“Geroz eta maila handiagoa daukate bertsolari gazteek”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 27a, 01:00

Irailaren 20an hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Beasainen. Abenduaren 20ra arte, ia etenik gabe, saioak izango dira asteburuetan Gipuzkoako herri ezberdinetako antzokietan.

Beterri-Aiztondo eskualdeko bost bertsolarik hartuko du parte txapelketan. Oihana eta Beñat Iguaran amasarrek, Unai Mendizabal zizurkildarrak eta Haritz Mujika asteasuarrak lehen aldiz eman dute izena, Jexux Mari Irazu larrauldarra, berriz, ezaguna da txapelketan, orain lau urte ere finaleko saioan aritu zen, seigarren postua eskuratuz. Orduko hartan finalean abesteko ateetan geratu zen Amaia Agirre billabonatarra; aurtengoan, berriz, ez du bertsolari gisa parte hartuko, bai antolaketan. Abiatu berri den txapelketaren inguruan hitz egin du Amaiak.

Lasaiago jarraituko al duzu txapelketa taulatuaren azpialdetik, entzule gisa?
Dudarik ez da lasaiago jarraituko dudala entzule bezala, eta Bertsozale Elkarteko langilea naizenez, antolakuntzan ere laguntzen arituko naiz eskatzen zaidan neurrian.

Aurtengoan taula gainean lau ordezkari dituzula esan daiteke. Zer eragiten du bertso eskolan zurekin ikasi duten eskualdeko lau bertsolariak lehen kanporaketa saioak gainditu eta txapelketako oholtza gainean ikusteak?
Poza eta harrotasuna ere bai. Urduritasun uneak ere bizi izan ditut lehenengo saioan aritu baitira horietako batzuk, baina egia esan oso lan txukuna egin dute. Eta eurak ere gustura egoteko moduan dira.  

Besteak beste, Haritz, Oihana, Unai eta Beñat umetxo zirela hasi ziren bertso eskolan zurekin eta indartsu datoz plazara. Irakasle ez ezik, lagun eta bigarren amatzat ere bazaituzte…
Ez dugu barre gutxi egin eskaini zizkidaten agurren harira. Oso harreman berezia da gure artean daukaguna. Lehen irakasle eta ikasle ginen, baina urteak dira elkarren lagun eta Harituz taldeko bertsokide garela, eta bertsoak lotzen gaituen arren lagun giroak elkartzen gaitu askotan. Baliteke eurek niganako zor txiki bat sentitzea, baina nik ere badaukat eurei zer eskertu. Bertso eskola askotan ibili naiz baina ez dut horrelako talde berezirik izan, hainbeste denboran talde giroari eutsi diotenak. Orain bakoitzak bere bidea egin behar du, baina bakoitzak badaki besteak ere hor gaudela behar dugun eta gaituzten aldiro, eta hori oso aberasgarria eta polita da.

Berrogeita hiru bertsolarirekin abiatu da txapelketa. Zer nolako maila sumatu duzu abialdian?
Geroz eta maila handiagoa daukate bertsolari gazteek, eta hori antzemango da aurtengo txapelketan ere. Gaztea beti bultzaka dator eta lekua egin nahi du, eta gogor entrenatzen ari dira. Udaberriko saioetatik udazkeneko saioetara badago aldea, bai maila aldetik, bai tentsio aldetik eta baita entzulearen eskakizun mailari dagokionez ere. Gero ikusi egin behar bakoitza bere maila emateko gai den ala ez. Denok dakigu zer den txapelketa, eta beti ez da erreza izaten bi ordu eta erdian bakoitzaren onena oholtzan ateratzea.

Azti lanetan jarrita, nola aurreikusten duzu aurtengo txapelketa? Sorpresarik izango al da?
Nik uste dut Euskal Herriko txapelketarako txartelaren lehian izen berriak sartuko direla, eta talde horretan sartzea ez da xamurra izango. Era berean, finalari begira, pare bat aurpegi berri ikusiko ditugula iruditzen zait, baina auskalo! Lehengokoak ez daude amore emateko eta oraingoek lekua egin nahi dute. Enbutua estutzen joaten da eta zirrikituak aprobetxatzen asmatzen duenak izango du aurrerako aukera.

Orain lau urte finalaren ateetan geratu zinen, pauso bakarrera. Aurten ez zara parte hartzera animatu, baina horrek txapelketarako ateak guztiz itxi dituzula esan nahi al du?
Hogei urte igaro ditut txapelketetan lehiatzen, eta nire burua nekatuta antzematen nuen. Beti izan diot sufritzeari beldur izugarria, eta aurtengorako ez nuen entrenatzeko asti handirik izango nuenik sumatzen, eta nire buruarenganako duintasunagatik eta entzuleari zor zaion errespetuagatik atsedena hartzea erabaki dut. Alde batetik gogo eta anbizio falta antzematen nuelako, eta bestetik nire bizitza pertsonalean beste etapa eta garai batean nagoelako. Txapelketa batera joateko barrutik eta buruz indartsu egotea ezinbestekoa dela iruditzen zait, eta ni zoritxarrez ez nago nire onenean. Bertso saioetan gozatzen ari naiz baina txapelketa beste erantzukizun bat da. Ez dakit lau urte barru berriz ere aurkeztuko ote naizen. Urrun ikusten ditut data horiek. Baina nork daki! Nire bizitzak azken bi urteotan aldaketa asko jasan ditu eta datorren lau urteotan pentsa! Jejeje.

Eskualdeko bertsolariak bigarren fasera sartzeko bidean
Irailaren 20an Beasaingo Usurbe antzokian eman zitzaion hasiera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final zortzirenari. Lehen saio hartan eskuratu zuten bertsolariek orain arteko puntu kopururik altuena. Jon Maiak lortu zuen lehenengo postua 456,5 punturekin. Ane Labakak bigarrena 444 punturekin.
Final zortzirenetako sei saioetan lehen postua lortzen duten sei bertsolariak zuzenean igaroko dira hurrengo fasera. Ondorioz, momentuz jakina da bertan izango direla Jon Maia (456,5), Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa’ (439,5), Beñat Lizaso (426) eta Manu Goigana (428) datorren asteburuko bi irabazleekin batera. Zuzenean sailkatuko diren bertsolariak ez ezik, puntu gehien eskuratu dituzten beste hamazazpi bertsolari ere igaroko dira hurrengo fasera. Datorren asteburuko emaitzak jakin ostean ezagutuko da, beraz, bigarren fasean abestuko duten bertsolarien zerrenda osoa.

Eskualdeko bertsolarien orain arteko sailkapena, postuaren arabera:

Unai Mendizabal Jauregi.
Zizurkil. 424 puntu. 10. postua.
Azpeitia, Soreasu antzokia. 2015-09-26

Oihana Iguaran Barandiaran.
Amasa. 423,5 puntu. 11. postua.
Elgoibar, Herriko antzokia. 2015-10-03

Beñat Iguaran Amondarain.
Amasa. 420 puntu. 13. postua.
Beasain, Usurbe antzokia. 2015-09-20

Haritz Mujika Lasa.
Asteasu. 409 puntu. 19. postua.
Beasain, Usurbe antzokia. 2015-09-20

Igandean Andoainen
Urriaren 10 eta 11n, Arrasaten eta Andoainen jokatuko dira final zortzirenen azken bi saioak. Igandean, 17:30etatik aurrera, Andoaingo Bastero Kulturunean arituko diren bertsolariak: Ibai Esoain, Gemma Urteaga, Jokin Uranga, Antton Fernandez, Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!