“Nik ez nituzke bereiziko gizarte mugimenduak eta udalgintza”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 2a, 01:00

Adunan zein Andoainen, makina bat ekimenen bultzatzaile gisa ezagutu izan da aspalditik Joxan Irazu 'Xatonio'. Oraintxe nahiko libre dabilela dio, bi legegintzalditan Adunan zinegotzi izan eta gero.

Zein ekimenetan ari zara lanean egun?
Lasaitasun handi samarra hartu dut udaz geroztik, zortzi urtetako udalgintzari bukaera eman nionetik; urte aberasgarriak bezain nekagarriak izan baitira. Berriak sartu dira Udalean, eta edozertan laguntzeko prest naukate, baina ardurarik ez edukitzeak egundoko lasaitasuna ematen du.
Santa Krutz jai batzordea ere utzita daukat, eta egia esan, gaur egun, Andoaingo Axeri Dantzaren elkartean parte hartzen dut; hortxe daukat arduraren bat, ez beste inon. Hori bai, bidean atera daitezkeen edozein motatako ekimenetan parte hartzeko, beti bezain prest jarraitzen dut.

Udalgintza aberasgarria eta nekagarria egin zaizula diozu…
Hirigintzako ardura hartu nuen, bai Arantxa Aburuza alkate zela, baita Josu Amiliabiarekin ere, eta maila pertsonalean ikasteko oso baliagarria izan dela aitortu behar dut. Batetik, Aduna eta adunarrak ezagutzeko parada eskaini dit, Udal baten funtzionamendua zertan den, legedia, Diputazioarekin harremanak...
Horrez gain, herriaren alde eta musutruk jarduteak asebete egin nau. Gauza politak egin dira hirigintzan udaletxetik, eta poztekoa da hori; plaza inguru guztia oinezkoentzat bihurtu izana, adibidez. Baina bestalde, eta ibilian-ibilian, ‘herri txiki infernu handi’ dioen esaerak zenbaitetan bere funtsa badaukala frogatu ahal izan dut.

Esaten da herri txikietan zailagoa dela udalgintza garatzea...
Baliabide urriekin jokatzen jakin behar da, herri handiagoetan ez bezala. Udalgintzak eta bereziki hirigintzak eman nahi duzun adina eta gehiago eskatzen dizute. Beti dauzkazu gaiak jorratzeko zain, eta nolakoa zaren, horren arabera eskainiko diozu dedikazio gehiago edo gutxiago.
Herrian denak ezagutzen zaituzte, eta harreman zuzena daukazu herritarrekin. Alde horretatik, prest egon behar duzu noiznahi –baita asteburuetan ere– herrikideren bati entzuteko. Bada jendea bere arazo edo dena delakoa berehala konpondu behar dela buruan sartzen zaiona; halako pertsonei bost axola gainerako guztia! Eta zer esanik ez hirigintzan,  izan ere konplexuak eta polemikoak izan daitezkeen gaiak jorratzea egokitzen baitzaizu batik bat, direla ondasunak, direla mugak... Denok herriaren onura nahi dugula adierazten dugu, eta halaxe da printzipioz, baina zeure interesak jokoan ikusten dituzunean, “nirea ez ukitu” esanez batera gizakion alderik ilun eta berekoiena agertu dezakezu orduan.

Gizarte mugimenduak eta udalgintza barrutik ezagutzen dituzu. Txanponaren bi aldeak ote?
Zintzo jokatu nahi baduzu, eta herriaren alde inplikatzeko bokazioa baldin badaukazu, nik ez nituzke bereiziko. Batean zein bestean jardunda, mentalitate bertsua eduki behar duzula iruditzen zait. Instituzio batean har ditzakezun erabakiek traszendentzia handiagoa daukate, ordea, eta herrikide gehiagori eragiten die. Ondorioz, zailagoa da asmatzea eta herritar guztiak gogo onez uztea. Bestalde, udalgintzak ikuspegi errealistagoa edukitzera behartzen zaitu tarteka, zer egin daitekeen eta zer ez erabakitzeko orduan.

Nola ikusten duzu Adunako herriak jasan duen garapena azken urteetan?
16 bat urte daramatzat bertan bizitzen, eta gertutik ikusi ahal izan dut zenbat hazi den oso denbora gutxian; egin kontu, 470 bat biztanle ditu egun. Herri eskola, 30 haur izatetik 55 izatera igaro da. Eskolak izugarrizko bizitasuna ematen dio herriari, eta esango nuke egoera nahiko idealean bizi garela, gure seme-alabek jaio diren herrian hezitzeko aukera paregabea baitaukate, 11 urte bete arte gutxienik.
Kanpotik jende mordoa heldu gara urte horietan, eta horrek bizikidetza aberastu egin duela iruditzen zait. Aniztasuna onuragarria izaten ari da alde horretatik.

Bertako eta kanpokoak berezi ohi dituen marra psikologiko hori sumatu al duzu Adunan?
Hori toki guztietan gertatzen da, eta Aduna ez da salbuespena. Batzuk uste izaten dute herria eurena dela bertan jaio direlako; berebiziko garrantzia ematen diote batzuek jaiolekuari. Konparazio batera, ni inoiz ez naute adunartzat joko, nahiz eta nire amona bertakoa izan. Hori bai, inork ez du zalantzan jartzen semeak adunarrak direnik. Hirigintzako kontuez eztabaidetan ari ginela, noiz edo noiz entzun behar izan nuen “hi ez haiz hemengoa, eta zer jakingo dek!”.
Bereizketa hori transmititu egiten da zenbait etxeetan, eta haurrek bere egiten dute modu inkontzientean; hori bai, gero ikastetxean beste haurrekin nahasten direnean, puskatu egiten zaie aurreiritzi hori.

Auzolanaren kultura premiazkoa izaten dute herri txikiek...
Adunarrak eskuzabalak dira oro har, giroa txartzeko bestetarako ez dauden bakan batzuk kenduta, leku guztietan bezala. Badakite zer den auzolanaren espiritua, gertu-gertutik ezagutu baitute, baina azken aldian, beharko litzatekeena baino gutxiago praktikatzen duela iruditzen zait. Egin beharreko guztia Udalaren esku uzteko joaera ari da nagusitzen. Udalak egoera ekonomiko lasaia daukanez aberatsa dela uste da, eta kapaz dela, kasik-kasik, kiroldegi bat edo lurpeko aparkamendu bat eraikitzeko. Ez da kontuan hartzen Udal txiki batek nekez egin dezakeen ahalegina egin beharra daukala Adunak mantenimenduaren arloan.     
 Herrigintzarako estimazio falta hori, 25tik 40 urte bitarteko belaunaldian sumatzen dut gehien. Herritik gehien jaso dutenak dira, eta eurak dira orainaldian ereiten ari garen herri horrekin etorkizunean gozatu ahal izango dutenak. Osasuna eta adimena kontuan hartuta, pertsona batek gizarteari gehien eman diezaiokeen biziaroan egon arren, iruditzen zait ez dutela behar hainbat parte hartzen herriaren bizitasunean. Adunako gaztedia euskal gizartekoaren parekoa da horretan ere, zoritxarrez.

50 urte bete berriak dituzu. Iritsi al zaizu unea kanpora begira baino gehiago barrura begira hausnartzekoa?
Egia esanda, 2012tik aurrera bizipen gaiztoak pilatu egin zaizkit, edozer egiteko gogoa kentzeko modukoak: herrigintzan maiz bidaide eta maila pertsonalean adiskide nituen Katto Amilibiaren heriotza eta Iñaki Igerategi eta Ttintto Otañoren atxiloketak, hirigintzako buruhausteak... Kosta egin zait egoera gainditzea, baina nigan barne lasaitasuna aurkitzeak eta 50 urte betetzeak bat egiten duten une berezi batera iritsi naiz.
Mende erdiko adinetik aurrera, gauzak lasaiago hartzen saiatuko naiz. Proiektu pertsonal bat badut buruan, eta horri ekingo diot. Atzetik datozen gazteei ardurak ematearen aldekoa naiz, geuri eman zizkiguten bezala, edo hartu genituen bezala. Har dezatela inizitiba, eta hanka sartuz ikas dezatela geuk egin genuen bezala, hori bai, ni laguntzeko gertu egongo naiz.


Axeri dantzari Adunan eta Andoainen

Nola ikusten duzu Axeri Dantzaren osasuna?
Adunan ez da urtero dantzatu 1975ean berreskuratu zenetik. Baina azken urteetan zenbait gazte –seme bat tartean– hurbiltzen ari dira, eta pozgarria da hori dantza herrian sendotzearen ikuspegitik. Izatekotan ere, herriko emakumeen falta sumatzen dut, baina euren esku dago gehienbat plazara irtetea noizbait. Iniziatiba hartu beharko lukete.
Esan beharrik ez dago osasunez ederki dabilela Andoainen, 40tik gora partaide biltzen baititu urtez urte, eta hori, sexu eta adin guztietakoak biltzeko gaitasuna galdu gabe. Kapitana izatea egokitu zait azken boladan, Kattoren heriotzaz geroztik, eta ohorea da niretzat hori. 

Berdin bizi eta sentitzen al da dantza batean ala bestean?
Nahiko diferente, esango nuke. Adunan, mantendu behar den herriko tradizio baten gisa baloratzen da; Amabirjin egunean, hots, familien bazkari egun seinalatuan dantzatu beharrak, asko mugatzen du. Andoainen, aldiz, herriko jai handietan parte hartzaile aktibo izateko aukera ikusten dute askok; Sanjuan egunean, Axeri Dantzan parte hartzera animatzen den horrengan, bat egiten dute egunpasa zoragarriaz gozatzeko grina pertsonalak, eta, herrian errotutako usadioari eusteko nahiak.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!