Lanean, baina oso gustura”. Esperientzia bikaina izan dela eta eskerrak ematea besterik ez zaiela geratzen adierazi dute langileek. Igerilekuko tabernaren ardura hartu zuten uda aurretik, eta oso ondo joan zaiela azpimarratu dute: “Izugarrizko bizipena izan da, zentzu guztietan. Ekonomikoki ondo joan zaigu eta ederki moldatu gara bezeroekin, Udalarekin, herritarrekin…”.
Esperientzia “bikaina” izan dela azaldu dute billabonatarrek eta ez dute kexatzeko aitzakiarik, eguraldia ere lagun izan baitute uda osoan zehar. Oso eguraldi ona egin du eta horrek tabernako jardunean lagundu egin die. “Igerilekua beteta egon da eta, ondorioz, taberna ere bai”, adierazi du Milak.
Datorren urtera begira zerbait aldatuko luketen galdetuta, zer erantzun jakin gabe geratu dira. Guztia ezinhobea izan dela esan dute behin eta berriro. Instalazioei dagokienez, ez lukete aldaketarik egingo. Sukaldea “ondo dago” behar izan dutenerako eta Udalak jarritako eguzki-oihalak haizetik ere babestu ditu. “Gainera, oihal oso politak jarri dizkigute. Herriko argazkiak ageri dira eta herritarrak horiek ikustera gerturatu dira”.
Asteasuarrak terrazen bila
Uda giroaz gozatzeko herritarrek terraza eskertzen dutela ikusi dute Mila eta Marimarrek. Jendea terraza gogoz egonda eta etxe berriak egiten ari direla jakinda, herrian beste terrazaren bat beharko dela uste dute. Taberna irekita eduki dute iraileko azken astebururaino eta igerilekua itxi ostean ere herritarrak gerturatu egin direla ikusi dute. “Udaran aurpegi berak ikusi ditugu, beraz, gustura etortzen diren seinalea da”, adierazi dute.
Lehen aldi bikaina
Tabernari bezala lan egin izan duten arren, aurten lehen aldiz hartu dute Asteasuko igerilekuko taberna irekitzeko ardura. “Nik pertsonalki ez nuen igerilekua ezagutzen, ez nekien aurreko urteetan tabernak nola funtzionatu zuen… Jakin gabe hasi nintzen”, aitortu du Marimarrek. Langabezian zegoenez, aukera ona iruditu zitzaion eta bi aldiz pentsatu gabe, Milarekin batera lanean hasi zen.
Hala eta guztiz ere, igerileku bateko tabernan lan egitea oso ezberdina dela adierazi dute. Marimarrek, adibidez, Adarra mendiaren magalean lan egiten zuen: “Taberna honek ez du zerikusirik lehengoarekin; ez janak, ez ordutegiak… Oso ezberdina da. Hau hobea iruditu zait, bizitzako beste une batean nagoelako orain”. Lehen aldia izan bada ere, datorren udan errepikatzeko gogoz geratu dira.
Esker hitzak herritarrei
Lehenik eta behin, herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete, portaera ona izan dutelako eta elkarrekin gustura ibili direlako. Ez zuten horrenbeste jende gerturatzea espero eta erdiarekin ere konformatuko liratekeela adierazi dute. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiete Udalari eta hornitzaileei, eskaini dieten laguntzagatik: “Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen”. Azkenik, datorren urtean ere bertan egotea espero dutela azaldu dute.
Agur festa jendetsua
Ona izan den udari amaiera hobea emateko, igerilekuan agur festa antolatu zuten irailaren 12an. Jende ugari gerturatu zen festara eta tabernariak pozarren agertu dira, udan zehar igerilekuan ibilitako lagunak bildu zirelako. Pintxoak eta gozokiak banatu zizkieten bertaratutakoei eta, gainera, Amasa-Villabonako Anakruxa taldeak girotu zuen taberna: “Abesti ezagunak jo zituztenez, giro ederra jarri zuten. Oso gustura geratu gara”.