Auzoz auzoko bilera sorta Andoainen, Basteroko bilkuraren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 8a, 13:19

Agintaldi berrian Ana Carrere alkateak eta gobernu taldeko kideek auzoz auzoko bilerei berrekin diete, Udalaren egitasmoen berri eman eta herritarren ekarpenak jaso asmoz. Asteartean egin zuten lehen bilera eta bertara hogeita hamar herritar hurbildu ziren. Herrikideen aipamen asko ur hoditeriari buruzkoak izan ziren. Kexak azaltzeko eta proposamenak egiteko aukera ere izan zen.

Ana Carrere alkateak aurreko agintalditik joera bati eutsi nahi dio: Udalaren jarduna, tarteka, auzoz auzoko bileretan azaltzea. Aste honetan eta hurrengoan sei bilera deitu dituzte, nahi duen herritar orok Udalaren proposamenak entzun ditzan eta, nahi izate aldera, egoki ikusten duen galdera edo kexa ager dezan. Lehen bilerak ordu eta erdiko iraupena izan zuen eta horretan ur hoditeriaren egoera eta ur zerbitzuaren etorkizuna hizpide nagusi izan ziren. Irtenbidea aurkitzea Udal ordezkaritza duten alderdien borondatea da, baina gaur gaurkoz ez da lortu. Herritarrak gai horretan hasi ziren Udal ordezkarien adierazpenak eteten, eta galderak egiten. Oraingoz bi irtenbide lantzen ari direla aurreratu zuen Ainara Rodriguezek. Ur hoditeria zaharkitua aldatu eta ur zikinen lotuneak berritzeko mailegua eskatzeko moduan izan daitezkeela aurreratu zuen, banketxeen aldetik aukerak badituztela adieraziz. Beste aukera bat Udal gobernu taldeak azken urteotan defenditu duena da. Alegia, Gipuzkoako Ur Kontsortzioan sartzea eta erakunde publiko horrek hamar urtez ur zerbitzua kudeatzea. Udalak ez luke inbertsiorik egin behar izango, eta gainera diru kopuru jakin bat jasoko luke kontsortzioaren aldetik. Rodriguezek autokritika egin zuen EH Bilduren izenean, gai hau aurreko agintaldian bideratzen asmatu ez zutelako. Era berean, gainerako alderdiek ere autokritika hori egitea espero zuela gaineratu zuen.

Auzi honi irtenbidea bilatuko diotela uste dute, urtea amaitu baino lehen.
Urarena erronka nagusia da, baina ez bakarra. Gobernu taldeak eskualdeko garapen agentziari bultzada eman nahi diola adierazi zuen. Enplegua sustatu, enpresak lagundu, merkataritza sustatu, turismoa indartu... alor horietan Jaurlaritzak eta beste zenbait erakundek eskualdekako egitasmoak laguntzen dituzte. Buruntzaldean hutsune hori dago, eta helburua garapen agentzia martxan jartzea izango da. Irtenbidea eskualdeko alderdien arteko negoziazioetatik iritsiko da.

Hirugarren erronka udaletxearen egoera ekonomiko zaila bideratzea izango da, igaro dituen estuasunetatik aldentzeko.

Erronkez gain, ekitaldiaren hasieran oinarri orokorrak hizpide izan zituzten. Besteak beste, Ana Carrere alkateak justizia soziala, bizikidetza, erabakitzeko eskubidea, euskararen normalkuntza eta Udal jardunaren gardentasuna aipagai izan zituen.

50 neurriei dagokionez, neurri horien betetze maila gizarteratzeko kronograma egitea eskatu zuen herritar batek. Alkate-ordea bat etorri zen proposamenarekin, betetze maila neurtzeko jarraipen batzordea osatzea aztertzen dabiltzala adieraztearekin batera.

PARTE HARTZEA
Bileretan bizilagunek gertuko arazoen berri emateko aukera baliatzen dute. Basteron egin zen lehen bileran hainbat proposamen eta kexa agertu ziren.
Eskola kalea. Bizilagun batek edukiontzien kokapenarekiko kexa agertu zuen. Kutxaren pareko semaforoaren ondoan jartzea arriskutsua izateaz gain, bizilagun askorentzat errepidearen bestaldean jartzea hobeto legokeela adierazi zuen. Alkateak edukiontzi horiek oinezkoen arriskua ekiditeko mugitu egingo dituztela erantzun zion, ondoko bizpahiru aparkaleku kenduta. Zabor biltzaileen ibilbidean kokapen onena horixe dela ere adierazi zion.
Doktor Huitzi eta Agustin Leitza kaleak. Beste bizilagun batek  espaloi eta parkeak egoera kaskarrean zeudela salatu zuen. Adinekoen irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartzea eskatu zuen.
Zumea plaza. Tolosara bidean dagoen bus geltokia tokiz aldatuko dutela jakin zen bilera horretan, bizilagun batek desadostasuna agertu zuelako. 50 metro aurrera mugituko dute, egungo espazio hori zamalanetarako uzteko. Alkateak horko zebrabidetik igarotzen den herritarren segurtasunagatik egingo dutela adierazi zion. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!