Ekintzaz beteta dator udazkena Amasara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 23a, 09:41

Urriaren amaiera eta azaroa festa giroz beteta iritsiko dira Amasara. Batetik, Amasak Tolosarengandik burujabetza lortu zuela 400. urteurrena bete da. Bestalde, Samartinak ere gainean dira.

Duela 400 urte bereizi zen Amasa Tolosarengandik, –nahiz eta artxiboko dokumentuek dioten gisan, Villabonarekin elkartu zen segidan–. Tolosarengandik burujabetza eskuratu zuten inguruko beste herri askok bezala, urteurren hura gogoratu asmoz, hainbat ekintza jarri dute abian Amasako herritarrek, Villabonako Udalak lagunduta. Joan zen asteburuan, herriko haur eta gaztetxoei zuzenduta abiatu ziren urteurreneko ospakizunak, ipuin kontaketa eta sormen tailerrarekin, hain zuzen. Datorren larunbatean, urriak 24, jarraipena izango dute eta egitarau zabala prestatu dute ordurako. 10:30etan Estibaliz Gonzalez Diosen hitzaldia izango da Iturri-Goxo aretoan, 11:00tan emanaldi berezia eta 12:00etatik aurrera topa herrikoia, pintxo dastaketa edota  kanpai errepika... Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte ekintzatan parte hartzera.

Samartinak iristear
400. urteurreneko ekimenak ez ezik, Samartinak ere ate-joka ari dira. Aurtengo jai nagusiak azaroaren 11tik 15era luzatuko dira, baina azken urteotan  bezala, festetako egitaraua luzeagoa izango da; izan ere, azaroaren 1ean jarriko da martxan pilotalekuan gauzatuko den V. Azoka bereziarekin eta azaroaren 22an amaituko Amasako XXIV. Mendiduatloiarekin. Hauxe da Samartinetako festa batzordeko kideek aurtengorako osatu duten egitaraua:

Azaroak 1, igandea
10:00-14:00 Amasako V. Azoka berezia.

Azaroak 11, asteazkena
San Martin eguna
10:30     Meza nagusia. Ondoren, herri kirolak trikitilariek eta bertsolariek lagundurik.
19:30     Txupinazoa, Martina sorginaren jaitsiera.
Azaroak 12, osteguna
Gazteen eguna
06:00     Gazteen gosaria Amasa kafetegian, trikitilari eta dultzaineroek alaiturik.
14:30     Gazteen bazkaria Uxo-Toki elkartean.
17:00     Soka-dantza eta aurreskua plazan.
21:00    Gazteen afaria Iturrigoxo jatetxean.

Azaroak 13, ostirala
17:30     Haurrentzako jaialdia, Irrien lagunak: ‘Kanta eta dantza’ emanaldia. Ondoren, txokolate beroa.
20:00     XXIV. Bakailao lehiaketa.
23:30     Bide batez erromeria taldea.

Azaroak 14, larunbata
11:00     Umeen krosa (6. maila artekoentzat).
12:30     Markel Uriarteren trial erakustaldia.
14:00     Herri bazkaria.
18:30     Olatz eta Esti euskal kantariak elizan.
22:30     Bertso saioa: Asier Azpiroz ‘Azpi’, Alaia Martin, Agin Laburu eta Amaia Agirre. Ondoren, erromeria Triki ta ke taldearekin.

Azaroak 15, igandea
18:00     Herri kirol saioa. Amasako gazteak Lasturko gazteen aurka. Ondoren Martina sorginaren agurra.

Azaroak 22, igandea
11:00     Amasako XXIV. Mendiduatloia.

Azaroaren 1eko azokari begira
Amasako gazteek antolatzen duten azokak bosgarren edizioa izango du aurtengoa. Ixiar Zugarramurdi eta Adela Mendizabal amasarrak etxeko produktuak saltzen arituko dira bertan.
Azken urteotan azaroaren 1ean antolatu ohi dute azoka Amasako pilotalekuan eta halaxe izango da aurten ere, igandearekin. Hogei postutik gora lotu dituzte dagoeneko antolatzaileek eta haien artean, etxeko produktu freskoak eskainiz, salmahai bana jarriko dute, urtero bezala, Goikoetxe Azpiko Adelak eta Xandrako Ixiarrek. Familiako baratzean eskuratutako uzta plazaratuko du Adelak, “lurrari lotuta, gure aurreko guztien omenez. Etxeko guztien artean egindako lanaren emaitza eskainiko dut”, adierazi du. Baserriko lanari eusten dion Amasako baserri gutxietako bat da Xandra, baratzea zaintzeaz gain, azienda ere mantentzen duena. Amasako baserritarren ordezkariak izango dira, beraz, Ixiar eta Adela herriko azokan, –herriko hainbat gaztetxok jarriko duten postuarekin batera–; ez baitiote Amasako baserri izaerari galtzen utzi nahi.

Etxeko produktuak
Kalabaza, babarrun beltz nahiz txuriak, aitonak prestatutako intxaurrak, perrexila “baratzeko erregina, bitamina eta mineral askoko gure sukaldetarako landare gozagarria”, osina “gure parte izateaz gain, odola garbitzeko lagungarria”, txikori belarra “osasungarria”, aloe vera “kanpoko lurralde goxoetatik ekarritako landarea, ezagutzea eta etxe bakoitzean edukitzea komenigarri litzatekeena” edota hierba luisa “infusioetan edan eta jandakoa ondo asentatzeko”..., eskainiko ditu Adelak. Barazki eta landareekin batera, Amasako produktu preziatuetako bat ere bai: Alustizako gazta, hain zuzen ere, “mendiko larretako belar sanoa jan ondorengo ardi esnearekin egina”.
Ixiarrek, berriz, baratzeko garaiko produktuekin osatuko du bere salmahaia: babarrunak, kalabaza, porruak edota azenarioak, besteak beste. Fruten artean, etxeko kiwiak eskainiko ditu.
Amasako azokara ekarritako gaiak ondo saltzen dituzte biek. “Ekarritakoa behintzat saldu egiten da. Orain artean gustura geratu izan naiz ni”, azaldu du Ixiarrek. Adelak, berriz, saltzeko modua aldatu egin dela nabaritu du azken urteotan, “guraso berriak, bereziki, produktuen inguruko galderak egiten hasiak direla konturatu naiz. Baratzeak aberastasunez beteta ditugula jakinarazten saiatzen naiz, eta bitamina nahiz mineral ezberdinen iturri direla gure barazkiak”. Adelaren ustez, beraien guraso eta euren belaunaldien ondorengoen artean izugarrizko etena gertatu da eta lurrarekin nahiz baserriarekin lotutako izugarrizko jakintza eta ondarea galdu dira.

Arrautzen saskia askatu gabe
Baserriak Amasan goitik behera egin badu ere, gehienek etxerako adina baratze badutela azaldu dute elkarrizketatuek, haietako asko gero azokara etortzea ez ausartu arren. “Urteak atzera, Villabona, Tolosa nahiz Donostiako Bretxako azokara ere joaten ziren garai bateko emakumezko baserritarrak etxeko uzta saltzera. Esne partiketan ere baserri askotako baserritarrak aritzen ziren: Larre, Lizarra, Pasus, Legarbarrena, Arregi… Hogei-hogeitamar urtetik hona galdu da bizimodu hura Amasan”, azaldu du Ixiarrek eta, euren ama zaldiz Villabonara jaitsi eta bertan trolebusa hartuta Tolosako azokara nola joaten zen oroitu du. Adelak, berriz, gogoan ditu trolebusean arrautzak ez puskatzeko, saskia askatu gabe serio-serio joaten ziren emakume haien aurpegiak. “Trolebusak sokekin lotutako erremolkea izaten zuen atzean eta traste piloa sartzen zen han, baina arrautzen saskiak ez zituzten inondik inora alboan uzten”.

Emakume parte hartzaileak
Amasako festak iristear direla, herriko jaietan parte hartzen duten emakumeak dira biak ala biak. Esaterako, urtero hartzen dute parte bakailao lehiaketan. “Hogei bat kazuela aurkezten da lehiaketara eta hobeak edo txarragoak egongo diren arren, kazuela guztiak bukatzen dira lehiaketaren ondorengo dastaketan. Herritarrek denak ederrak ateratzen direla esan ohi dute”, adierazi dute irribarretsu. Larunbat eguerdiko herri bazkarian ere hartzen dute parte, txekorra janez kasu horretan. “Ohitu egin gara dagoeneko, baina ia herritar guztiak biltzen garen bazkarian oso giro polita sortzen da. Era berean, bazkariaren ondorena ere berezia izaten da; giroa goxatzeko, musika edo abeslariren bat aritzen baita beti”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!