Andoaingo motor festa, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 9a, 11:17

Motozaleen bilkura izango da urriaren 17an Andoainen, “II. Andoain Motorfest” jaia antolatu baitu Andoaingo Motorzaleak elkarteak.

Andoaindarrak motorrak berotzen dabiltza dagoeneko. Lehengo urtean proba moduan egindako jaialdiari jarraipena emanez, aurten egunpasa “osatuagoa” antolatu dute. Goizean, Lekunberri, Uitzi, Leitza, Doneztebe, Lesaka, eta Oiartzundik buelta eginda, Goiburu auzora joango dira. Bertan bazkaldu eta, arratsaldean, jolasak egingo dituzte. “Goiburun ez da erraza jokoak motoekin egitea, arriskutsua izan daiteke”. Beraz, moto gabeko jolasak egingo dituzte giroa pizteko: txingak, koskola apustua, harri jasotzea… “Gure helburua jendea gustura sentitzea eta ondo pasatzea da”, azaldu dute Motorzaleak elkarteko kideek.
Festa honek gainontzeko elkarteekin biltzeko aukera ematen die. Antolatzaileen ustez, motoan ibiltzeko urte osoa izaten dute, baina horrelako bilkurek harremanak egiteko eta zaletasun bera duten jende gehiago ezagutzeko balio diete. Dena den, Goiburura jaialdian egon ez den jendea ere animatzera espero dute: “Egunean zehar motozaleak bilduta egongo gara, baina arratsaldetik aurrerakoa herriko jendeari irekita egongo da”.

Eskerrak laguntzaileei
Hilabeteetan lanean aritu dira egun hau antolatzeko eta lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. Oso eskertuta daude San Estebango Gazte Asanbladarekin, lana erdibana egiteko prest agertu direlako eta antolaketa “asko” erraztu dietelako. “Auzoarentzat ere onuragarria izango da, festa bertara eramango dugulako. Oso ondo portatu dira eta eskertu beharrean gaude”. Bestalde, Udalak ere interes handia jarri duela azaldu dute, eta egungo egoera ekonomikoa ikusita, emandako laguntza eskertu nahi dute. Azkenik, beren neurrian lagundu duten herritarrei ere eskerrak eman dizkiete.
Parte hartzaileei mezua
Izena emateko azken eguna urriaren 13a izango da. Parte hartu nahi dutenek kontuan hartu beharko dute 150 laguneko muga ipini dutela. Beraz, izen-ematea azken eguneraino ez uztea gomendatu dute. 20 eurorekin festan parte hartu, bazkaldu eta kamiseta lortuko dute. Olajaunan edo Laboral kutxako kontuan eman daiteke izena.

Egitaraua
09:00    Zumea plazan bildu, kamiseta banaketa
10:00    Ruta irteera
13:30    San Estebanera iritsi eta poteoa
14:30    Bazkari popularra
17:30    Sari banaketa, jokoak, opari zozketa…
19:30    Lemon Twist taldearen kontzertua
23:00    Overloud kontzertua
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!