Zizurkilgo XVIII. Azoka Berezia igandean, urriaren 11n

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 7a, 16:13

Urriaren 11n egingo da aurten Zizurkilgo azoka berezia. XVIII. edizioa izango du. Goizeko 11:00tan irekiko da azoka Teodoro Hernandorena kale osoan zehar. Zizurkilgo baserritarren 5 postu, eta beste 17 elikagai postu izango dira. Intxaur frontoian, berriz, 23 artisauren lanez (7 zizurkildar) gozatzeko aukera izango da hurbiltzen direnen gozagarri. Azokaren ordutegia 11:00-14:30/ 16:30-19:30 izango da:

Iazko bideari eutsiz, aurten ere teknologiak lekua izango du Zizurkilgo Azoka Berezian. Alde batetik, Errenteriako Don Bosco ikastetxeko irakasle eta ikasleek postua jarriko dute, 3 dimentsioko inprimagailuekin. Gerturatzen diren guztiek ikusi ahal izango dute nola funtzionatzen duten mota horretako tresnek eta zenbat motatako produktuak sortzeko gai diren.

Horrez gain, herriko artisau batek robotika eta automozioarekin lotutako postua jarriko du. Berak egindako robotak joan-etorrian ibiliko dira Intxaur frontoiko lurrean zehar.

Bestalde, Albaola Itsas Kultur Faktoriak txoko berezia izango du azokan. Batel bat ekarriko dute, eta bi arotz arituko dira hura eraikitzeko lanetan. Horrez gain, itsasoa-mendia erakusketa jarriko dute, gerturatzen diren guztien gozagarri.

Beste hainbat postu berezi ere izango dira: herriko San Millan eta Otaño ikastetxeetakoek eta guraso elkarteek ere jarriko baitute postua.

Azokaz gain, beste hainbat ekintza egongo dira egun osoan zehar. Haurrei dagokienez, haurrentzako jolasak eta puzgarriak egongo dira goiz eta arratsalde udaletxe aurrealdean. Horrez gain, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, pottoken gainean ibiltzeko aukera izango dute.

Azokaren harira, Udalaren mezua argia da: Zizurkilgo baserritarren postuetan erosiz gure baserritarrei laguntzeko deia egin nahi genuke.

 

HERRI BAZKARIA

Azken urteetan arrakastatsua izan da herri bazkaria, eta aurten bide beretik antolatzea erabaki da. Menua: Salda, entsalada mistoa, piper beteak, oilaskoa eta postrea, kafea, kopa eta edariekin lagunduta. Ohi bezala Zimiterioan eskainiko da bazkaria.

Txartelak 20 euroren truke erosi daitezke Iriarte eta Egarri tabernetan. Oraindik badaude, beraz jendea animatzen dugu txartelak erostera. Soberan badaude, egunean bertan ere salgai jarriko dira.

 

EMAKUMEEN GIZA PROBA

Mota horretako erronkak gero eta zabalduago daude azkenaldian. Zizurkilen kasuan, emakumeek neurtuko dituzte indarrak, arratsaldeko 18:30etik aurrera. Oiartzun eta Zeanuri ibiliko dira nor baino nor gehiago, indarra eta abilezia konbinatuz garaipena eskuratu nahian.

 

BIHOZKADA TALDEAREN KONTZERTUA

Azokako postuek ateak itxitakoan, dantzan jarriko ditugu Zizurkilera bildutako guztiak. Hain zuzen, Bihozkada taldearen abesti goxo eta gogorrek hortara bultzatuko dituzte herritarrak zein bisitan etorritako guztiak. Kontzertua Zimiterio aurrean izango da. Bukaera bikaina egun eder batentzat.

 

AUTOBUSA DOAN

Joan-etorriak erraztu eta mugikortasun arazoak ekiditeko, aurten ere doako autobus zerbitzua jarri dugu. Autobusak egun osoan zehar ibiliko dira gora eta behera, etengabe. 10:45etik aurrera Bulandegiko errotondatik eta Zubiarretxoko bidegurutzetik irtengo dira autobusak. Eguneko azkeneko autobusa, aldiz, 21:00etan irtengo da Zizurkil goitik. Beraz, autobusa erabiltzeko gonbita zabaldu nahi dugu, guztiontzat hobea izango baita, eta noski baita lanean ari diren boluntarioen esanei kaso egiteko ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!