Hemendik aurrera, beraz, landa lana egitea dagokio udal gobernuari. 50 neurriak zein auzoetan jasotako proposamenak lau urteko programa estrategikoan jasoko ditugu, eta martxan jartzen hasi. Udal gobernuaren asmoa da proposamen bakoitzaren berri ematen joatea webgune eta sare sozialen bitartez, eta, tarteka auzoetan burutuko diren topaketen bitartez.
Bilera hauek amaituta, Udal gobernua partaidetzaren filosofian berresten da. Batzuetan gozoak ez diren gauzak entzun behar badira ere, udal politika herritarrei hurbiltzea guztiz positiboa iruditzen zaigu. Zentzu horretan, parte-hartze dinamikak eta bitartekoak ugaritu behar ditugula uste dugu eta horretan jarriko dugu gure arreta. Udal gobernuak parte-hartzea sustatzeko ezinbestekoa iruditzen zaigun "Partaidetza ordenantza" osatzeko konpromisoa hartzen du eta, onartzearekin batera, baita martxan jartzea ere. Ezinbestekoa da demokrazia ordezkatzailetik demokrazia parte-hartzailerako bidea jorratzen segitzea, Andoain denon artean garatzea baita, ongizateari begira, biderik zentzudunena".