Koadrilarik jatorreneko kide izateko lehian da Gorka Diez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 22a, 10:04

ETB1eko “Gu ta gutarrak” saioaren edizio berriko lehiakidea da Gorka Diez, 18 urteko andoaindarra. Andoain, Eskoriatza, Orio eta ETBren Miramon egoitzan igarotzen du astea.

Nolatan eman zenuen Gu ta Gutarrak saioan parte hartzeko pausoa?
Programa sortu zenetik parte hartu nahi izan nuen. Kasting-era aurkeztu nintzen, baina oraindik 18 urte ez nituenez, edizio berriarekin hasitakoan jakinaraziko zidatela esan zidaten. Horrelaxe egin zuten, uztailean deika hasi baitzitzaizkidan. Hala ere, Eskoriatzako HUHEZI fakultatera joan behar nuenez, ordutegiagatik ez nekien posible izango nuen ala ez. Abuztuan berriro deitu zidaten eta, unibertsitateko ordutegia jaso eta berehala baiezkoa eman nuen. Ordutegiak osagarriak zirenez, animatu egin nintzen.

Reality-aren zati garrantzitsuenetakoa da elkarbizitza. Nola moldatu zara gainontzeko taldekideekin?
Niretzat saioa hasita zegoela sartzea erronka handia izan da, gainontzeko lehiakideak elkar ezagutzen zirelako eta dagoeneko taldea eginda zegoelako. Dena den, zailtasun horrez gain, uste dut taldera erraz egokitu naizela. Orokorrean, denekin ondo moldatzen naiz, baina elkarbizitza guztietan bezala, batzuekin feeling handiagoa lortu dut besteekin baino.

Hasiera-hasieratik zure edertasuna azpimarratu dute programan, “Brad Pitt” izendapenarekin. Guapoa izateak gauzak erraztu dizkizula uste al duzu?
Ez dut uste. Sartu nintzenean, Donostiako Zinemaldia martxan zegoenez, momentu hura aprobetxatu nuen Brad Pitt aktorearen antza nuela aipatzeko, baina ez dut uste horrek ezer erraztu didanik.
Sartu nintzenean, gainera, tirabira batzuk izan nituen taldekideekin. Berri bezala sartzea oztopoa izateaz gain, gaizki ulertu batzuk egon ziren gure artean. Aitortzen dut une horretan ez nuela oso ondo pasa, baina taldekideek laguntza handia eman zidaten.

Programaren helburua koadrila jatorrena osatzea da. Orain arte parte hartu duzun denbora horretan, zu zeu izan zara ala lehiaketak paper bat betetzera bultzatu zaitu?
Askatasuna daukagu nahi duguna egiteko, baina zenbait kasutan apur bat mugatzen gaituzte; totalak egiterakoan, gehienbat. Izan ere, programako langileek duten gidoia ere kontuan hartu behar izaten da. Gainera, inguruan kamera mordoa izaten dugu eta horrek ere errespetua sortzen du; hasieran, behintzat, urduritasuna areagotzen du. Platoan zu zeu izaten saiatzen zara, baina inguruan zazpi kamera edukitzeak moztu egiten zaitu. Denborarekin ohitzen joan naiz, baina urduritasun puntu bat beti izaten dut.

Egun gutxitan, oso lagun onak bilakatu zarete bertatik pasatu zareten gehienak. Harremanak kanpoan jarraitzen al du?
Bai, Oriora joaten ez garen asteburuetan ere elkartu egiten gara. Elkarrekin afaltzen dugu, parrandara joaten gara… Oso esperientzia polita da; lagun asko egin ditut eta oso ongi pasa dut.

Zein izan da programan bizitutako esperientziarik politena?
Orokorrean, izugarrizko esperientzia izan da, une politak pasa ditudalako bai platoan, bai aterpetxean. Lagun oso onak egin ditut eta horiekin esperientzia hau partekatzea ahaztezina izango dela uste dut.
Horrez gain, telebistaren atzeko lana ezagutzeko balio izan dit. Programa baten atzean dagoena ezagutzeko aukera eman dit eta, konturatu naiz uste baino langile gehiago daudela atzean isilean lanean: gidoilariak, makilatzaileak, janaria prestatzen dutenak, jokoak prestatzen dituztenak, produkzioa… Niretzat berria izan da hau guztia eta harrituta geratu naiz lan taldearekin.

Esperientzia ona dela diozu, baina alde txarrak ere izango ditu…
Bai, une zailak ere bizitzen dira. Badakit noizbait iritsiko zaidala programa uzteko momentua; baina, prestatuta nago.

Saioan zaudenetik ospetsua zarela sentitu al duzu?
Ospetsua ez, baina egia da jendeak kalean ezagutu egiten nauela eta begiradak sumatzen ditudala. Jendea gerturatzen zait beraiekin argazkiak ateratzeko eskatuz. Supermerkatura jaisteak, adibidez, lotsa ematen dit, jende ugari izaten dudalako inguruan eta niri begira daudela konturatzen naizelako. Hala ere, lotsa emate horrek badu bere alde ona; gustuko nautela edo babesten nauten seinale delako.

Urnietan Pausoka egunean izan zineten. Zein ekarpen egin dezakezue horrelako ekintzatan?
Saiatu ginen transmititzen jatortasunez eta normaltasunez tratatu behar ditugula behar bereziak dituzten haurrak; barrerik egin gabe eta diskriminaziorik gabe. Pausoka elkartearen aldeko eguna izan zen, eta gutarrok ekintza ezberdinetan parte hartu genuen.; talo postuan, tailerretan, eskulanetan… Dantza egin eta argazkiak ateratzeaz gain, konfiantza lortzeko jokoak egin genituen.  

Horrez gain, Irakasle ikasketak egiten ari zara HUHEZIn eta tabernari lanetan ere aritu zara. Nola uztartzen duzu programa zure egunerokotasunarekin?
Momentu honetan oso lanpetuta nabil. Astean zehar Eskoriatzan egoten naiz, arratsaldetan klaseak izaten baititut. Asteazken gauean Andoainera itzultzen naiz, ostegun goizetan Miramongo grabaketetara joateko. Platotik atera eta korrika klasera joaten naiz; gauean berriro etxera itzultzen naiz ostiraleko grabaketetarako. Platoko grabaketez gain, hamabostean behin, Orioko aterpetxera joaten gara.
Bestalde, udan, libre eduki ditudan asteburuetan Boulebarreko Reloj-Berri tabernan lan egin dut. Egia esan, zerbitzari lanetan oso esperientzia ederra izan dut; batetik, niretzako dirua atera dudalako eta, bestetik, jende askorekin egoteko aukera eman didalako. 

Kate motzean
  • Gutar koadrila jatorrena: Guztiekin ondo moldatzen naiz, denak jatorrak dira eta bakoitzak zerbait ezberdina eskaintzen dit.
  • Zer du telebistak soberan? Publizitatea.
  • Bidaiatzeko herrialde bat:Los Ángeles.
  • Euskal Herriko herri bat:Areso, baserria dut bertan.
  • Nor miresten duzu? Aita miresten dut, uneoro lanean dagoelako eta beti laguntzeko prest dagoelako.
  • Zergatik irakasle? Lanbide polita da. Umeak eta kirola gustatzen zaizkit, beraz, nirekin bat dator.
  • Parrandarako toki bat: Bataplan.
  • Zein dira zure ametsak etorkizunera begira? Ikasketak aurrera ongi eramatea, kirolarekin jarraitzea, ahal dudanean lana egitea… Denbora librean nire lagunekin parrandatxoak egiten jarraitu nahi dut. Oso gogoko dut, nahiko parrandazalea naiz eta.
  • Abesti bat: OMI Cheerleader.

Gorkaren zaletasunak
Kirola oso gogoko du Gorkak. Futbolean Euskaldunan ibilia da eta duela bizpahiru urte Andoaingo Txirrindularitza taldeko kide zen. Horrez gain, musikarako grina ere badu eta horren adibide dira musika eskolan gitarra joaz igarotako urte luzeak. Era berean, joan zen urteko azaroan modelo lanak egin zituen euskararen egunaren harira antolatutako desfilean. Hala ere, argi utzi du momentu honetan bere lehentasuna ikasketak direla. “Oso gustura” hasi da unibertsitatean, eta gelan giro “ona” duela azpimarratu du.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!