Karlos Garciari eta senideei elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 1a, 12:22

Karlos Garciaren lagunek proposatuta, honako bost puntu adostu zituen udal batzarrak: Karlos Garciaren berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna eskatzea, bizitza berregiteko aukera izan dezan Italian zein Euskal Herrian; herritarren oinarrizko eskubideak murriztu dituzten Auzitegi eta Lege bereziak desagertarazteko konpromisoa; bere senideei diru laguntza bideratzea, Erromara bisitatzera egin diren bidaien zama ekonomikoa eta aurrerantzean suertatzen direnena arintzeko; Garciari eta bere senideei Udal Batzarraren elkartasuna adieraztea; eta, udalbatzan adosten dena komunikabideei helaraztea. Mozioaren bost puntuak banaka bozkatu ziren.


Bozketara iritsi aurretik, alderdi guztiek beren iritzia eman zuten. Antzeko gaiak Andoainen iraganean aztertu zirenetan ika-mika pizten bazen ere, oraingoan solaskide guztiek ere beste tono batean hitz egin zuten. Maider Lainezek PSE-EEren jarrera agertu zuen: "Aro politiko berri batean bizi gara, eta eragindako minaren aitormena behar da egin, bakeak eta elkarbizitzak bere bidea egin dezaten. Carlos Garciaren familiar eta lagunekin bildu gara, eta mozioari dagokionez, zenbait gogoeta egin behar dugu: ulerkor izan gaitezke epaiketan gertatuko zenbait kontuekin, baina aldi berean esan behar dugu auzi juridikoan zehar Garciak injustiziak pairatu zituela uste bada, berari dagokiola errekurtso juridikoak abian jartzea. Garai berriek politika berriak eskatzen dituzte, eta nahiz eta mozioan agertzen diren zenbait adierazpenekin bat ez egin –faltan bota dugu sukurtsalaren erreketa gaitzestea–, uler dezakegu mozioaren atzean dagoen borondatea eta kezka. Badakigu urrats txikiak emanez aurrera egingo dugula bakearen eta elkarbizitzaren mesedetan, eta beraz, abstentziora joko dugu lau puntuetan. Besteari, diru laguntzak ematea eskatzen duen horri, ezezkoa emango diogu, ez baitugu ondo ikusten Udalak senideak diruz laguntzea".
Mari Jose Izagirre EAJko bozeramaileak ere abstentzioa iragarri zuen: "gure alderdia beti agertu izan da Entzutegi Nazionalaren existentziaren aurka, eta, pertsona orok epaiketa justu bat edukitzeko eskubidea eduki dezaten. Ez gaude ados mozioaren formarekin, eta ez zaigu mozioa eztabaidatzeko aukerarik eman. Guzti hori adierazita, aurreratzen dut gu abstenitu egingo garela".
Olga Hernandez Ganemoseko zinegotziak ere Entzutegia kritikatu zuen "maiz, sententzia eredugarriak ezarri izan ditu justizia printzipioak ahaztuta; adibidez, ez ditu kontuan hartu errugabetasun presuntzioa. Argi geratzen da epaiketan ez zirela baldintza guztiak bete, eta beraz, epaiketa justu bat eduki zezan nahi genuke".
Irabaziko Jorge Mourinho zinegotziak, mozioaren edukiarekin bat egiten zuela adierazi zuen, "gauza batzuk falta dira bere erredakzioan, baina aldeko botoa emango diot. Hori bai, bigarren puntuan, entzutegi nazionala desagertzeko udalak konpromisoa hartzen duela dioen puntu horretan abstenitu egingo naiz, teknikoki ezinezkoa iruditzen baitzait udal batek halakorik egin ahal izatea".
Bilduren izenean, Jon Zuluetak hartu zuen hitza. "Injustizia ugari pairatu izan dituzte andoaindar askok, eta Carlos Garciarena da horietako bat. Hasieratik gertatu ziren bidegabekeriak kasu honetan: poliziaren eta epaileen prozeduran, fiskalaren neurriz kanpoko eskaera, kondena... Horrelako kasuek arrazoi dezente ematen dizkigute justizian sinetsi ez dezagun. Egia da garai berriak bizi ditugula eta terminologia aldatzen ari dela; horren froga da udal honetan gertatzen ari dena, eta poztekoa da hori. Baina zoritxarrez, ez da iritsi euskal herritar guztiengana, Carlosengana adibidez".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!