Hartu eta Eman
Abiatu berri den aurtengo kanpaina ere Zazpiak bat, Sortzen, AEK eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean garatuko du Errigora ekimenak, Hartu eta Eman ideiaren inguruan bilduta. Izan ere, saskia erosten duen kontsumitzaileak Nafarroa hegoaldeko kalitatezko produktuak eskuratuko ditu (hartu), Nafarroa hegoaldeko ekoizleei eta euskalgintzako eragile eta pertsonei ekarpena eginez (eman). Hiru proiektutara bideratuko da jasotako dirua aurtengoan:
- Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolek bizirik irauteko ezinbesteko duten elkartasun ekonomikoa indartzera.
- Erriberako AEKren egoera ekonomikoa arintzera, beka fondoa handitu eta zabaltzera eta sustapen kanpaina bat garatzera.
- D eredua Nafarroa osora zabaltzea bilatzen duten ekimenetara.
15 ekoizleren produktuak
Saskiaren salneurria 50 eurokoa da. Gutxi gorabehera, merkatuan izango lukeen prezioan eskainiko dira produktuak, baina, kasu honetan, jasotakoaren %25 aipatutako proiektuetara bideratuko da. Nafarroa hegoaldeko 15 ekoizleren produktuak izango ditu aurtengo saskiak, tartean 5 ekoizle berrirenak. Hauxe produktuen zerrenda:
• Ardo beltz botila • Litro erdiko oliba olio birjina estra botila • Melokotoia almibarrean • Orburuak • Potxak • Kardua • Mahats zukua • Almendrak • Pikillo piper ontzi txikia • Pikillo piper ontzi handia • Zainzuriak • Melokotoi marmelada • Pikillo piper untapana.
Eskualdean ere bai
Saskiak eskuratzeko aukerak:
- Andoain: Larramendi ikastola eta AEK euskaltegia.
- Amasa-Villabona: Zubimusu ikastola, Amasa okindegia, Aramendi kafetegia eta Iratzar elkartea.
- Zizurkil: Zubimusu ikastola, Iriarte eta Egarri tabernak.
Bi saski, Aiurriren eskutik
Aiurri aldizkariak, iaz bezala, Errigora ekimeneko bi saski zozketatuko ditu bere harpidedunen artean. Azaroaren 6ko zenbakian jakingo da lehen irabazlearen izena, abenduaren 4an bigarrenarena.
ZOZKETAN PARTE HARTZEKO
Whatsapp bidez 619 163 537 telefono zenbakira mezua bidali behar da. Bertan, Errigora hitzarekin batera, parte hartzailearen izen-abizenak idatzi behar dira. Azaroaren 2an amaituko da lehen saskia eskuratu ahal izateko parte hartzeko epea. Saski horren irabazlea azaroaren 6ko aldizkarian ezagutaraziko da. Bigarren saskiaren zozketa txandari emango zaio hasiera segidan.