Bertsozaleen bilkura Andoni Egañarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 16a, 14:09

Andoni Egañak, txapelketa gaitzat hartuta, aurreko ostegunean hitzaldia eskaini zuen  Errekaburu elkartean. Andoaingo bertso eskolak antolatutako saioa izan zen. Mintzaldia adi-adi jarraitu zuten entzuleek; horien artean zeuden Andoaingo bertso eskolako partaideak eta Gipuzkoako txapelketan lehian diren zenbait bertsolari gazte; hala nola, Ane Labaka, Oihana Iguaran, Haritz Mujika, Mikel Artola eta Unai Mendizabal.

Afari merienda prestatu zuten bertso eskolako kideek, eta segidan hitzaldia tertulia gozoan bilakatu zuten. Hitz eta pitz, ordu txikietan amaitu zen ekitaldia. Harrigarria badirudi ere, ez zen bertsorik entzun; bai ordea, gogoeta, iritzi eta pasadizu jakingarriak.
Bertsolari txapelketen historia eginez hasi zen Egaña hizketan: Euskal Herri mailan 1935 eta 1936an ospatu ziren lehenbizikoak, 60ko hamarkadan hasi eta 1982ra bitarte Euskaltzaindiak antolatu zituenak. Geroztik Bertsozale elkartearen eskutik egin dira.
Bertsolarien eta bertsozale elkartearen baitan txapelketen inguruko eztabaida beti gertatu izan dela adierazi zuen: “Bada adostasuna horretan, funtzioaren bat betetzen duten heinean direla baliagarriak, alegia”. Zenbait arrazoi aipatu zituen oniritzia indartzeko: “Antolakuntzaren ikuspuntutik, bertolaritzari hauspoa ematen diote, belaunaldi berrien erakusleiho bihurtzen dira, munduan zehar dabiltzan inprobisatzaile edo ikertzaleentzat ere foko garrantzitsuak izaten dira, eta, bestalde, azken hamabost urtetan ikusi da euskal kulturako beste eragileak (dantzariak, antzerkigileak, idazleak...) erakartzeko balio izan dutela”.
Bertsolariei txapelketek eragiten dizkien onurak gogoratu zituen: “egia da ezinegona sortzen diola eta gainera pentsatzen duela ea epaitua izateko zertarako sartuko den zirko horretan. Baina, aldi berean, bertso eskolan dabilen horri bere burua neurtzeko eta bere bertso kalitatean jauzi bat emateko aukera egokia bihurtzen zaio txapelketa. Egia esateko, bertsolariak nahiko alferrak gara eta txapelketarik gabe askoz ere gutxiago elkartuko ginateke, askoz ere lan gutxiago egingo genuke geure buruarekin eta kideekin”.

Bertsoa neurtzearen injustizia
Jardun artistikoak, bertsolaritza barne, ezin dira zenbakietara eraman; subjetiboa da horiek neurtzea. Dena den, eta nahiz eta aitortu kontraesana dirudiela, bertsoak neurtzearen aldeko agertu zen Egaña. “injustua da epaimahi batzuren esku uztea, baina nolanahi ere, nik neurgailuetan sinisten dut, nahiz eta txarrak izan. Bertsolaritza sistema feudalean eroriko bailitzateke gainerakoan, guapoenak, graziadunenak edo ez dakit zeinen koinatuak nabarmentzeko moduan. Neurgailurik gabeko gizartea da dagoen gauzarik txarrena. Neurgailuek, gutxienez, besteekin alderatzen zaituzte, ahalik eta parekotasunik handienarekin”. Bestalde, atzoko eta gaur egunean bertsolari gazteek bertsoan jarduteko orduan topatzen dituzten baldintzak izan zituen hizpide. “Asko igo da kantitate eta kalitatea, eta zailagoa daukate gaurko gazteek. Iraganean, gazteen txapelketen antolatzaileak bertsolarien bila ibiltzen ziren ia etxez etxe. Nik 22 urterekin Lizardi saria irabazi eta jada “pertsonajilloa” bihurtu nintzen; berehala hasi nintzen bertsolari handiekin (Lopategi, Amuriza...) kantatzen. Ezinezkoa da gaur egun hori gertatzea. Bertso eskolarik-eta ez zegoenean, abiatzea zen zaila eta erraza iristea. Gaur egun, ordea, abiatzea da erraza eta zaila iristea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!