Ostiralean goiz osoan zehar osasun publikoan, udal erakundeetan edota enpresa munduan garatu dituzten egitasmo eta esperientzien berri jaso eta partekatzeko aukera izango da. Jarduera fisikoak sustatzea ezinbestekoa bilakatu da, bizitza osasuntsua bermatze aldera. Horrek gizarte mailako onura ugari dakar, eta baita osasun alorrean ere. Gizakiarentzat, etorkizunerako inbertsiorik onena bizitza osasuntsua eramatea delako. Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailek garatu nahi duten Osasun planaren helburuen artean dago gizarte aktiboago bat sortzea. Eta hori herriz herri gauzatzeko, tokiko eragileak sentsibilizatu nahi dituzte modu koordinatuan lan egin dezaten.
Tomas Plazaola Osasun saileko ordezkariak transbertsalitatea hizpide izan zuen, "gaur egun bakarrik ezin delako horrelako ekimen bat aurrera eraman. Udalak, administrazio orokorra,… denen parte hartzea beharrezkoa da. Udaleko gizarte zerbitzuen lansailak giltzarri dira zeregin honetan, adinekoen egoera ondoen ezagutzen dutelako".
Carmen Blanco Urnietako osasun etxeko arduradunak ekimenarekin bat egiteko dei egin zien urnietarrei, "adinean gora doazen pertsonentzat jarduera fisikoak lantzea garrantzitsua da, gizarteratzeko aproposa".
Mikel Pagola alkateak bat egin zuen hitz horiekin, "adin batera iristean pertsona batzuk bakarrik senti daitezke, eta jarduera fisikoen bitartez taldeetan integratzen has daitezke berriro".
ADINEKOAK, GAZTEAK, LANGILEAK...
Jardunaldi hauetan ere beste alor batzuri ere erreparatuko diote, hala nola gazteei edota lan arloari. Azken horri dagokionez, Urnietako jardunaldietan CAF enpresaren eredua ezagutzeko aukera izango da. Plazaolak hiru gabezia nagusiak zerrendatu zituen: "elikadura kaskarra, jarduera fisiko eza eta tabakoa erretzea. Ohiturak aldatu behar dira. Gabezia bat badugu, enpresa bat segurua dela esaten dugunean. Segurua behar du izan bai, baina baita osasungarria ere".
JARDUNALDIA HIRU ATALETAN
“UDALERRI AKTIBOAK” JARDUNALDIAK
URRIAK 23, OSTIRALA.
URNIETA, SAROBE. 08:30-14:30.
LEHEN ATALA
Osasunaren determinatzaileak jarduera fisikoak egiteko, jarduera fisikoaren onurak eta sedentarismoaren kalteak, Mugiment eta bere estrategiak, ariketak.
BIGARREN ATALA
Elkarlanea jarduera fisikoak sustatzeko, mahai-ingurua, herri mailako esku-hartzeak, Hernaniko Tipi-Tapa, jarduera fisikoak preskribatzea lehen mailako arreta zerbitzuan, ohitura jasangarriak eskuratzea lan esparruan, alkoholaren prebentzioa eta jarduera fisikoa eskola munduan.
HIRUGARREN ATALA
Herriko sareak sortu jarduera fisikoa sustatzeko esku hartzeak lantzeko, eztabaida eta bateratze lanak.
Jardunaldiak irekiak dira, eta aurkezpenak bataz beste 15-20 minutukoak dira. Jardunaldian zehar aztergai zehatzak entzuteko aukera eskaniko dute.