Justo Egañak “opari” modura hartu zuen Urnietar Prestu omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 1a, 12:23

“Eroso sentitu izan naiz urnietan, eta hori oso inportantea izan da nire bizitza guztian zehar. kanpokoa izanik, urnietar sentitu naiz onartua izan naizelako”, adierazi zuen omenaldi ekitaldian.

Merezimenduen zerrenda oparoa entzun zuen lehenik, opariak jaso zituen, agurra dantzatu zioten ondoren, musikari eta lagunek kantu eta laudorio gehiago eskaini zizkioten,... Justo Egañak adi-adi jarraitu zituen hitzez eta doinuz egin zizkioten adierazpen guztiak, hitza hartzeko txanda iritsi zitzaion arte. Jasotako hitz eder guztiak aurreikusita edo, apaltasunez hitz egin zuen. Eta eskertuta, nola ez, herriari eta herrikideei erabat eskertuta. “Bizpahiru egun atzera, plazan ginela, batek esan zidan: um, omenaldi hauek globo baten itxura hartzen dute. Puztu eta puztu, honek hau egin dik, eta bestea eta bestea,… azkenerako globoa lehertzeko zorian egoten da. Ez dakit omenaldia merezi dudan. Hau niretzat opari bat da, erregalo bat, eta bere horretan uzten dut. Urnietako herriari itzuli nahi diodan oparia da. Esango dizuet zergatik. 1969an etorri nintzen ikastolako irakasle izateko asmoz, San Miguel jaiak ziren ere. Lehen sentipena, eta geroztik beti izan dudana, Urnietak ondo hartu nauela izan da. Eroso sentitu izan naiz Urnietan, eta hori oso inportantea izan da nire bizitza guztian zehar. Kanpokoa izanik, urnietar sentitu naiz onartua izan naizelako”. Hainbat pertsona aipatu zituen, baina bereziki Pagoaingo Joxe Mari Zapiain nabarmendu zuen, "gaur hemen baldin banago neurri handi batean berari esker da".

Txanbolin taldea sortu zuen, Urnietan 70eko hamarkadan zegoen hutsunea betez. “Garai hartan Urnietara Hernanitik zetozen txistua jotzera. Halako batean esan nuen, biribilketa pare bat badakizkigu, eta kalera irten ginen. 1975a zen. Gurea bai atrebentzia! Lehen urtean jotzen hasi eta leihoak zabaltzen hasi ziren, zer eta dirua botatzeko! Harrituta geratu ginen. Huraxe izan zen egin ziguten harrera herrian. Bikakina”.

“Txistulari taldeak ibilbide luzea egin du, tren horretatik jendea jaitsi eta igo egin da, eta gaur egun 9-10 txistulariko talde finkoa daukagu. 1975eko kalejiran Antton Jauregi zegoen. Hark nire ibilbidea jarraitu du. Nire ikasle izan zen, gero ikaskide izan gara, eta orain Ormaiztegiko txakurrak bezala, harrapatu eta pasa egin nau".

Herritik jaso zuena, herriari itzuli
Bukatu aurretik, urte luzez jasotakoa herriari itzuli nahi izan zion Egañak: “Nik zerbait egin baldin badut, herriak onartu duelako izan da. Herriari zor diot nik egindako guztia. Beraz, herriari eskaini nahi diot gaurko omenaldia”. Eskertzen atalean etxekoak gogoan izan zituen. Baita Iñistorra elkartea ere. Bukatzeko hasierako pasadizua hizpide hartu zuen berriro, jasotako energia hori urnietarrei itzultzeko: “Globoa gehiegi puztu ez dadin, lehertu ez dadin, herriari ematen diot bueltan. Ni ezer gabe geratzen naiz. Milesker guztioi eta besarkada bat”. Hori esan eta txalo zaparrada lehertu zen Jakutegi plazan. Luzea eta sentitua izan zen.

DOINUEK TARTE BEREZIA IZAN ZUTEN OMENALDIAN
Musika, musika eta musika. Aldaera ezberdinetan musika erabili zuten bere inguruko lagunek. Hasteko, Maripi Sarasolak Habanera abestu zion:
Zorionik beroenak
urnietar prestuari,
merezitako omena
egiten zaio Justori.
Azkoitian jaio eta
Urnietara etorri,
herriko kulturan alde
egin duzu lan ugari.
Ikastolako maisua
baita ere txistulari,
Parrokiko abesbatzan
izan zara zuzendari,
helduen euskalduntzean,
beste lan gogoangarri.
Gauza asko eman diozu
Urnietako herriari.

Antton Jauregirentzat Egaña mugarria izan da bere bizitzan, “urte askoan elkarrekin lanean egon gara. Bihotzez diot sekulako babesa izan dela niretzat, eta esker onez sortu dut kalejira berri bat Juxto izenekoa”. Segidan, Txanbolinek lehen aldiz eskaini zuen jendartean.

Kopla batzuk eskaini zizkion Xabier Ubillos kitarra joleak, “Juxtoren alde rockeroa naiz ni” adieraziz. Bazkarian ziren ehun lagunen pentsamenduari hitza jarri zien Ubillosek, "nahi dizugu esan merezimendu osoz, eskerrik asko lagun, bihotz-bihotz".

Iñistor jaia, beste urte batez, euskaltzaleen bilgunea izan zen. Toka txapelketa, herri bazkaria, bertsolariak, omenaldi ekitaldia, irrintzi lehiaketa,... dozenatik gora bolondresen lanari esker bikain igaro zen eguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!