Baserriak erdi hutsik, edo hainbat kasutan, soilik bizileku diren XXI. mende honetan, bertako jai batzordea osatzen duten gazteak ez dute sokarik eten. Gazte horiek auzolanean hain gogotsu ikustea zoragarria da.
HERRI KIROLAK
Ohi bezala, Xoxokako plazan, herri kirol emanaldiarekin hasi ziren aurtengo jaiak. Bertan, 200en bat ikusleren aurrean, Telleria anaiak (Urtzi eta Beñat) eta Mugertza anaiak (Ugaitz eta Aratz). Aizkoran, harrijasotzen, trontzan eta korrika aritu ziren, ikuskizun bizia eta gustagarria osatuz. Oso txalotua izan zen emanaldia.
BERTSOLARIAK ADARRAN,
BESABIN ETA TAULA GAINEAN
Lan berezia izaten dute bertsolariek Xoxokako jaietako lehenengo egunean. Lehenik, plazan kantatu zuten, herri kirolen ikuskizunaren ondotik, ondoren, Adarra jatetxeko herri bazkarian. Handik, Besabi jatetxera hurbildu ziren, bertan bildutakoen belarriak gozatzera, eta bueltan Xoxokan, jada izarpean, kantatu zituzten azken aleak.
Asteleheneko saioan, lehen aldiz etorritako Andoni Egaña, eta bertan ohikoa den Jexux Mari Irazu larrauldarra arduratu ziren bertsozaleen belarriak gozatzeaz. Badira 20 urte inguru, Irazu bertara hurbiltzen dela, lehenik, Joxe Agirrerekin, eta ondoren, Amets Arzallus bertsokide zuela. Berak duen auzoaren eta auzotarren ezagutza medio, bertako giroari erabat txertatutako saioak izan ziren astelehenekoak.
Zendu berria den Iñaki Aranzadi apaiza Xoxokan izaten zen urtero jaien hasierako astelehenean, eta bertsolariek gogoan izan zuten plazako lehen saioan.
IRAZU
Pixka batean geldituko da
haren lanaren itzala,
eta Xoxokan urtero-urtero
bertako balitz bezala,
txoko batean zutik jarrita,
erne egoten zan hala,
seguro gaur ere dagon tokian
aditzen egongo dala.
EGAÑA
Badakit Iñaki apaizak orain
alde egin duela
zuei bezala neri utziz
barrunberik minduena
apaiz askoren marka genuen
pekatu aginduena
baina Iñaki genduen apaiz bat
goxo hartzen gintuena.
Aiurri ere ahotan hartu zuten herri bazkarian:
IRAZU
Larrauldik hasi eta Urnietara
herri askotan barrena
interesgarri bezain bertako
bere baitan dakarrena
orain bertsotan egin nahian
merezitako omena
famatzea da ederra baino
irakurtzea onena
EGAÑA
Eta lehengora itzultzea ere
ez da izango kaltian
hainbat erdaldun hitz ikusita
jangelako paretian
lehen aipatu det euskara dago
han komuneko atian
Aiurri ere letu liteke
kumunera joatian.
IRAZU
Hara Andoni izan ziteken
okurrentzia polita
komun garaian papera baita
premiazko erreminta
baina Aiurrik zorionean
ez dauka halako kinka
nahiago izaten det irakurtzea
etxeko sofan jarrita.
EGAÑA
Halaxe da bai eta horixe
norbaitek esan du hara
hainbat urteko eskarmentua
denok baukagu jada
gure ahotsa ezin liteke
beste inoren esku laga
baina ohotsak zer balio du
nork entzunikan ez bada.
HERRI BAZKARIA
Xoxokako jaiei zegokien moduan, herri bazkaria ere klasikoa izan zen eta oparoa izan zen, hau izan zen jangela bete zuten 60 pertsonek bazkaldutakoa: entsalada, onddoen errebueltoa, erreboiloa, saiheskia eta gazta tarta. Jangelara sartzeko aukerarik izan ez zuten bertsozaleek, bazkalosteko bertso saioa zuzenean jarraitzeko aukera izan zuten tabernan jarritako pantaila erraldoian.
TRIKITILARIAK
Agurtzane Elustondo eta Jon Elustondo legazpiar anai-arreba ezagunak arduratu ziren egun osoan zehar, giroa alaitzeaz, eta adin guztietako jendea dantzan jartzeaz. Asteleheneko erromeriaren azken bertsoan Jexux Mari Irazuk nabarmendu zuen sentsazio berarekin etxeratu ziren bertaratutakoak, “Egun eder bat izan da”.