BiHozkada taldea, zuzenekoak eskaintzeko gogo biziz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 22a, 14:35

Iñaki Lizaso pilotari gisa ezaguna da Amasa-Villabonan, baita pilota eskolako irakasle gisa ere. Musikaren bidea jorratzen hasi eta BiHozkada taldeko ahotsa eta gitarrista ere bada egun.

Sortu berria da BiHozkada musika taldea. Zein izan da abiapuntua?
Oso sortu berria da, bai. Duela urtebete hasi ginen lau taldekideok elkarrekin entseatzen. Taldearen sorrera nahiko bitxia izan da. Nire kasuan, solfeoa baneukan eta txistua ere jotzen nuen. Etxean beti gustatu izan zaigu abestea eta Eresargi abesbatzan abestu genuen anaiak eta biok. Anaiak gitarra jotzen badu ere, nik ez nekien eta pilotaria naizenez, nire behatz potolo hauekin ezingo nukeela gitarra jo esaten zidan beti, bi soka zapalduko nituzkeela behatz bakarrarekin. Hari kontra pixka bat egiteagatik eta haur hezkuntzako irakasle naizenez, umeekin gelan gitarrarekin abestea CDak jartzea baino askoz politagoa delako ikastera animatu egin nintzen. Egun taldekidea den Tomas Lizardik erakutsi zidan gitarra jotzen orain bi urte eta erdi, eta kantuak asmatzen hasi nintzen orduan. Kantuek itxura hartu zutenean, ‘hi, taldea egin behar diagu’ esan nion erdi txantxetan Tomasi. Eta bai, lau lagunek osatu egin genuen taldea. Tomas (alkizarra, gitarra eta ahotsa), Nahikari Calleja (anoetarra, baxua), Oihan Agirretxe (lasartearra, bateria) eta ni (ahotsa eta gitarra).

Azkar batean ekin diozu musikari ibilbideari, beraz…
Tomasek badu meritua. Hain denbora gutxian ni gitarra jotzen jartzen lortzea, alegia. Ez naiz gitarrista bikaina, baina jotzen dudan gutxi hori ahalik eta txukunen jotzen saiatzen naiz. Niretzat oso pozgarria da. Orain bi urte eta erdi ez nukeen imajinatuko kontzertuak eskaintzen arituko ginatekeenik. Asko betetzen nau musikak eta izugarri disfrutatzen dut entseguetan. Partidak jokatu ahal izateko entrenatzen dugu pilotan eta musikarekin ere antzekoa gertatzen da; entseguetan egiten duguna jendaurrean erakutsi nahi baitugu.

Abesti goxo eta gogorragoak tartekatzen dituzue. Nola deskribatuko zenuke egiten duzuen musika?

Rock-a egiten dugu. Letra batzuk nahiko tristeak izan daitezke; maitasunaren ingurukoak, esaterako. Baina denetarikoak ditugu; lagun onenari eskainia, Palestinari buruzkoa, gure egoera politikoari buruzkoa, lagun presoen inguruan…
Kantua sortutakoan, era akustiko batean eraman ohi ditut entsegu lekura, baina gero buelta osoa eman behar zaio, lanketa handia egin behar da: baxu edota gitarra doinuak atera, erritmo aldaketak…  Kantuak lauron ukituarekin osatzen ditugu.

Dagoeneko hainbat kontzertu eman duzue. Zer moduz? Zer nolako harrera izan duzue?
Ekainean Usurbilgo Biteri aretoan eskaini genuen lehen kontzertua. Oso-oso urduri nengoen, ahotsa dardarka nuela. Entzule gehienak ezagunak izanagatik,  aurrean eserita ikusteak inposatu egiten zuen. Gero Lasarteko jaietan aritu ginen eskenatoki handian, musika ekipo latzarekin. Alkizan ondoren, askoz xumeago, baina oso pozik. Zizurkilen eskaini dugu azken emanaldia urriaren 11ko azoka egunean. Gero eta lasaiago sentitzen naiz eta gustura gabiltza oso, gure oraingo helburua jotzea delako. Entzuleen aldetik harrera ona izan dugu. Entzundakoa gustatu egin zaiela esan digu jendeak. Gu pozik, beraz.
Koadrilako lagunak jarraitzaile sutsuak dira eta gaizki egiten ditudanak esaten dizkidate, baita taldekideek ere. Izan ere, beste talde ugaritan aritutakoak dira eta esperientzia handia daukate. Tomas oso gitarrista ona da eta taldekide latza. Nahikarik oreka eta armonia ekartzen dizkio taldeari, oso baxu-jotzaile ona izateaz gain. Oihan gazteena da eta izugarrizko energia dauka. Edozer jotzeko gai dela erakutsi du denbora gutxian. Oso musikari onez inguratuta nago.

Zein asmo duzue aurrera begira?
Hilean behin jendaurrean jotzeko aukera sortuko balitzaigu, primeran. Hainbat kontzertu erdi loturik daukagu. Esaterako, ziur aski abenduan Villabonan joko dugu. Anoeta, Andoain edota Tolosako emanaldiak ere adosten ari gara.
Denborarekin kantu gehiago sortzen jarraitu nahi dugu eta datorrena datorrela. Disfrutatzen jarraitu nahi dugu momentuz eta aurrerago maketaren bat grabatzeko aukera sortuko balitz, ongi etorria!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!