Euskara plazara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 1a, 10:30

Mahai batean launakako talde txikiak bildu eta patxadan, hizketan jarri hainbat gairen inguruan. Horixe da Mintzodromoak proposatzen duena larunbat honetarako, eguerdiko 12:00etatik aurrera Juanita Alkain plazan. Kafea eta pastatxoak ziurtatuta daude.


Gaur euskara praktikan jarri eta bihar euskaraz bizi! Mintzodromoak aldarrikatzen duen leloa da. Edonork har dezake parte, ez du zertan izan behar euskara ikasten ari den ikaslea. Euskaraz mintzatzea eta antolatzaileek jarritako gaien inguruan tertulian parte hartzeko gogoa edukitzea da eskatzen diren bi baldintzak.
Mintza Lagun ekimenaren baitan kokatzen da Mintzodromoa, eta  AEKk, Andoaingo Euskara Zerbitzuak eta Ondarreta ikastetxeak antolatu dute. Eguraldia onaz eginez gero, Juanita Alkain plazan egingo da; bestela, Bastero kulturguneko kanpoaldean.
Ekimena girotzeko, musika ere entzun ahal izango da, Andoaingo Udal Musika eskolako ikasleen eskutik.
Hiru gai proposatu dituzte tertulietarako, eta gaiari nondik heldu zalantzak dauzkanarentzat, zenbait galdera luzatu dituzte:

1. Andoain: bi herri?
Herria bi zatitan banatu al dago? Zein da herro honen erdigunea? Egokia al da horrela banatuta egotea? Pintxo-pote bat bakarra egon beharko luke?

2. Euskararen erabilera
Andoain herri euskalduna al da? Euskararen erabilera altua ala baxua dela uste duzu? Zer egin daiteke Andoain herri euskaldunagoa izan dadin?

3. Herri bizia?
Andoain herri bizia dela uste al duzu? Aisialdirako eskaintza egokia al da? Bertako elkarteak ezagutzen al dituzu? Batere batean parte hartzen al duzu? Asteburuetan herrian geratzen al zara?
Mintzagai bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio.
 Antolatzaileek adierazi dutenez, komeni da aldez aurretik izena ematea.
943 591 704
andoain@aek.org
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!