“Larraulen egoera ez da txarra, baina hobetu liteke”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 23a, 15:51

Larraulgo Herritarrak taldeko Aneli Urbietak lehen pausoak eman ditu Larraulgo alkate bezala. Lehen hiruhilabetekoaren irakurketa egin eta etorkizuneko asmoen berri jakinarazi du.

Larraulgo alkate gisa igarotako lehen hiruhilabetekoaren zein irakurketa egiten duzu?
Egia esan, uztailean, udaletxearen egoeraren berri emateko eta beharrezkoak zitzaizkigun beste hainbat datu jakiteko, ia bilera gehienak Xabier Mujikarekin, aurreko alkatearekin egin genituen.
Abuztuan, jaiak tarteko, udaletxetik ere jai egin genuen eta esan liteke hiruhilekoa irailean hasi dugula. Lan askorekin, baina gogotsu; talde berria pilak kargatuta dator.

Udaleko kide gehienak berriak eta gazteak zarete eta, ondorioz, ikasteko asko zenutela zenion. Zer moduz ari zarete egokitzen udaletxeko lanetara?
Talde bezala oso ondo hasi gara, bakoitzak gure iritzi propioa eduki arren ez dugu denbora gehiegi igarotzen gauzak adosteko orduan. Berriak izateak desabantaila asko ditu, esperientzi falta esaterako, baina idazkariaren eta Xabiren (alkate ohiaren) laguntzaz bagoaz pixkanaka aurrera.

Aurten lehenengoz PSE-EEko zinegotzia ere baduzue Larraulgo Udalean. Elkarlanean ari al zarete lanean?
Felix plenoetara bakarrik etortzen da, aurretik gaiak azaltzen dizkio taldeko kideren batek eta, egia esan, ia gai guztietan aldeko botoa ematen du. Pixkanaka askatzen ari da eta taldera egokitzen.

Legealdiko lanik potoloena, Larraulgo Plan Orokorra amaitzea izango zela adierazi zenuen. Zertan da egun plan hori?

Esan bezala, irailean hasi gara lanean eta lehenagoko lan dexente genituenez, Plan Orokorra oraindik ez dugu ukitu ere egin. Baina epe motzen hasiko gara lantegi horretan.

Gainerakoan, eskuartean duzuen zein beste ekimen aipatuko zenuke?
Dagoeneko zerbitzu berri bat jarri dugu martxan, hirigintzako ordenantza berri batzuk idatzi ditugu, web orria berritzen hastera goaz, Herri Ostatuaren adjudikazioa ere martxan dago eta aurreraxeago herri bideak berritzeko asmotan gabiltza.

Zerbitzu berria jarri duzue abian Larraulgo udaletxean: Hirigintzako arreta zerbitzua. Zein behar nabaritu zenuten? Zer moduzko erantzuna izaten ari da?
Herri gehienetan obra txikiak izaten dira gatazka gehien sortzen duten gaiak eta, horren harira, aurreko legealdiko kideek, hirigintza zerbitzuarena beraiek baloratutako aukeretako bat zela adierazi ziguten. Guk, beharrezkoa zela ikusirik, martxan jartzea erabaki genuen.
Evak oso harrera ona izan du, sartu bezain laster ordenantzak idazten lagundu digu eta orain herri bideen proiektuarekin dabil buru-belarri. Gainera, herritar ezberdinak ere etorri zaizkio obra ezberdinen inguruan galdezka.

Zein egoeratan sumatzen duzu Larraul herria? Deiren bat luzatuko al zenieke herritarrei?
Larraulen egoera ez da txarra, ezberdina da, baina hobetu liteke. Herritarrei bakoitzak bere aldetik ahalegina egiteko eskatuko nieke, parte hartu eta talde lana susta dezatela, besterik ez. Bestalde, obraren bat egitekotan badabiltza astelehenetan Evarengana etor daitezela, berak gustura azalduko dizkiela jarraitu beharreko pausoak edo ordenantza berriak irakurtzeko, ezer egiten hasi aurretik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!