Herri kirol lehia eta auzo antzerkia Xoxokako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 9a, 10:49

Asteartean idi-probak egin zituzten eta zahagi-ardoaren ondoren auzotarren algarak piztu zituen antzezpena egin zuten gazteek. Arratsaldeko idien arteko desafioan Barriola asteasuarraren idiak Joxe Elola andoaindarraren idien aurretik nagusitu ziren. Aurtengoan sexuarekin lotutako sekuentzia barregarriak eta pikanteak antzeztu zituzten  Xoxokako gazteek, gau partean.

Argazkiak | Bideoa

Joxe Elola andoaindarraren (Egues baserria) eta Joxe Barriola asteasuarraren idiak jarri zituzten lehian, 1.400 kiloko harriarekin nork plaza gehiago egin, 20 minutuko tartean. Ibarrolarenak 42 egin zituzten, 33 Elolarenak. Itzain bezala, idi irabazleekin Barriola bera eta Aitor Matxain errenteriarra aritu ziren; galtzaileekin, berriz, Luis Mari Matxain errenteriarra eta Imanol Pagola hernaniarra.
Gau sorpresa
Urtero legez, antzerki parodia burutu zuten Goiburu auzoko gazteek astearte gauean. Emakumezkoak eta gizonezkoak ariketa ezberdinak (estilisten esku jartzea, masajeak ematea, dantzan aritzea...) egitera jarrita bikoteak osatzea xede duen telebistako programa horietako baten aitzakia hartu zuten horretarako, eta umorea, grazia eta bat-batekotasuna gainezka izan zen Xoxoxako plazan. Sexuarekin lotutako sekuentzia barregarriak eta pikanteak antzeztu zituzten gauean zehar, eta algarak eragin zituzten ikusleengan, ordubere iraun zuen ikuskizunean. Euriari aurre egitea merezi zuela pentsatuz itzuli ziren etxera ikusleak, zalantzarik gabe.
Benetan badute meritua auzoko gazteek, urtero-urtero ohitura horri eutsiz. Antzerkian batere trebatu gabeak izan arren, lotsak zokoratu, eta ederki animatzen dira jendaurrean antzeztera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!