Asteasuko Udalak lehentasunezko helburuen artean dauka ingurumena zaintzea, eta urtean zehar hamaika ekintza egiten ditu xede hori lortzeko. Datorren urriaren 3an egingo du, hain zuzen, ekintzetako bat: auzolanean, Usarrabi erreka garbitu, alegia. Horretarako, uretako botak eta eskularruak soinean jantzi, eta errekarantz abiatuko dira parte-hartzaile guztiak, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. “Ez da Erreka Eguna egiten den aurreneko aldia; iaz, esaterako, uztailean egin zen, eta oso arrakastatsua izan zen. Gurasoak seme-alabekin parte hartu zuten, eta gisa horretako ekintza batek berezkoak dituen ezaugarri guztiak bete zituen egunak: erreka garbitu zuten, auzolanean egin zuten, eta ingurumenaren zainketaren garrantziaz ohartarazi zuten, zentzu pedagogikoan. Iaz, esaterako, zakar ugari atera zuten errekatik, eta udal brigadak lagundu behar izan zien dena jasotzen”, azaldu dute udaletxeko webgunean.