Andoain eta herritartasuna gazteen ahotan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 9a, 10:09

Joaten ari zaigun 2015 urte honetan Andoainen iraganari keinu ugari egin zaizkio. Etorkizunera begira, andoaindartasuna hizpide hartuta, Aiurrik gazte belaunaldietara jo du iritzi eske.

Maddi Etxeberria
“Andoaindar izaeraz harro egoteko baliagarria da”

  1. Andoaindartasuna indartzeko baliagarri iruditu al zaizu mendeurrena? Bai. Uste dut jendeari asko lagundu diola herriaren historiaz ohartu, eta andoaindar izaeraz harro egoteko. Ekintzek garai bateko errealitatea islatu dute modu askotan, eta euskaldunoi festa giroa gustatzen zaigunez, festa giroan eginiko ekitaldiak ezinhobeak izan direla iruditzen zait. Horrek, herrian jendeak presentzia handiagoa izatea ekarri du, eta, ondorioz, herri-giroa sustatu da.
  2. Urtean zehar egin diren jardueretan parte hartu duzu. Zein izan da zure esperientzia? Parte hartu dudan ekitaldi potoloena, Guduaren antzezpena izan da. Bai Guduan eta bai gainontzeko ekitadietan izugarri disfrutatu dut. Jende berria ezagutzeko aukera ere eman dit, eta herriaren erantzuna ere oso ona izan da. Ondorioz, esperientzia guztiz positiboa izan da.
    Lastima, bosgarren mendeurrenean ziurrenik ez naizela hemen izango.
  3. Etorkizunera begira horrelako ekitaldietan egoteko asmoa/borondatea ba al duzu? Inolako dudarik gabe. Batetik, lehen esan bezala, herri-giroa sustatzen duten ekitaldiak direlako. Bestetik, disfrutatzeko aukera ematen digutelako, eta azkenik, lagunekin zein jende berriarekin harremantzeko aukera ederra direlako.

Unai Ormaetxea
“Elkarbizitza indartzeko aproposa izaten ari da”

  1. Andoaindartasuna indartzeko baliagarri iruditu al zaizu mendeurrena? Oreretan jaio banintzen ere beti sentaitu izan naiz andoaindar, eta gaur egun bertan egiten dut bizia. Mendeurrenagatik herrian aurrera eramandako dinamikekin adin ezberdinetako jendea elkartzea lortu dutela uste dut eta hori aberasgarria iruditzen zait. Bizi garen herriaren irudi positiboa eraikitzeko baliagarria iruditzen zait, bai eta elkarbizitza indartzeko aproposa ere.
  2. Urtean zehar egin diren jardueretan parte hartu duzu. Zein izan da zure esperientzia? Andoaingo Guduaren antzezpenean hartu nuen parte, Nikolas pertsonaiaren paperean, beste hainbat jenderekin batera. Esperientzia oso polita izan zen, eta niretzat hainbeste jenderekin eta hain baliabide anitzekin egindako lehen antzezlana izan zen. Oso modu ona da gure herriaren historia ezagutzera emateko, liburuetako orrialdeetatik atera eta kaleetan barrena irudikatzeko.
  3. Etorkizunera begira horrelako ekitaldietan egoteko asmoa/borondatea ba al duzu? Asmoa beti dago hor eta gauza desberdinak egiteko gogoa ere bai. Nik jendea animatuko nuke, bitan pentsatu gabe, herrian antolatutako ekimenetan parte-hartzera. Izan ere, jenderik ezean, ez dago era honetako ekintzak antolatzerik. Errazena gauzak prestatzen hastea da, zailagoa da horri eustea, baina ahaleginak ematen ditu bere fruituak.

 

Itsaso Mungia
“Ez naiz Guduaren errepresentazioa egitearen aldekoa”

  1. Andoaindartasuna indartzeko baliagarri iruditu al zaizu mendeurrena? Egia esan herrian halako guda izan zen ezagutzarik ez nuen. Herrian zehar banatutako informazio aldizkariari esker edota nonbait irakurri izanaren ostean jakin nuen Andoaingo Guduaren historia eta detaileak. Hori jakiteak ez nau andoaindarrago egiten, baina bai esan dezaket andoaindar izateak beste zentzu bat hartzen duela geure historia guztia jakin ostean. Eta horretan bai, positiboa izan da mendeurrenaren ospakizuna.
  2. Urtean zehar egin diren jardueretan parte hartu duzu. Zein izan da zure esperientzia? Herri antzerkian musikari bezala hartu nuen parte. Entseguak gogorrak izan ziren, ordu asko eman genituelako Basteron sartuta. Baina merezi izan zuen ikuslegoa oso gustura geratu baitzen. Azken emaitza horrekin oso pozik geratu nintzen, eta alde horretatik esperientzia positiboa izan zen niretzat.
  3. Etorkizunera begira horrelako ekitaldietan egoteko asmoa/borondatea ba al duzu? Etorkizunera begira ez dut asmorik ekitaldietan parte hartzeko. Ni nire iritzian ez naiz Guduaren errepresentazioa egitearen aldekoa, bertan egondako eta hain gogor borrokatu zuen jendearen ohorea zikinduarazi egiten duela uste baitut. Gerra bat ez da positiboa, jakinda ezer ospatzeko ez dagoela.
    Nire ustetan hobea izango zen ikus-entzunezko bat lantzea, non andoaindar aitzindarien duintasuna goresten den, edota monumentu bat beraien omenez altxatzea.
    Jendea horrelako ospakizunetan ondo pasatzera joaten da, espektakulua ematera, eta ahaztu egiten da hor atzean egon zen sufrimendu, borroka eta min guztia. Hori ez da inoiz errepresentatu ahal izango, nik uste iraganeko gudari haien duintasunarekin, sufrimenduarekin eta minarekin jolasten ari direla.

 

Ane Amutxastegi
“Lehen aldia izan da herri identitatea landu dena”

  1. Andoaindartasuna indartzeko baliagarri iruditu al zaizu mendeurrena? Nire iritziz, andoaindarrok ez daukagu herriarekiko harrotasun sentimendu hori inguruko beste herrietan dutena bezalakoa. Baina nire ustez, lehen aldia izan da herri modura, identitate hori landu dena. Beraz, bai, baliogarri egin zait. Hala ere, mendeurrena aitzakia ona izan bada ere, iruditzen zait, gehiago landu beharko litzatekeela; bi norabidetan, herritik zein instituzioetatik.
  2. Urtean zehar egin diren jardueretan parte hartu duzu. Zein izan da zure esperientzia? Urte hasieran egin ziren hitzaldietara eta antzerkira joan nintzen eta Andoaingo Guduan parte hartu nuen. Ekintza interesgarriak iruditu zaizkit, gure herriaren historia ezagutzeko baliagarriak izan direlako. Baina, ez dut uste ekintza puntual batzuk kenduta, oro har, herriaren osotasunera heltzea lortu dutenik. Egia da gurea ez dela oso herri parte hartzailea orokorrean, baina gabezia horri aurre egitea lortu behar dugu.
  3. Etorkizunera begira horrelako ekitaldietan egoteko asmoa/borondatea ba al duzu? Etorkizunean antzeko ekitaldi gehiago antolatuko balira, eta neure gogokoak badira, parte hartuko nuke. 

 

Igor Bere
“Herritar guztion partaidetza sustatu behar dugu”

  1. Andoaindartasuna indartzeko baliagarri iruditu al zaizu mendeurrena? Mendeurrena ospatzea oso interesgarria izaten ari da. Gure herriarekiko dauzkagun sentimenduak indartzeko eta herriari bultzada txiki bat emateko.
  2. Urtean zehar egin diren jardueretan parte hartu duzu. Zein izan da zure esperientzia? Antolatu ziren hitzaldiak oso lagungarriak izan ziren herriari buruz eta 400 urte hauei buruz gehiago jakiteko. Hizlariak kategoriakoak izan dira. Inauterietan hainbat konpartsek keinu bat egin genion mendeurrenari, esaterako; Izartxon lau mendeak gogora ekarri genituen: burdinaren ferroiak, jauntxoak, karlistadak eta plazaolako trenbidea.
    Bestalde Andoaingo Guduaren antzezpenean parte hartu dut Karlisten taldean. Armak nire gustukoak ez izan arren, asko disfrutatu nuen beste hainbat herritarrekin batera Andoain herriko gertakizun garrantzitsu hau gaurko egunetara ekarriz. Sekulako ikuskizuna izan da.
  3. Etorkizunera begira horrelako ekitaldietan egoteko asmoa/borondatea ba al duzu? Bai noski, nahiko saltsatan sartuta banago ere, uste dut herritar guztion partaidetza sustatu behar dugula. Lerro hauen bidez jendea animatzen dut parte hartzera eta orain arte egin diren ekintzen antolatzaileei zoriontzea besterik ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!