Iaz Hernanin egin zenuten, eta aurten Urnietan. Buruntzaldea mailako festatzat hartu behar al dugu igande honetakoa?
Maiteder Requejo. Gipuzkoa mailako ospakizuna izango da. Pausoka egunari lotutako unitate didaktikoa probintzia mailako ikastetxe askotan lantzen ari dira. Baita Hendaian ere. Eremu zabal bat hartzen ari gara eta eragin eremua eskualdetik haratago doa. Iaz, parte hartu zuten haurrei marrazki bana egiteko eskatu genien. Aurten unitate didaktiko berezi bati jarraituz, gaztetxoek galtzerdi ezberdinak egin behar dituzte. Egunean bertan galtzerdi horiek hartuta giza-katea egingo dugu Urnietako kaleetan zehar.
Helburu nagusia zein izango da?
M.R. Hernanin dugun egoitza nagusian zerbitzu gehiago ematen jarraitu behar dugu. Astero-astero hazten doa gure kideen kopurua. Sartu den azken profesionala psikologoa da. Une honetan hiru fisio, bi terapeuta okupazional, bi logopeda eta psikologo bat ditugu. Kontratatuak daude eta hori ordaindu behar da. Gurasoek zati bat ordaintzen dute baina gainerakoa Pausoka elkarteak lortu behar du. Merchandisinga, Pausoka egunaren antolaketa, egutegiak… Guk sortutako baliabideekin eta dirulaguntzekin finantzatzen da gure elkartea.
Ume bat elkartean sartzen den bakoitzean balorazioa egiten dugu, eta esku hartzea aurrera eraman ahal izateko baliabideak ba ote ditugun aztertu behar dugu. Ikusi behar da aulki eta material berezia behar duen; eta horren arabera material berria erostea baloratzen da.
Zer espero duzue igandeko ospakizunean?
M.R. Kanpainak Gipuzkoa mailako hedapena du eta jende asko erakartzea espero dugu. Iaz Hernanin egun osoan zehar 3.000 lagun hurbildu ziren. Aurten gutxienez hori espero dugu. Andoaindarrak eta urnietarrak animatu nahi ditut. Ospakizun hau ez da soilik Pausoka osatzen dugun familien onurarako. Gure esperientziaren arabera, gure egoeran ez diren familiek horrelako ospakizunetan esperientzia bikaina eraman ohi dute etxera. Esperientzia hori bizitzeko, gure kolektiboa ezagutzeko gonbitea luzatu nahi nieke andoaindarrei eta urnietarrei. Ederki pasako dute.
Bi Udalen, laguntzaileen, dendarien eta enpresen laguntza ere eskertu beharra daukagu.
Aurtengo Pausoka eguna Urnietan izango da, igande honetan. Zer nolako ekarpena egiten du Urnietak?
M.R. Egunean zehar Udal baliabideak erabiliko ditugu trafikoa bideratzeko edota ospakizuna burutzeko. Horrez gain, elkartearen helburuen artean daude haur hauekiko sentsibilizazioa, normalkuntza eta integrazioa lantzea. Aurten helburu horiei lotutako tailerrak bideratu ditugu, haur guztiek elkarrekin jolas dezaten. Material hori garatzeko, Urnietako Udalak laguntza eman digu. Elkarlanerako hitzarmena sinatuta dugu Pausokak eta Udalak.
Goruntz doan ekimena al da zuena?
M.R. Aste batetik bestera kide berriei balorazioak egiten dizkiegu. Une honetan 70 familia gaude, baina datorren astean gehiago izango gara. Hazten ari da, eta egoitza pixkanaka betetzen doa. Egoitza hazteko eta profesional sarea handitzeko borrokan jarraitu behar dugu.
Haur batzuren egoera behintzat aldaraztea lortzen ari zarete.
M.R. Halaxe da, bai. Pausokak oraindik bere burua ezagutarazi behar du, eta gure premia duten familiak atea jo besterik ez dute. Alde horretatik panorama hobetzen ari da. Orain elkartean sartzen ari diren familiak hiru urteko esperientziaz baliatzen ari dira. Ibilbide hori egina dago. Lehen ez genuen ezer, eta beharren arabera haziz joan gara.
Hutsune handi bat betetzera zatoztela ondoriozta genezake, orduan?
M.R. Zegoen hutsunea ikaragarria da. Hutsuneak bere horretan dirau. Azken batean gurasook kudeatzen dugun gune bat da, baina guri gertaturikoa edonori gerta dakioke. Azkoititik, Adunatik,… familia asko esfortzu handia egiten ari dira Hernaniko egoitzara gerturatzen.
Arreta goiztiarra deitzen zaiona, 0-6 urte bitarteko haurrena, administrazioetatik landuagoa egon beharko luke gure ustez.
Aldundia, Osakidetza…, zein bide urra daiteke instituzio horietatik?
M.R. Harremana hasieratik eduki dugu, eta horrela izaten jarraituko dugu. Epe erdira eskuartean dugun egitasmoa potoloa da. Hernanin Udalak utzitako solairu bat dugu, baina guk berez eraikin oso bat behar dugu profesional gehiago sartzeko eta terapia gehiago eskaintzeko. Hidroterapia eskaini ezinik gaude. Igerileku berezia behar dugu, ezaugarri bereziekin. Funtzio anitzeko gunea izango da, zerbitzu ezberdinak elkar korodinatuta arituko direnak. Egitasmoa prest dugu. Horixe litzateke gure hurrengo helburua.
Kasu bat azalduko dizut. Garuneko paralisia duen haur bat izan eta jaio ostean, Osakidetzak familiaren esku uzten du. Eta une horretatik aurrera zer egin behar dute? Nola lagundu haur horri? Nora jo? Horrek guztiak lotuta egon beharko luke.
Erresidentzian jaioberrien gunea berritzeko inbertsio handia egin du, eta hortik aterako dira jarraipen berezia beharko duten haurrak. Eta zer dago? Umea jaiotzeko azpiegitura bikaina dago, primeran. Baina gero zer? Zer egin ume horiekin? Nola lagundu diezaiekegu? Mugitzen hasi behar dugu Aldundiarekin eta Osakidetzarekin.
Aldundian entzun behar izaten dugu errehabilitazioa zerbait soziala al den. Neronek erantzuten diet, "errehabilitazioa ez dakit zerbait soziala den, baina haur bati errehabilitaziorik ez eskaintzea arazo sozial bilakatuko da. Dependentzia sortzen delako, horrek suposatzen duen gastu handiarekin. Gerora begira gastu sozial handia da Aldundiarentzat.
Beraz, zergatik ez jarri baliabideak hasiera batetik?
Adibide argia Markel Urnietako haurraren kasua da. Garapen handia izaten ari da.
M.R. Halaxe da, garapen ikaragarria izaten ari da. Hobekuntzak pozgarriak dira eta beste zenbait kasutan terapiarekin degenerezioa eteten ari gara. Alegia, haurrak okerrera ez egitea.
Pausokara datozen guztiek ez dute oinez bukatuko, baina askoren bizi kalitatea nabarmen hobetzen ari gara.
Gizarte mailan asko egiteko al dugu oraindik?
M.R. Uff, asko. Nire semeak urrian zazpi urte egin behar ditu. Inklusibitatea aipatzen da, baina hezkuntzan baliabide falta dugu. Nik aurten haurra eskolara 09:00etatik 13:00etara eraman dezaket bakarrik. Gero jaso egin behar dut. Hori ez da normalkuntzaren adibide bat.
Eta aisialdia aipatzen hasita, ez dago ezer. Pasieran ibiltzea gora eta behera, ez dugu beste aukerarik. Arazorik gabeko haurra baldin baduzu futbolera, igerilekura, musikara daramazu. Arazorik duen haurra izanez gero, ez dago aukerarik. Lasarteko Udalarekin harremanetan gabiltza ea ludoteka egokitu bat irekitzen dugun.
Une honetan Buruntzaldeko 30 haur ditugu aisialdirako aukerarik ez dutenak.
Elkartea bera gurasoentzat ere zenbaterainokoa izaten ari da garrantzitsua?
M.R. Haurrak hobeto baldin badaude, gurasoak askoz hobeto egoten dira. Erlazio zuzena dago. Zure egoera beretsuan dauden familia gehiago ezagutzeak lasaitasuna eskaintzen dizu, urratzeko bide bat badagoela erakusten dizu, ez zaudela bakarrik ikusarazteko balio izaten du. Lorpenak izaten ari gara, gainera.