Beñat Madariaga, robotak pasio dituen gaztea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 23a, 14:36

Beñat Madariagak Zizurkilgo XVIII. Azoka Berezian hartu zuen parte urriaren 11n. Berak egindako bi robot jarri zituen ikusgai. Egun robotika eta automatismoa ikasten ari da.

Urrun geratu dira etxeko lurra eskuz garbitzeko garaiak; egun, herritar askoren etxeetan baitago “Roomba” izeneko xurgatzailea. Robot honen mekanismoa ulertuko ez badute ere, botoi bati zapaltzea nahikoa dute etxea garbitu dezan agintzeko. Beñatek, ordea, badaki tresna honen mekanismoa zein den eta, robot guztien artean, sinpleenetakoa dela deritzo.
Robot eta automatismoan jakituna da zizurkildarra eta bere robot propioak muntatu eta programatzeko gai da 19 urterekin. Herritarrei bere ezagutza erakusteko asmoz, Zizurkilgo Azoka Berezira bi robot eraman zituen; txakur bat eta fenwich bat. “Legok sortutako paketeak dira, bere piezez eta motorrez osatuta. Nire lana horiek muntatu eta programatzea izan da”, azaldu du.
Azokara gerturatu zirenek ikusi zuten nola fenwich txiki hark, botoi bakar bati emanda, kaxa txiki bat kaxa handi baten gainean ipintzen zuen. “Nik aginduak ordenagailuz emanda, berak bakarrik egiten zuen lan osoa”. Harridura handien, hala ere, txakurrak sortu zuela uste du. “Bizia eman nion: jan egiten zuen, zutitu, esnatu, haserretu… Benetako txakur bat bezalakoa zen, baina robotizatua”. Haur ugari gerturatu zitzaizkion eta, animalia bere kabuz mugitzen zela ikustean, zur eta lur geratu zirela dio.
Nolanahi ere, helduengan kuriositatea sortu zuela nabarmendu du: “Gurasoek Lego jostailu bezala ikusi izan dute beti. Baina, ordenagailuz aginduak emanda mugitzen zirela ikustean, harridura handia piztu zitzaien eta jostailua baino zerbait konplexuagoa zela ikusi zuten”, adierazi du.

Robotak gizakia ordezkatuz
Gizakiak ordezkatzen dituzten robotak zerrendatu ditu: ontzi garbigailuak, arropa garbigailuak, xurgagailuak, belar ebakitzaileak… Hauek guztiak “alferkeriagatik sortutakoak” direnez, giza funtzioak ordezkatzen dituzten tresna bezala ikusten ditu.
Hala eta guztiz ere, ez du uste inoiz gizakia guztiz ordezkatzera iritsiko direnik: “Oso zaila da bizitza oso bat programazio bidez eraikitzea. Perturbazio eta ezusteko ugari daude gure egunerokotasunean, ordenagailu bidez programatzea zaila dena. Adibidez, espero gabeko estropezu bat lotuta edukitzea ez da erraza. Etorkizun luze batean gerta daiteke, baina guk ez dugu horrelakorik ezagutuko”.
Etorkizun hurbilean, ordea, etxerako elektrodomestiko garatuagoak etorriko direla uste du: “Labadora konplexuagoak, ontziak garbitu eta nahierara antolatuko dituen garbigailua, arropa zabalduko duen robota, plantxa…”.

Bere ametsetako robota
Berritzailea den robot bat sortu nahiko luke, existitzen ez den eta erabilgarria izango den zerbait. “Dron bat sortzeak meritua izango luke, baina erronka handiagoa da existitzen ez den eta erabiliko litzatekeen zerbait asmatzea”, dio pentsakor. Dena den, oraingoz ilusiorik handiena inoiz ikusi ez duen robot bat eskuartean izatea da. “Nolakoa den aztertzeko, nola eginda dagoen ikasteko… Besteen proiektuak ezagutu nahi ditut, munduan zehar zer nolako robotak dauden jakin.”

Robotikan aditua
Beñaten aitak robotekiko zuen kuriositateagatik hasi zen guztia. Robot bat erosi zuten, etxean probatu eta jolasteko. Harrezkero, First Lego Leagen parte hartu izan du, lehiakide eta begirale modura. Pixkanaka ikasten joan da, bere kabuz robotak programatzeraino. Orain, bere ezagutza gainontzekoekin partekatzen du eta, nahi izanez gero, honen inguruko tailerrak ere eskaintzen ditu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!