“Ilunbeko finala aurkeztea erronka izango da niretzat”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 27a, 01:00

Ion Zaldua Brit, Zarautzen bizi den billabonatarra, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileetako bat da. Abenduaren 19ko finalean arituko da Ilunben.

1999 urtean abiatuta, urteak daramatzazu gai-jartzaile lanetan. Kontaiguzu abiapuntua…
1999ko Herriarteko txapelketan hasi nintzen, Amaia Agirrek deituta. Hasieran epaile lanetan aritzea proposatu zidaten, baina nik epaile baino aurkezle gisa aritzea nahiago nuela esan nien. Erniope taldea sortu zen eskualdean eta Txomin Garmendia, Amaia Agirre, Jexux Mari Irazu eta Aitor Usandizagak jardun zuten bertsotan. Zigor Leunda Urtzi Basterrika, Ion Ander Esnaola eta laurok ere taldekide izan ginen. Aurkezle gisa aritu nintzen orduan eta osatu genuen taldean bertso entrenamenduak edota gaien lanketa ere egiten genituen. Oso esperientzia polita izan zen. Orduan hasi ginen saltsan eta hortxe gabiltza geroztik.

Bertsoekiko zaletasuna, ordea, lehenagokoa duzu…
Beti izan dut bertsotarako zaletasuna eta gaztetxo nintzela, bigarren mailan, zorte handia izan nuen bertso eskolan ikasten ari zen Arantxa, nire irakasle egokitu zelako. Bata bestearen babesean, orduantxe osatu nituen nire lehen bertsoak. Bertso eskolan, berriz, Andoainen hasi nintzen lehenengoz zortzigarren maila bukatuta, Villabonako beste lau lagunekin batera. Trenez joaten ginen eta izugarrizko abenturak izaten genituen. Oso garai polita izan zen, Andoaingo irratian bertsoei buruzko irratsaio bat ere eduki genuen. Han botatzen genituen gure bertsoak. Gerora, Andoaindik Tolosara pasa ginen eta bertan jarraitu genuen Zigor, Urtzi eta hirurok.
Bertso eskolan ibili baginen ere, parrandako edo lagunarteko bertsolariak izan ginen gu. Eskolarteko txapelketan parte hartu genuen behin, baina ez genuen txapelketetarako jauzirik eman. Gure maila beherago geratu zen, jardun ere ez baikinen asko jarduten.

Gai-jartzaile bideari eutsi zenionetik plaza mordoa egin duzu dagoeneko…
Gipuzkoa mailan bereziki, plaza batzuk egin ditugu; 1999 urtean hasita, azken batean urte asko baitira. Herriarteko hura eginda, 2001ean, Euskal Herriko Txapelketaren aurretik, udaberriko fasea jokatu zen Gipuzkoan, txapelketako bertsolariak aukeratzeko. Orduan aritu nintzen lehen aldiz gai-jartzaile taldean. Urte asko gai-jartzaile lanetan ari ziren oso maisu onak izan genituen: Lazaro Azkune, Inaxio Usarralde, Nikolas Zeberio… Asko ikasi genuen haiengandik. Gero eginean eta eginean jarraitu nuen. Gai-jartzaile Eskolan ere hartu nuen parte.

Zein ezberdintasun dute txapelketek eta saioek gai-jartzailearen paperari dagokionez?
Bi mundu ezberdin dira. Txapelketarako, ofizio jakinak prestatzen ditugu, gaiak norentzat izango diren jakin gabe. Elkarren artean oso parekatuta egon behar duten gaiak prestatzen saiatzen gara. Detaile asko zaindu behar da. Batzuek agian gaiak bururatu ahala jartzen ditugula pentsatuko dute, baina ez, buelta asko emandako lana da txapelketako gaiak aukeratzea.
Saioetarako, aldiz, bakarrik egoten da gai-jartzailea. Zein bertsolari izango den jakiten dugu eta zeini zein gai jarriko diogun ere bai. Norberak prestatzen du saioa, ustez, umorezko eta gai serioak tartekatuz. Dinamika ezberdina da.

Nola funtzionatzen du txapelketako gai-jartzaile taldeak?
Lehenengo bilera iazko abenduan egin genuen, udaberriko Gipuzkoa Bertsotan fasea prestatzen hasteko. Txapelketa hasi bitartean hilean behin edo biltzen gara eta txapelketa bitartean astero, bederatzi laguneko taldea. Fasez faserako aldaketak egokitzen direnean, asteburuan ere bai. Saiorik gabeko asteburu hori aprobetxatzen dugu datozen saioak antolatzeko.
Txapelketan denetariko gaiak jartzen ahalegintzen gara, baina gurea sormen lana da eta, dudarik gabe, sormen lan horrek egunerokotik jaten du. Egunerokotasuneko gaiak inguruan izaten ditugunez, horiexek etortzen zaizkigu lehenengo burura.
Era berean, beti saiatzen gara umorezko gaiak tartekatzen. Txapelketa txapelketa da, baina guretzat ere saio atsegina ateratzea da gustukoena. Gai guztiak ilunak eta astunak jarriz gero, sartutakoan baino okerrago aterako baikara saiotik.

Zer nolako maila sumatu duzu orain artean aurtengo txapelketan?
Gora-beheratsua izan da. Sorpresak egon dira. Hankasartze batzuk ere ikusi dira, potoak tartean. Hala ere, normala da; onenek ere edukitzen dituzte egun txarrak. Saioa hasi aurretik bertsolariek edukitzen duten tentsioa ikusita, harrigarria ere bada hutsetik hasi eta bertsoak osatzea. Eta ze bertso gainera!

Zer diozu orain artean eskualdeko gazteek txapelketan izan duten parte hartzearen inguruan?
Beñat eta Oihana Iguaran nahiz Unai Mendizabal, maila ona emanez sailkatu dira final laurdenetarako. Unai ez nuen final-zortzirenak arte sekula bertsotan entzun eta sorpresa atsegina izan da. Oso bertsokera bizia du. Oihana eta Beñat ere indartsu sumatu ditut. Elgoibarren Oihanaren saioa aurkeztea egokitu zitzaidan eta oso ondo ikusi nuen. Haritz Mujika, berriz, kanpoan geratu da.

Txapelketaren baitan, zein hitzordu duzu hurrengoa?
Elgoibarko saioa aurkeztu eta gero, abenduaren 19ko Ilunbeko finalean hartuko dut parte. Bi aurkezle arituko gara, batek protokoloa egingo du eta besteak gaiak jarriko ditu. Erronka izango da niretzat. Errespetua ematen du hainbeste jenderen aurrean aritzeak, baina sortzen den giro onak asko laguntzen du. Elgoibarko saioan oso lasai sentitu nintzen eta oraingoan ere tentsioari eusten ahaleginduko naiz, ahalik eta ondoen egiten. Urduri egonagatik, norbere buruarekin seguru egotea da garrantzitsuena. Gai-jartzaileak bertsolariari segurtasuna transmititzea lortu behar du; haiek urduri egoten direnez, gai-jartzailea ere urduri badago, negozio txarra bailitzateke.

Ariketa ezberdinak saioetan
Gai-jartzaile lanetan, Jonek ez dauka gogoko gai estilo finkorik. Saioak aurkezterakoan, ordea, ariketa bereziak tartekatzen saiatzen da. “Nire saioetan entzuleak gogoko izango duen eta bertsolaria barregarri sentitu gabe, ataka estuan jarriz, ariketa ezberdinen bat sartzen saiatzen naiz”, azaldu du. Burua bueltaka izaten omen du beti, saioan zer sartu eta zer ez. “Gure nahia saioa orekatu samar joatea izaten da, bukaeran gora egiteko. Baina askotan sorpresak gertatzen dira; batzuetan serioak izango direla uste duzun gaiek umore ukitua hartzen dutelako edota alderantziz”.

Final laurdenak, urriaren 24tik aurrera
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala egun batez aurreratzea erabaki du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Izan ere, abenduaren 20an Espainiako hauteskundeak deitu baitituzte. Beraz, abenduaren 19an jokatuko da saioa, Ilunben arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Finalerako sarrerak salgai daude, www.bertsosarrerak.eus webgunean zein herrialdeko hainbat salmenta gunetan. Beterri Aiztondo eskualdean, Andoainen Ganbara taberna eta Ernaitza liburu-dendan eta Villabonan Amasa kafetegian.
Gaztetxoen sarrera 10 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 15 euroan, eta gainerakoena 20 euroan.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hurrengo saioa urriaren 24an jokatuko da, Urretxuko Ederrena pilotalekuan, arratsaldeko 17:30ean. Final laurdenetako lehen saioa izango da eta ondorengo bertsolariek kantatuko dute bertan: Jexux Mari Irazu (Larraul), Beñat Iguaran (Amasa), Agin Laburu, Asier Azpiroz, Eli Pagola eta Nerea Elustondok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!