Lo hartzeko zailtasunak, bizkarreko mina, antsietatea, estresa edota giharrak gogortuta dituztenei zuzendutako ikastaroa jarri dute abian, bigarrenez, Larraulen. Txinako medikuntza tradizionaletik datorren terapia da, gorputz fisikoa eta energetikoa lantzen dituena. Arnasketaren bidez gorputzaren indarra mugitu eta oreka lortzean datza. “Gorputza orekatzen da; ez kanpotik soilik, baita barrutik ere: organoak, sistema nerbiosoa… Honela, norberaren burua zentratzen, arnasketa zabaltzen eta naturaren indarra gureganatzen ikasten da”, azaldu du irakasle lanetan ibiliko den Jone Arrospidek.
Ariketa terapeutikoak egiten dituzte astean behineko saioetan; luzatze ariketak eta erlaxazioa lantzekoak, besteak beste. Dena den, oinarrizkoena arnasketa lantzea denez, ariketa guztietan kontzientzia mugimenduarekin bateratzen dute. Hau da, mugimendua pentsamenduarekin lotuta, gorputza askatzea eta norberarengan konfiantza hartzea lortzen dute.
Teoria askorentzat arraroa izan daitekeen arren, praktikan erraz lortzen dela aitortu dute iazko ikastaroko parte hartzaileek: “Jonek erakusten dizkigun ariketen bidez, inkontzienteki gorputza askatu egiten da, eta bat-batean, makinaria bat martxan jarri eta funtzionatu egiten du: arnasa ondo hartzen duzu, lasaitu egiten zara…”, dio Aitziber Mendiolak.
Egunerokotasunerako baliagarri
Mirari baten gisan hitz egiten dute ikastaroan lortutakoaz, eta pozik daude gorputza orekatzea lortu dutelako. Askok, gainera, ikastarotik kanpo erabiltzen dutela azpimarratu dute, egunerokotasunean ere oso lagungarria zaielako. Jaione Ucinek noiz edo noiz etxean praktikatu izan du, eta gauetan izaten zituen lo arazoak Txikuni esker konpondu dituela azaldu du: “Noizbait lo hartu ezinik egon banaiz, ariketaren bat egin eta lo hartzeko balio izan dit”. Horrez gain, alabari ere erakusten saiatu da, “oso ondo” etortzen zaiolako momentu jakin batzuetan.
Eguneroko bizitzan erabilgarria dela uste dute larrauldarrek. Orokorrean, gorputza libreago eta energia gehiagorekin sentitzen dute, lehen egiten zituzten ekintza berak “esfortzu gutxiagorekin” egiten dituztelako. “Edozein mugimendu errazago egiten da, eta loa sakonago egitez denez, energia gehiagorekin eta guztiz deskantsatuta esnatzen zara”, adierazi du Aitziberrek. Rafaren ustetan, gainera, ariketek ez diete denei berdin eragiten eta bakoitzak bere onurarako erabiltzen ditu. Horrenbestez, egoera pertsonal bakoitzerako lagungarriak direla dio: “Nire kasuan, lortu dudan elastikotasuna estimatzen dut. Izan ere, zapatak arazorik gabe lotzea lortu dut. Tontakeria dirudi, baina nire adinean ohikoa izan daiteke hori”.
Guztiak gonbidatuta
Gazte edo heldu; euskaldun ala erdal-hiztun; guztiak ikastaroan parte hartzera animatu dituzte. Emaitzak “oso epe laburrean” lortzen direnez, Txikunek ekar ditzakeen onurez gozatzera gonbidatu dituzte gainontzeko larrauldarrak. Edozein adineko jendea eta edozein egoeratan dagoena joan daiteke: “Elbarri egonda ere, aulkian eserita ariketak egiteko aukera bada. Azken finean, gure kontzientziak mugitzen du gure bizitzako indarra eta horrek sendatzen gaitu”, jakinarazi du irakasleak.
Bestalde, euskara ulertzen ez duten horientzat ere irekita dagoela nabarmendu dute. Gehienbat euskaraz egiten duten arren, elkar ulertzeko arazorik ez dela izaten diote. Rafak dioenez, berak ez du ariketak ulertzeko arazorik izaten eta, gainera, euskaraz apur bat ikasteko ere balio dio ikastaroak.
Meditazioan sakonduz
Txikun teknikaren oinarrizko maila landu zuten iaz. Aurten ere lehenengo mailan jarraituko duten arren, meditazioan gehiago sakonduko dute. Norbera bere buruarekin egoten ikasiko dute, antsietate eta beldurrak alde batera utziz. Hala, ariketa gehigarriak egingo dituzte ikastaroan zehar.