Abenduaren 19an jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala eta ez 20an, hasiera batean iragarrita zegoen moduan. Egun horretarako Espainiako hauteskundeak deitu dituzte eta horren aurrean finala egun batez aurreratzea erabaki du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Gainerakoan ez da aldaketarik, Ilunben izango da saioa, arratsaldeko 17etan hasita eta zortzi bertsolarik hartuko dute parte.
Horrekin lotuta, asteazkenetik, urriaren 21etik aurrera salgai jarriko dira finalerako sarrerak. Gainerako saioetarako bezala, sarrerak internetez eros ahalko dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Horrez gain, herrialdeko hainbat lekutan ere salgai egongo dira finalerako sarrerak. Bertan, azaroaren 20ra arte egongo dira salgai: Andoainen Ganbara taberna eta Ernaitza liburu-dendan eta Villabonan Amasa kafetegian.
Gaztetxoen sarrera 10 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 15 euroan, eta gainerakoena 20 euroan.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hurrengo saioa urriaren 24an jokatuko da, Urretxuko Ederrena pilotalekuan, arratsaldeko 17:30ean. Final laurdenetako lehen saioa izango da eta bertan honako bertsolariek kantatuko dute: Agin Laburu, Asier Azpiroz, Beñat Iguaran, Eli Pagola, Jexux Mari Irazu eta Nerea Elustondo.