Mintzanet, euskaraz on-line eta doan praktikatzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 8a, 13:25

Mintzanet, on-line, euskara praktikatzeko aukera ematen duen egitasmo bakarra da. Doakoa gainera. MaraMara taldearen baitan, Ainara Loiarte andoaindarra arduratzen da egitasmoa bideratzeaz.

Kontaiguzu, zer da Mintzanet egitasmoa?
Herri guztietan ezaguna da dagoeneko Mintzalaguna, mintza-praktika egiteko euskaldun zahar eta berriak biltzen dituen ekimena. Bada, Mintzalagunaren ildotik abiatuta, egitasmo horren on-line bertsioa litzateke Mintzanet, 2012ko abenduan abian jarri zena eta aurrekoaren osagarri dena. Batetik bidelariak leudeke, euskara praktikatu nahi duten pertsonak eta, bidelagunak bestetik, euskaraz dakiten pertsonak eta ez dakitenei laguntzeko prest daudenak, beraien denbora debalde eskainiz. Elkarrekin hitz egiteko, guk sortutako plataforma edota Skype erabil daitezke. Mintzalaguna egitasmoan, euskaldun zaharra berri bat baino gehiagorekin elkartu ohi da, oro har, txanda bakoitzean. Mintzanet egitasmoan, berriz, bidelagunak bidelari bakarrarekin hitz egiten du saioetan.
Ondorioz, zailtasun edo gabeziarik handiena bidelagunak aurkitzea izaten da. Praktikatu eta ikasi nahi duen jendea badago, baina praktikatzeko jendea falta zaigu, ordenagailuaren aurrean bat-batean aritu beharrak muga hori baitu.

Zein baldintza bete behar ditu bidelagunak?
Bidelagun izateko ez da zertan euskaraz alfabetatua izan beharrik, baina bidelariei gutxieneko maila eskatzen diegu, A2 / B1aren parekoa, elkarrizketa euskaraz ziurta dadin. Gutxienez hilean behin bidelariarekin elkarrizketa izatea eskatzen da, baina gehienek, astean behin edo bi astez behin egiten dute. Gutxienez ordu erdiko saioa izan behar du, baina normalean ordubete edota ordu eta erdikoak izaten dira, orduerdia motz geratzen baita.
Bidelagunari bere denbora librea eskatzen zaio eta bidelariari euskaraz hitz egiten askatzen laguntzearekin batera, harreman berriak egiteko aukera izaten du. Neroni ere bidelaguna naiz eta esperientziak merezi duela esan dezaket, bidelariak ekarpen ugari egiten duelako.
Mintzaneteko erabiltzaileek –bai bidegile nahiz bidelagunak–, teknologiarekiko gutxieneko jakintza behar du; besteak beste, e-maila, webgunea edo Skyperen erabilera ezagutzea… Baina ordenagailua erabiltzen ez duten eta ekimenean parte hartu nahi duten pertsonak artatzen ohituta gaude, behar dutenei laguntza eskaintzen diegu. Adineko pertsona batzuei, zaila egiten zaie martxa hartzea, baina, oro har, ez da arazorik izaten arlo horretan.

Zenbat kidek hartzen du parte egitasmoan? Zein profiletakoak?
Ekimena abian jarri zenetik 800 pertsona inguruk hartu du parte. Egun 300 erabiltzaile inguru dugu, 17 urtetik 89 urtera bitartekoak. Ez dago adin mugarik eta parte hartzaileen adin tarte hori oso aberatsa da, adin ezberdineko jendearen artean harreman politak sortzen baitira.

Euskal Herriko mugetatik diasporaraino zabaltzen da eskaintza…
Erabiltzaileen %20a atzerritarra da: Argentina, Uruguai, Estatu Batuak, Ingalaterra,… Diasporako kide gehienekin lekuan lekuko Euskal Etxeen bidez jarri gara harremanetan eta parte hartzea erabaki dutenek, oso jarrera ona erakutsi dute ekimenarekiko. Kanpoan bizi direnentzat, batik bat, oso aukera ona da, ez baitute euskaraz hitz egiteko beste biderik.

Zer nolako erantzuna du ekimenak Beterri-Aiztondo eskualde mailan?
Badakit hiru andoaindar badirela tartean, baina Donostiako jendea gailentzen da nagusiki, bertan ezagutzen baita gehien proiektua. Gure eskualdean, gehiengoak ez du oraindik Mintzanet egitasmoa ezagutzen. Lerro hauek baliatuko ditut, beraz, eskualdeko herritarrak ekimenean parte hartzera gonbidatzeko: Bidelagunak behar ditugu. 30 pertsona zain daude bidelagunak izan eta euskaraz hitz egiten hasteko.

Hiru urteko bidea egina du egitasmoak. Denboraldi horren inguruko zein irakurketa egiten duzue?
Jendeari izena ematea kostatzen zaio gehien. Alferkeria sortzen da ekimen berriren batean hasterakoan. Baina behin izena eman eta lehen saioak egindakoan, parte hartzaileak gustura agertzen dira eta, denbora igaro ahala, harreman bereziak sortzen dira. Irailean egin genuen Mintzaneteroen lehen bazkaria eta bertan ezagutu ziren lehen aldiz parez pare hainbat parte hartzaile.
Orain, esaterako, ‘Adinekoen egoitzak’ izeneko proiektu berri bat sortu da. Azpeitian gure egitasmoaren aurkezpena egin eta gero, hango adinekoen egoitzatik deitu ziguten bi egoiliar zituztela, Rocio (85) eta Mila (73) bidelagun izan nahi zutenak. Astean behin aritzen dira geroztik eta egun, Gipuzkoako adinekoen egoitza ugaritan ditugu bidelagunak. Oso positiboa izan da egoiliarren parte hartzea eta oso gustura daude beraiek ere, kanpo harremanak egiteko beste aukera bat delako haientzat.

Bidelariek lortzen al dute euskara ikastea?
Oro har, bai. Badaukagu bidelari bezala hasi zen jendea, euskaraz hitz egiteko helburua zuena, eta denboraren poderioz, euskara maila hobetu ondoren, bidelagun izatera igaro dena. Era berean, tartean badira bidelagun eta bidelari bezala, bi aldeetan aritzen direnak ere. Bestalde, diasporako parte hartzaileen artean badaude, euskal arbasorik edo abizen euskaldunik ez duten parte hartzaileak. Euskara gustatu eta ikastea erabaki dutenak. Esperientzia polit asko biltzen du Mintzanet-ek.

Egitasmoaren koordinatzaile lanetan diharduzu. Zein eginbehar betetzen duzu zehazki?
Izena ematen duten parte hartzaileen datuak kudeatu eta bikoteak sortzen ditut, bidelaguna bidelariarekin harremanetan jarriz. Ordutegia zehazten dut lehenik, normalean bidelagunei lehentasuna emanez. Bikote horiek sortu, bata bestearekin harremanetan jarri eta saioak lotzen ditut, gure webguneko datu-basean saio horien maiztasuna zehaztuz. Erabiltzaileak koordinatzea da, beraz, nire lana batetik, izan ditzaketen arazoei erantzunez. Bestalde, alde instituzionalagoa ere egokitzen zait: hain zuzen ere, dirulaguntzen arloa kudeatu edota erakunde ezberdinekin bilerak egitea. Izan ere, erakunde askorekin ditugu hitzarmenak: Besteak beste, AEK, Topagunea, Etxepare Institutua edota EHUrekin. Beste alde garrantzitsua Mintzanet egitasmoa bera ezagutaraztea denez, aurkezpenak ere egiten ditugu. Orain, urrian, esaterako, Bizkaia aldean ibiliko gara, Gipuzkoa mailan toki ezberdinetan aurkeztu baitugu dagoeneko egitasmoa. Eta noski, webgunea eta sare sozialak ere kudeatzen ditugu. Ekimenaren berri zabaltzeko Facebook eta Twitter sareak ditugu, egun ezinbesteko direnak.
Era berean, albiste ezberdinak tartekatzen ditugu webgunean, erabiltzaileen esperientziak kontatzearekin batera. ‘Hitzaldi irekiak’ izeneko atalean, jende ezaguna elkarrizketatzen dugu eta erabiltzaileen parte hartzea bultzatuz, galderak egiteko aukera luzatzen diegu. Webgunean biltzen diren esperientzia ezberdinek asko laguntzen dute jendea izena ematera animatzen. Bidelari nahiz bidelagunen eskarmentuak jasotzen dira, idatzita nahiz bideoz.

Mintzanet ekimenaren baitan bada saiakera gehiago ere. Azalduko al duzu haien berri?
Etxepare institutuarekin elkarlanean, badugu ‘Euskal sortzaileak’ izeneko beste ekimen bat, zeinetan, Mintzaneten bidez, munduan zehar zabalduta dauden irakurketa klubetako kideek zuzeneko elkarrizketak izaten dituzten euskal idazleekin. Saio horiek gure webgunean txertatzen ditugu gero. Gainerakoan, Mintzanet egitasmoa indartzeko asmoz, hainbat ekintza ezberdin antolatzen dugu urtean zehar: Mintzanet sariak (bidelari edo bidelagun bana sarituz), lehiaketa (liburu sorten zozketa)... Egitasmo zabala da Mintzanet, ate asko irekita dituena. Hazten jarrai dezan nahi dugu eta jendeak ezagut dezan. Euskara praktikatzeko on-line dagoen proiektu bakarra da, doakoa gainera!

Irabazi asmorik gabeko ekimena
Donostiako Udalak, Mintzanet ekimenaren antzeko proiekturen bat abian jartzeko nahia erakutsi ondorenean, Donostiako MaraMara hizkuntza zerbitzuen taldeak bere gain hartu zuen ekimenaren ardura. “Irabazi asmorik gabeko proiektua da. Parte hartzea doakoa da eta euskaraz hitz egitera askatzeko erraztasunak eman nahi dira denboraz larri bizi garen garai hauetan”, zehaztu du Ainarak. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzetatik bizi da proiektua.

Euskararen alorrean, buru-belarri
Ainara Loiarte andoaindarrak ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen. Euskararen alorra izugarri gogoko du eta euskalgintzan lanean dihardu azken urteotan, “euskara irakasle aritu nintzen iaz AEK euskaltegian. Oso lanbide polita da. Pozgarria zen ikasleak euskara ikasteko zuten irrika sumatzea, lanerako gogoz gerturatzen ziren euskaltegira. Mintzanet egitasmoan ere antzeko ahalegina nabari dut. Jendeak ilusioa duelako ematen du izena, bai ikasleek eta baita laguntzaileek ere. Euskara lantzearekin batera, beste pertsona bat ezagutu eta harreman bereziak sortzeko oso egitasmo erakargarria da Mintzanet”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!