengo erara jaten ohitu da, “Marokon baino arinago jaten da hemen. Han plater gehienek saltsa dute eta pisutsuagoak dira. Hango platerak egunero baino, tarteka jateko egokiagoak dira”, adierazi du.
Zizurkil, herri lasaia
Euskal Herritik eta bereziki Zizurkildik dena gustatzen zaio, “kultura, jendea, paisaiak… Jende umila eta langilea da bertakoa. Zizurkildarra sentitzen naiz dagoeneko, nire etxean bezalaxe. Herri lasaia da, denak ezagunak gara. Etorri nintzenetik, ez nuen nire burua Zizurkil ez zen beste herriren batean irudikatzen”. Argi dauka ez litzatekeela Asilah-ra bizitzera itzuliko, hemen eraiki baitu bere bizitza eta berriz ere zerotik hasi beharko bailuke han. “Hemen nik nire kabuz erabakitzen dut nahi dudana, han kanpo eragin gehiago izango nuke”. Bizitzera ez, baina gustura joaten da Asilah-ra oporretan familiako kide eta lagunak bisitatzera. Bere jaioterriak hainbat alderdi on badituela aipatu du, besteak beste, bizilagunen babesa. “Marokon jendearen arteko harremanak gertukoagoak dira eta, esaterako, bizilagunen babesa izugarria izaten da edozein egoeraren aurrean. Hemen bakoitzak berera jotzen du gehiago”.
Babesa, ezinbestekoa
Marokoko bizi maila baxutik ihesi, herritar ugarik hartu zuen hango krisi egoeratik lan bila ihes egiteko erabakia, “etorkizun hobea bilatu nahi izaten da beti zuretzat eta ingurukoentzat. Lurralde berri batera etortzeko pausoa emandakoan ezinbestekoa da bertako jendearengatik babestuta sentitzea, oso zaila baita bestela bizimodu berrira egokitzea”. Marokon emakumearen papera zaila izan dela aitortu du eta oraindik ere borrokan jarraitu beharra dagoela egoera hori hobetu ahal izateko, “familia eta leku bakoitzaren arabera, aldatzen ari da pixkanaka. Familiaren pentsaerak, norberaren izaerak eta ikasketek asko baldintzatzen dute emakumearen egoera Marokon”.
Nabila aske eta pozik bizi da Zizurkilen. Zaletasunen artean, mendira joatea gustatzen zaio, aire librean oinez ibiltzea.