Zuhaitzak herritarrentzat arazo bihurtzen direnean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 16a, 14:07

Andoaingo Udalak bi asteotan auzoz auzoko bilera irekiak deitu ditu, Udalak agintaldi honetarako dituen erronka nagusiak azaldu eta herritarren ekarpenak jaso asmoz. Ura azpiegiturarekiko kezkaz gain, bilera ezberdinetan herritar batzuk zuhaitzen tamainarekin edota zuhaitzek botatzen duten erretxinarekin kezka agertu dute. Irtenbideak eskatu dizkiote Udalari.

Bazkardo auzunean, zuhaitzen tamaina dela eta, adarrak etxebizitza sail handietako gaialderaino iristen ari dira. Zuhaitzen adarrek arazoak sortzen dituztela salatu zuten bizilagun batek baino gehiagok, urriaren 7an Berrozpen deitu zuten bileran. Bazkardoko espaloietan zuhaitzak aurki daitezke ere, eta horiek oinezkoen ibilerari oztopoa eragiten diote. Urriaren 13an, Karrika-Etxeberrieta auzuneetako bizilagunekin egindako bileran, zuhaitzak askoren ahotan izan ziren. Zuhaitzek auzune horietan bi eragozpen edo arazo sortzen dituztela adierazi zuten. Batetik, Berrozpen gertatu bezala, zuhaitzen tamaina handia. Bereziki nabarmena da Karrika kaleko 6. zenbakiaren parean. Bilera horretan gobernu taldetik erantzun zutenez, zuhaitz handien kimaketa udazkenean egin behar da. Azaroan hasiko dira, eta lehen esku hartzea Bazkardon egingo dute. Handik beste auzune batzuetara joango dira kimaketa lanak egitera.
Bestetik, uda hasieran Aiztondo kaleko zuhaitzen erretxinak espaloiak zikindu eta aparkatuta dauden ibilgailuak kaltetzen dituela salatu zuten Karrikako bileran. Ibilgailuen kasuan, gainera, nekez kentzen omen da ibilgailuen leiho edota karrozeriara itsasten den erretxina hori.
Biak ala biak Udal teknikariek aztertu beharreko eskaerak dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!