Arrasate eta Andoaingo saioekin amaituko da asteburuan final zortzirenetako fasea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 27a, 01:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako azken bi saioak jokatuko dira asteburuan. Larunbatean, Arrasateko Amaia antzokian izango da saioa eta igandean, berriz, Andoaingo Bastero kulturgunean. Biak ala biak arratsaldeko 17:30ean hasiko dira. Ohi bezala, sarrerak aurrez eros daitezke www.bertsosarrerak.eus webgunean:

Eneritz Artetxe, Haritz Casabal, Egoitz Eizagirre, Aratz Igartzabal, Iñaki Gurrutxaga eta Felix Zubia dira larunbateko final zortzirenean kantatuko duten bertsolariak. Asier Iriondok aurkeztuko du Amaia antzokian jokatuko den saioa. Arrasaten irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 1ean Ormaiztegin jokatuko den final laurdenetarako.

 

Igandean Andoainen jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa azken final zortzirena. Sei bertsolari igoko dira oholtzara: Ibai Esoain, Gemma Urteaga, Jokin Uranga, Antton Fernandez, Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi. Lehen sailkatuak urriaren 31n Zestoan jokatuko den final-laurdenerako txartela eskuratuko du. Inaxio Usarraldek aurkeztuko du saioa.

Arrasaten zein Andoainen honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 6 euroan, eta gainerakoena 9 euroan. Saioetako egunenan sarrerak aretoetako leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai.

Behin Andoaingo saioa jokatuta, ezagutuko da zeintzuk izango diren final laurdenetara sailkatuko diren bertsolariak. Final zortzirenetako saioen irabazleez gain, puntuazioaren arabera beste 17 bertsolari sailkatu dira. Beste zazpi bertsolari dagoeneko zuzenean sailkatuta daude final laurdenetarako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!