2016rako tasak eta zergak igotzea erabaki dute, aurkako botorik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 23a, 14:41

Udal gobernuak 2016rako proposatutako ordenantza fiskalak onartu egin ziren, oposizio osoaren abstentzioarekin. Ostegunean egin zen ezohiko batzarra, gai bakar hori eraman zelarik aztergai. Hileroko udal batzarra datorren ostegunean, 29an egingo da.

Kronika:

2016an Udalak aplikatuko dituen tasa eta zergetan gutxi batzuetan igoera aplikatuko da, besteak bere horretan mantenduko dira. Guztien artean, azpimarratzekoa da zaborren eta ur zerbitzuen igoera.

URA

0-30 metro kubiko kontsumitzen den etxebizitzetan ez da igoerarik aplikatuko. Kontsumo handiagoetan igoera progresiboa izango da:

35 metro kubiko: 2015ean 51 euro, 2016an 52 euro.
40 metro kubiko: 2015ean 59 euro, 2016an 61 euro.
45 metro kubiko: 2015ean 67 euro, 2016an 70 euro.

Zer nolako igoera izango du horrek merkataritzan eta ostalaritza sektoreetan? Hurrenez hurren, 30 metro kubikotik gorako kontsumoetan  2-4 eta 5-10 euroko igoera.

Industrian igoera 20-300 euro artekoa izango da, kontsumoaren arabera.

Udalak orain arteko datuak eskuetan, ur zerbitzuak 300.000 euroko galera izan zuen. 2016an, ordea, tasatatik, aurreko urteetan baino 115.000 euro gehiago bildu nahi dute horrela. 

ZABORRA
Etxebizitzei aplikatutako igoera, urte osorako, 4 eurokoa izango da.

Eta zaborrei dagokionez 400-500.000 eurokoa da galera.

BESTE TASA ETA ZERGA BATZUK
Oro har bere horretan utziko dituzte hainbat zerga. IBIa, ibilgailuaren biñeta, jarduera ekonomikoena edota obrena bere horretan geratuko dira. Igoerarik ez da aplikatuko kasu horietan.

ALDERDI BAKOITZAREN IKUSPEGIA GOBERNU PROPOSAMENAREN AURREAN
Abstentziora jo zuten oposizioko taldeek hitza hartu zuten, nork bere bere arrazoiak azaltzeko. PSE-EEko Maider Lainezek bat egin zuen tasa batzuek ez igo izanarekin, ez horrela zaborren eta uraren kasuan. Nolanahi ere, azken bi horiei dagokionez aitortu zuen zerbitzu defizitarioak direla. Azkenik, desio batekin amaitu zuen interbentzioa: tasen igoerak eragina izan dezala herritarri eskaini beharreko zerbitzuen hobekuntzan.

EAJko Mari Jose Izagirrek adierazi zuen bere alderdia ados zegoela udal gobernuak egindako proposamenarekin, uraren tasarekin salbu. EAJri diskriminatzailea iruditzen zaio. Dena den, Izagirrek adierazi zuen tasa zehatz horrek lotura zuzena duela uraren gestio politikarekin. Alde horretatik, udal gobernuari ardura eta ausardia gabezia leporatu zion, ez duelako jakin orain arte gai horri benetan heltzen. Udal gobernuaren izenean, Jon Zuluetak erantzun zion ausardiarik bazutela, baina gaiarekin batera edo bestera egiteko babes politikoa falta zitzaiela. Gogora ekarri zuen orduan azken hilabeteetan oposizioko alderdiei luzatu dietela irtenbidea bilatzeko proposamen bikoitza, alegia, Ur Kontsortzioan sartzea edota mailegua eskatzea. Baina ez dutela adostasunik lortu eta udal gobernua gutxiengoan dagoenez, gaiak ez atzera ez aurrera jarraitzen duela.

Azkenik,  Irabaziko Jorge Mourinhok ere uraren gestioa azpimarratu nahi izan zuen. Bere ustetan, tasak aztertu aurretik guztion buruhastea eragiten duen gai potolo horri irtenbidea bilatu behar zitzaion. Udal gobernuaren izenean, Jon Zuluetak erantzun zion tasena udal batzarrera eraman bada legeak hala eskatzen duelako izan dela, eta uraren gaiarekin oposizioko alderdiekin eztabaidatzen jarraitzen dutela aspalditxorik.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!