Diasporako bertsolariak etorriko dira gurera asteazkenean. Lehenik, Bertsozale Elkartea, Mintzola Fundazioa eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa ezagutuko dituzte; San Frantziskoko Euskal Etxeko Frantxua Bidaurreta etorriko da, Martin Goicoetchea eta Johnny Curutchet bertsolariekin batera. EKEko Pantxoa Etxegoien eta Daniel Landart ere hurbilduko dira egoitzara.
Arratsaldean bertso-saioa eskainiko dute disporako bertsolariek eta Euskal Herrian bizi direnek: Martin Goicoetchea eta Johnny Curutchet ariko dira Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin batera, Karlos Aizpurua gai-jartzaile lanetan dela. Subijanan izango da saioa, 19:00etan, eta sarrera doakoa da. Mintzola Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatu dute saioa.