Pilota eta herri kirolak Arraten, Mikel Goñiren parte hartzearekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 21a, 20:02

Pilota jaialdia Arraten, larunbat honetan arratsaldeko 17:30ean hasita.

Aspaldi utzi zion elite mailari Mikel Goñi pilotari nafarrak, baina han eta hemen erakustaldi ugari eskaintzen jarraitzen du. Bada urteekin galdu ez duen dohaia, zaletuekiko pizten duen erakarmena. Adiskidetasunezko jaialdiak antolatzeko garaian, amu ona da Goñiren parte hatzea iragartzea. Larunbat honetan euskal preso politikoen dispertsioaren aurkako jaialdia antolatu dute Arrate pilotalekuan. Hamar euroren truke pilota partidak, herri kirol desafioa eta haurrentzat ikuskizunak aukeran izango dira.
Jaialdiaren hasieran Mikel Goñi kantxara aterako da Andoaingo pilotariekin batera. Bikoteka, nor baino nor arituko dira Aritz Eskudero-Imanol Usandizaga eta Mikel Goñi-Unai Etxeberria. Horren ondoren, Mikel Goñi eta Unai Maizaren arteko “apostu mundiala” iragarri dute. Denbora jakin batean ea ingudea zeinek gehiagotan altxa, horixe izango da desafioa.
Kirol jaialdiari amaiera emateko Andoain eta Hernani herrien arteko herri kirol desafioa jokatuko dute.
Ez da kirola arratsaldeko eskaintza bakarra izango. Haur txokoa egokituko dute, baita puzgarriak ere. Musika emanaldiez eta taloaz gozatzeko aukerak ere ez dira faltako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!