“Aho handiko bost edukiontzi proposatzen ditugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 8a, 10:31

Amasa-Villabonako alkate gisa lehen hiruhilabetekoa igaro ostean, denboraldi horren irakurketa egitearekin batera, euren asmoen berri azaldu du Iban Agirrek.

Zer moduz abiatu da alkatetza? Lehen hilabete hauen zein irakurketa egiten duzu?
Aurrez politikagintzan esperientziarik ez duen pertsona naizenez, ikasten eta kokatzen ari naiz. Oso langintza aberasgarria iruditzen zait, gai ezberdin ugari jorratzen delako. Udal langileei eskerrak eman nahi dizkiet eskainitako laguntzagatik, horretarako aprobetxatu nahi dut tarte hau.
Ardura handiko lana da alkatearena eta hitz guztiak ondo neurtu behar dira okerreko interpretaziorik ez izateko. Erritmo biziko lana da, martxa handikoa, bilera bat bukatu orduko beste gai ezberdin baten ingurukoa hasten da eta, hurrengoa segidan… Uztailaren 1ean hasi nintzen soilik Udaleko lanarekin, aurrez lantokian eta udaletxean bietan aritu bainintzen. Santio jaiak iritsi ziren segidan eta festek hartu zuten orduan tarte guztia. Oporrak etorri ziren gero. Irailean ikusi dugu egunerokotasunaren benetako martxa eta erritmo hori hartzen ari gara.

Zein gai nabarmenduko zenuke eskuartean dituzuenen artean?
Zaborren gaia nabarmenduko nuke, dudarik gabe. Irailaren 21ean izan genuen Mankomunitatearekin lehenengo bilera eta bertan, atez ateko sistema aldatzeak zein kostu izango lukeen aztertzeko eskatu genuen. Eta horretan gabiltza, galdeketa egin beharko balitz, herritarrei zer bozkatzen duten jakiteko datuak eman ahal izateko. Hala ere, EH Bildurekin akordioa egin nahiko genuke eta modu horretan ez genituzke herritarrak bozketarekin nekatuko. Denon arteko akordioa lortzea gustatuko litzaidake eta aukeratzen dugun sistema, egokia eta denbora luzerako izatea. Eta ez gobernu aldaketa gertatzen denean, berriz ere sistema aldatzen hastea. Ahalik eta adostasun maila altuenarekin hartu beharko genuke erabaki hori, bestela galdeketa egingo baitugu, herriak zer nahi duen garbi jakin eta haiek esaten dutena ezartzeko.

Zer proposatzen duzue atez ateko sistemaren aurrean?
Aho handiko bost edukiontzi proposatzen ditugu, lehengo laurak eta marroia bosgarrena, errefusarentzat; lehen bezala, inolako eragozpenik gabe, bakoitzak nahi duenean zakarra ateratzeko aukera izan dezan.
Denbora pasa ahala, jendea geroz eta erreago dago atez ateko sistemarekin. Herritar askok ez dute gogoko eta ez dute errespetatzen behar den bezala. Hauteskundeetan garbi geratu zen sistema hori aldatzeko eman zigutela bozka eta guri dagokigu orain gai hori kudeatzea.
Hainbat herritarrek zaborra lurrera botatzen dute, zintzilikatu ere egin gabe. Lurrean dauden zabor poltsak beste bide bat erabilita jasotzen dira eta aparteko kostua sortzen dio horrek Udalari. Ulertzen ditut sistema gogoko ez duten herritarrak, baina ezin dira gauzak azkar egiteagatik gaizki egin. Guztion akordioa lortuta sistema egokia jartzea litzateke egokiena. Denon gustuko sistema aurkitzea espero dugu eta gastuak murriztea, ateaz atekoa oso garestia delako.
EH Bildurekin gaia aztertu beharrean gaude. Nik zaila ikusten dut gai honetan akordio batera iristea, ez baitirudi EH Bilduko kideak sistema aldatzearen alde daudenik. Pena handia emango lidake, baina akordio batera iristeko gai ez bagara, galdeketa egin beharko genuke.

Larreako parkea estaltzeko gailendu zen proiektua egingarria ez dela azaldu duzue, garestiegia dela. Zein asmo duzue gai horren aurrean?
Parkea estaltzeko 50.000 euro zeuden aurreikusita eta estalkiak soilik kostu hori du. Baina parkea estaltzeko urbanizazio lana ere egin beharra dago, besteak beste, sarbideak egokitzeko. Urbanizazioa eta estalkia kontuan hartuta, 200.000 euroko gastua du proiektu osoak eta ez dago diru partidarik horretara bideratuta. Automatikoki, beraz, ezin da proiektu hori martxan jarri, bideratuta dagoena baino askoz ere diru kopuru handiagoa eskatzen duelako.
Villabonak parke estalia behar duela argi dugu, baina orain lantzen ari garen aurrekontuetan lan horiek gauzatzeko partida bideratu beharko dugu. Bide batez, aukerak aztertu nahi ditugu, zer edo zer merkeagoa eta kalitate onekoa egin daitekeela uste baitugu. Hurrengo urtean jarri nahiko genuke abian egitasmoa. Herritarrek Larreako parkea estaltzea aukeratu zuten eta horretan ez dugu arazorik; huraxe estaliko litzateke. Esandakoa, ahal bada proiektu merkeagoa aurkitzen saiatuko gara, baina lehentasunezkoa da guretzat ere parkea estaltzea.

Ezer aurreratzerik bai abian diren herri baratzeen inguruan?
Datorren urtean martxan jartzeko moduan izango direla diote teknikariek. Berrogei baratze inguru izango dira, Amasara igotzeko errepidearen ondoko sailetan kokatuta. Arauak eta baldintzak lantzen ari dira teknikariak eta datu horiek zehaztutakoan egingo zaie deialdia herritarrei.

Obren sailean, besteak beste, Oria ibaiaren zabaltzea eta futbot zelaiaren berrikuntzaren bigarren fasea aipa daitezke. Zer esango zenuke lan horien inguruan?
Ibaiaren bideratzea funtsezko lana da, tarteka ura kanpora ateratzen denez, herritarren segurtasuna ziurtatu behar baita. Aurreko legealdiak bideratuta utzi zuen proiektua eta gu, lanak ondo gauzatzen ari direla ziurtatu nahian, arretaz gabiltza. Herritarrentzako segurtasuna den guztia garrantzitsua da. Izan ere, Villabona uholde arrisku altua duen gune bezala izendatuta dago. Kategoria hori kentzeko egin daitekeen guztia, beraz, ongi etorria izango da.
Bestalde, aurrez lehenengo fasea egin eta gero, martxan da orain Arratzaingo futbol zelaiaren berrikuntzaren bigarren fasea. Lehenengo fasearen atzetik, noski, bigarrenak naturalki etorri behar du. Gazte asko biltzen da futbol zelaiaren inguruan eta ahalik eta lekurik erosoena izatea beharrezkoa da. Futbol zelaiaren inguruan, Arratzaingo eskolaren 3. eraikina altxatuko dute epe laburrean.

Beste ekimen edo asmorik aipatu nahi?
Hezkuntza alorrean, batxillergoa ezarri nahiko genuke herrian bertan. Gure lehentasunen artean daukagu asmo hori, baina zaila da; mapak eginak daude eta hezkuntza sailak haiek jarraitzeko joera duelako. Gure ustez, ordea, herritar gazteek herrian bertan 18 urtera arte ikasi ahal izatea oso erosoa litzateke, 16 urterekin beste herriren batera joan beharrean. Herriko gazteentzat bezala inguruko herrietako gazteentzat ere proiektu erakargarria litzateke. Baita herriarentzat ere, gazte asko etorriko bailitzateke inguruko herri txikietatik.
Ekimen gehiago ere badugu esku artean, baina guztiz lotu arte nahiago dut haien aipamenik ez egin.

Herritarrei mezurik luzatu nahi?
Eskerrak eman nahi dizkiet orain arte izandako jarreragatik. Oso kontentu nago jendeak erakutsi didan gertutasunarekin, eta horri eustea da nire helburua.
Zaborren gaia dela eta pazientzia pixka bat eskatuko nieke eta zaborrontziak behar den garaian atera eta ondo zintzilikatuta utz ditzatela. Esan bezala, gauzak ondo egin nahi ditugu eta bere denbora behar da horretarako.
Giro onean ari gara oposizioko kideekin lanean eta asko laguntzen du horrek egunerokotasunean.

Alkatearekin aurrez aurre biltzeko
Alkatetzan, udaletxeko lehen solairua.

Hitzordua zehazteko:
    E-mail: alkatetza@villabona.net
    Telefonoa: 943 69 21 00

Asteroko arreta ordutegia:
    Astearte goizetan: 09:00-13:30
    Ostegun arratsaldetan: 16:00-19:00
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!