Film laburren lehiaketa, Andoain ardatz hartuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 7a, 19:30

Andoain eta andoaindarrak protagonista izango diren lehiaketa antolatu du ESCIVI Bideo eta Zinema Eskolak, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. Andoainen 400. urteurrenari begira, gazteek euskarazko ikus-entzunezkoen bidez Andoain islatzea lortu nahi dute lehiaketaren bidez. Azaroaren 16an izango da lanak aurkezteko azken eguna. Sari banaketa, berriz, abenduaren 3an egingo da.

Edozein motatako ikus-entzunezkoak egin daitezke, genero guztiak onartuko baitituzte: bideoklipak, dokumentalak, erreportajeak, bideo artistikoak… Dena den, guztiek Andoain herriarekin lotura izan beharko dute; herriko kaleak erakutsiz, andoaindarren ahotsak bilduz edota 400. urtemuga kontatuko duen bideo historiko bat eginez, esate baterako.
Profesionala ez den eta Andoainen bizi, ikasi edo lan egiten dutenek izango dute parte hartzeko aukera. Bakarka edo taldeka aurkeztu ahal izango dituzte lanak, bi sailetan. Batetik, 16-17 urte bitarteko gazteen saila dago, Batxilergoko ikasleei zuzenduta; eta bestetik, 18 urtetik gorakoena.
Euskarazko ikus-entzunezkoei bultzada emateaz gain, gazteak aktibatzeko balioko duela uste du Ainhoa Aiertza irakasle eta antolatzaileak: “Andoain mailako lehiaketa denez, gazteek gertuago ikusten dute saria lortzeko aukera eta horrek parte hartzera bultzatzen ditu. Gainera, ekintza interesgarria da, gaur egun film laburrak eta teknologia berriak bogan daudelako nerabeen artean”. Honela, mugikorrarekin grabatzea ere posible dela gaineratu du.

Oinarriak
Lanak euskaraz egin beharko dira eta, gehienez, bost minutuko iraupena izango dute. 400. urteurrena ikusarazteko, film labur guztietan 400. urteurreneko txapa agertu beharko da. “Nahikoa izango da protagonista bati txapa jartzea”, adierazi du Ainhoak.
Lanak berriak izan beharko dira, hau da, beste inon argitaratu gabeak. Horrez gain, film laburrak ahalik eta anonimoen egitea eskatu dute. Horretarako, egilearen datuak edota egilea bera ez agertzea komeni da. Partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ditzake, bakarka zein taldeka bada ere.
Jakinarazi dutenez, antolatzaileek ez dituzte bere egiten aurkeztu diren lanetan egiten diren adierazpenak, erabilitako irudiak edota isuritako iritziak. Beraz, ez dute horien gaineko inolako erantzukizunik. Era berean, antolatzaileek lehiaketatik at utziko dituzte hirugarren pertsonen irudiari, ohoreari eta osotasunari kalteak sor diezazkieketen lanak.

Non eta nola aurkeztu
Lanak udaletxeko Ataria zerbitzuan aurkeztu beharko dira, azaroaren 16a baino lehen; eta, lanekin batera, gutunazal itxi bat utzi beharko dute. Bertan, egilearen informazioa gorde beharko dute: egilearen edo, talde baten kasuan, egile guztien izen-deiturak, helbideak, eta telefonoak. Gutunazalaren kanpoko aldean, berriz, lanaren izenburua eta egilearen jaioteguna zehaztu beharko dira, epaimahaiak lehiatuko den saila jakin dezan.  
Bestalde, lanak aurkezteko artxibo motak honakoak izan daitezke: mov, mpeg, flv eta wmv. Nahi den bereizmena izan dezakete lanek, baina aukeran, nahiagoko da 1280 x 720 p (HD Ready) edo 1920 x 1080p (Full HD) bada.

Sari banaketa
abenduaren 3an
Sari Banaketa ekitaldia abenduaren 3an, Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean. Bertan, lan onenak proiektatzeaz gain, epaimahaiaren erabakia jakingo da.  Epaimahaia Koldo Almandoz, Asier Altuna eta Jon Verdejo ESCIVIko irakasleak osatuko dute.
Ainhoak azaldu duenez, ordura arte ez da irabazleen berri emango; horregatik, horrek ere indarra emango dio ekitaldiari. Gainera, Koldo Almandoz eta Asier Altuna gerturatuko dira ziurrenik, eta beraiekin solasaldia egiteko aprobetxatuko dute.
16-17 urte bitartekoen atalean, lehen saria irabazten duenari 150 euro eta ELKAR argitaletxeak eskainitako materiala emango dizkiote. Bigarren geratzen denari, ordea, 75 euro eta ELKAR argitaletxeak eskainitako materiala. Bestalde, 18 urtetik gorakoen atalean, lehen saria 300 euro eta 400. urteurreneko materiala izango dira. Bigarrena, aldiz, 150 euro eta 400. urteurreneko materiala. Horrez gain, parte hartzaile guztien artean Bikoitz eta Ormendi dendetako materiala zozketatuko da.

Informazio gehiago:
andoaindarrak400.eus
andoaindarraeuskaraz.eus
Euskara Zerbitzuan
943 300 831
euskarazerbitzua@andoain.eus
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!