Andoain Hiri Txartela

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 15a, 13:46

Salkin elkarteak "Andoain hiri txartela"ren aurkezpena egin zuen aurreko ostiralean, Udal ordezkariak eta Rural Kutxako arduradunak bertan zirela. Hilabete luzez landutako egitasmoa da, eta dagoeneko martxan dago. Hainbat erosketa egiteko garaian abantailak eskainiko zaizkio txartelaren jabe denari, eta gero eta Udal zerbitzu gehiagorako baliagarria izango da.

Dendetan eta ostalaritzan deskontuak eskaintzeaz gain, Udal zerbitzuetarako baliagarria izango da. Hiribusa, kiroldegia, liburutegia… Etorkizunean txartelaren erabilera Andoaingo zerbitzu guztietara zabaldu nahiko lukete.

“HERRIAN BERTAN EROSKETA
EGITEA SUSTATU NAHI DUGU”
Ana Carrere alkateak txartelaren eta herriko merkatarien aldeko hitzak eskaini zituen, Urigainen egin zuten agerraldian: "Udalaren aldetik erosketak herrian bertan egitea sustatu nahi dugu. Andoainen kontsumitzea kalitatea, hurbiltasuna eta kofidantzaren berme delako". Balio erantsia eman nahi izan diote txartelari, "merkataritzarako ez ezik, etorkizunean Andoaingo udal zerbitzu guztietara zabaldu nahi dugulako".
Hitza beste eragileei eman aurretik, elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen, "txartela martxan jartzeko prozesu guztia elkarlanean egin da eta hori nabarmentzea garrantzitsua da. Egitasmoa aurreko agintaldian Merkataritza mahaian abiatu zen merkatariak, Udal teknikariak eta alderdi guztiak bertan ordezkaturik zeudela".
“txartelak herriari ere
bultzada emango dio”
Salkin elkarteko Garikoitz Plazaolak ere elkarlana ahotan izan zuen, erronka berri bat parean zutela gogorarazteko: "Udalarekin eta Caja Ruralekin elkarlanean aritu gara, eta orain katebegi garrantzitsuena falta zaigu: herritarrak. Horren bila joango gara eta Salkineko kide guztiok horri heldu beharko diogu". Dendarientzat garrantzitsua izan da txartelaren sorrera eta zabalkundea: "Herriko merkatariak jabetu gara egitasmo bat osatzen dugula denon artean: hurbiltasuna eskaintzen duen salerosketarako gunea da gurea. Txartelarekin hurbiltasun horri lotutako abantailak areagotuko dira. Merkataritza eta ostalaritza negozioak indartuta aterako direla iruditzen zaigu eta gure negozioen irudi berri eta profesioanalagoa emateko lagungarria izango da". Plazaola ziur da herritarrak bere beharrak asetzeko ez duela zertan etxetik mugitu behar. Alde horretatik dendariek irudi bat zabaltzen lagundu behar dutela uste du, "herritarra jabetu dadin etxe ondoan zentro komertziala baduela, guk merkatari guztiok zentro komertziala osatzen baitugu". Merkataritzatik haratago, Ernaitzako jabeak Andoain bera indartuta aterako dela uste du: "Ez gara nortasun handiko herria, nire iritziz. Eta uste dut hiri txartelak Andoain herriari bultzada ematen lagunduko diola".

“TXARTELA, TRESNA INDARTSUA”
Rural Kutxako Gorka Iturriak txartelaren xehetasunak eskaini zituen. Finantza erakundearen parte hartzea horrela deskribatu zuen: "Udalak eta Salkinek garatutako txartelaren bazkide teknologikoak gara. Txartela merkatarien esku jartzen dugun tresna indartsua da, merkatarien lehiakortasuna areagotzeko baliagarria izango dena. Tamaina handiko egitasmoen aurrean, tamaina txikikoek garrantzia bera izan dezakete. Eta zergatik ez handiek duten irudi berbera edo haien bezain irudi profesionala eskaini?".
Kontsumo arduratsua egiten duenarentzat, txartela "sari" modukoa dela gaineratu zuen.

TXARTELA

Ezaugarriak
• Doako txartela da.
• Erosketa hiru hilabeteko epean ordaintzeko aukera eskaintzen du, inongo kostu erantsirik gabe.
• Izaera unibertsala du, ordainketak egiteko garaian edonon erabili ahal izango baita.
• Txartela eskuratzeko ez da Ruraleko bezeroa izan behar. Bakoitzak bere finantza erakundean txartel hori eska dezake.

Non eskatu
• Rural Kutxako bulegoetan, Udal bulegoetan eta Salkineko dendetan.

Helburuak
• Erosleei abantailak eskaintzea.
• Herritarrei zerbitzua hobetzea.
• Udal instalazioetara sartzeko sarbidea ematea.
• Merkataritza bultzatzea eta sare sozio ekonomikoa garatzea.
• Salkinen irudi profesionalagoa ematea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!