Azkonobieta, historia luzeko baserria Goibailaran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 21a, 16:57

Zentrala, errota edota zerrategia izan zen Azkonobieta baserria antzina. Bertan jaio zen  Joxe Antonio Arrutik, historiaz betetako jaiolekuaren haurtzaroko oroitzapenak ekarri ditu gogora.

Asteasuko Azkonobieta baserria historia luzeko etxea da; egiteko ezberdin ugari izan zuen antzina. Baserri eta etxebizitza izateaz gain, inguruko etxeetan argindarra zabaldu zuen zentrala izan zen batetik, artoa edota garia ehotu zuen errota bestetik eta enbor nahiz egurrak moztu zituen zerrategia ere izan zen, besteak beste.
Zentralari lotuta, Azkonobieta baserrian jaio zen Joxe Antonio Arrutik, auzoko sei baserriri argia ematen ziotela gogoratu du. Bulano (bi etxebizitza), Bulano-Etxeberri, Mendizabal, Endaiaberri eta Olaberriri, hain zuzen; noski, euren baserria, Azkonobieta, ahaztu gabe. Ez du gogoan noiz hasi ote zen baserria inguruan argindarra banatzen, baina Joxe Antoniok ondo gogoan du 1972 urtean utzi zitzaiola indarra botatzeari, Iberduero sartu zenean. “Zentraleko argindarrarekin jartzen genuen martxan errota, garia edota artoa ehotzen zuena”, adierazi du. Errota ez ezik, zerra handi bat jarri zuten gero eta herritik bertatik nahiz kanpotik, jende asko gerturatzen zitzaien zerrategira. Egurra zerratzen zen bertan: sutarako, obretarako, baserriko lanetarako nahiz gurdiak egiteko…

Ur depositua, baserriaren atarian
Umeak zirela, Azkonobieta baserriko anai-arrebek egiten zuten zentralaren kargu, gurasoak baserriko beste lanetan ari ziren bitartean. “Umeok manejatzen genuen hura; argindarra altuegi zegoen edo ez… Indarrik ba ote zegoen jakiteko, behatzarekin ukitzen genuen kablea, aulki baten gainean jarrita”. Alas lantegiko Euxebio Ituarte bi eskuekin kablea eusten ikusi zutenean, hari ikasi zioten trukua eta bi eskuekin beharrean, behatz batekin ukitzera ausartzen ziren umeak. “210/220 voltean egoten zen gehienean, baina nahi adina indar ematen zitzaion. 380 voltean jarrita, zerra eta errota, biak jartzen ziren martxan, baina horretarako bonbillak itzali behar izaten ziren. Voltimetroak markatzen zuen argindarraren berri”, argitu du arrutitarrak. Baserriaren ondoko ur depositua urez beteta zegoenean gau eta egun izaten zuten argia. Udan, ura ohiko mailatik behera jaisten bazen, ez zuten mantentzerik izaten; baina ur asko zen urteetan uda nahiz negu izaten zen argia baserrian. “Baserritik 50 metrora 96.000 litro ur biltzen zituen depositua genuen, goitik behera ur saltoa zuen eta hark botatzen zuen indarrarekin sortzen zen argindarra”. Ur depositua handia izanagatik, inoiz ez zela inor hara erori aipatu du, “ezta animaliarik ere”. Ur depositua betetzeko ura, kilometro batez luzatzen zen tuberiatan barrena etortzen zen. Aspaldiko urteetan baliogabetuta dago depositu hura. Ur deposituaren ondoan, baserriaren atarian, arropak garbitzeko lixiba putzu bat zuten eta bertan garbitzen ziren anai-arrebak, barruan sartuta.

Asteasuko herrigunea, baserritik ordubetera
Asteasuren mugen barruan egonagatik, Andezarraten, Aia aldera kokatzen da Azkonobieta baserria, “Aia herriarekin muga samarrean. Izatez asteasuarrak izanagatik, erdi aiar ere bagara neurri batean. Baserritik Aiara eramaten genuen esnea, ez Asteasura. Ogia ere Aiatik ekartzen genuen. Asteasu herria baserritik ia ordubetera geratzen zitzaigun oinez.  Asteasura jaisten ginenean asto gainean egiten genuen, mendi eta erreka bazterretatik, baita Aiara ere”, azaldu du zazpi urterako astoaren gainean joan-etorriak egiten hasi zen Joxe Antoniok. “Astoak erakutsi zidan niri Asteasurako bidea. Aiakoa ere ederki ezagutzen zuen”, zehaztu du.
Baserrian lan asko zutenez eta herrigunetik urrun zeudenez, ez zitzaien eskolara joatea egokitu. Hala ere, boladaka etxera etortzen zitzaien irakaslea. “Maisu erdaldun bat etorri zitzaigun aurrena eta Lazkaoko andereño bat gero. Haiek erakutsi ziguten irakurtzen eta idazten”.
Joxe Antonio 15 urte bete arte bizitu zen baserrian. Handik arrebaren etxera joan ostean, Usurbilko fabrika batean hasi zen lanean. Amasa-Villabonan bizi da egun, 1978an ezkondu geroztik.

Koltxoiak, ederki aprobetxatuta
Azkonobieta baserrian 14 anai-arreba jaio eta bizitu ziren, familia handia, dudarik gabe. “14 senideak eta gurasoez gain, maisu edo maestra eta aitarengana basoko lanetara etortzen zen kanpotarren bat ere beti izaten zen gure etxean. Babarruna baino, babarik ez zen sekula falta izaten. Hori bai, arrautzak edo sardina zaharrak hiruzpalau puskatan zatituta jaten genituen. Asko ginen eta guztion artean banatu behar izaten zen jatekoa”. Baserri handia izanagatik, biztanleak gehiago ziren. Zuten tokia ondo aprobetxatzea egokitu zitzaien, beraz. “Bederatzi ohe zeuden guztira baserrian eta ohe batzuetan hiru edo lau batera sartzen ginen, batzuk goitik behera eta besteak behetik gora jarrita. Ederki aprobetxatzen genituen koltxoiak”, azaldu du elkarrizketatuak. Hainbesteko koadrila izateak, ordea,  alde on asko ditu; besteak beste, ume zirela ez zuten auzokoen beharrik jolastu ahal izateko, “nahikoak ginen gure artean”. Jolasen artean, gurdia erabiltzen zuten maiz kulunkan ibiltzeko, hiru edo lau kide gurdiaren atzean eserita. Pirikarioa ere gustuko jokoa zuten: burdinezko gurpilari alanbrearekin bultzaka ibiltzen ziren mandioaren bueltan, gurpila tente ahalik eta denbora gehien mantentzen saiatuz.

Lana nonahi, egiteko gogoa baino gehiago
Soro eta baratze handia zuten Azkonobieta baserriaren atarian arrutitarrak ume eta gaztetxo zirela. Ume ziren garaian, baita garia ere. Animalien artean, behi eta idiez gain, bizpahiru asto ere bazituzten. Lana nonahi izaten zutela dio Joxe Antoniok, “lana beti, egiteko gogoa baino gehiago”. Dolarea ere bazuten Azkonobietan eta etxeko sagarrarekin etxerako adina sagardo egiten zuten garaia egokitzen zenean, “sagarra baldin bazen, noski. Bestela ura izaten zen”, aipatu du irribarretsu.

Egungo Azkonobieta baserria
Olano Goikoetxea familia bizi da egun Azkonobieta baserrian. 2001 urtean erosi egin zuten eta orduz geroztik, ahal duten heinean, euren kabuz ari dira etxea berritzen.
 Baserriak historian izan zituen hainbat funtzioren berri ezagutzen dute egungo biztanleek, “errota eta garai batean eskola ere bazela bagenekien. Tarteka baserrian jaiotako arrutitarrak etorri izan zaizkigu etxera eta haien bidez jakin dugu, esaterako, non ematen zituzten eskolak edo non zegoen maisu-maestraren logela”, azaldu du bertan bizi den Nerea Goikoetxeak. Egun, baratze koxkor bat zaintzen dute baserriaren atzealdean, “lau ume ditugu eta gure nahia ondorengoek ere baserriari jarraipena ematea litzateke. Ea aukera horren alde egiten duten”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!