Antzezlana
Zuzendaria:
Joxe Mari Berasategi Txapas.
Antzezleak: Juani Martin, Laura Martinez, Juan Peñagarikano eta Lupe Martiarena.
Iraupena: 50 minutu.
Hizkuntza: euskara.
Urriak 2, ostirala.
18:30. Doan. Sarobe.
Umorea du nagusi antzezlanak.
Juan Peñagarikano. Bai horixe! Ekainean estreinatu genuen antzezlana Denda Berriren egoitzan bertan, eta ikusleak barrezka jarri genituen orduan. Gero etxean, zera esan zidan emazteak: "orain arte egin dituzuen antzezlanen artetik, hoberena zalantzarik gabe".
Lupe Martiarena. Publikoaren adinari dagokionez, Saroben Denda Berrin eduki genuena baino zabalagoa izango dugula espero da, baina hala eta guztiz ere, iruditzen zaigu denek ere ia ordubeteko ikuskizun umoretsua eta kalitatezkoa ikusi izanaren sentsazioarekin irtengo direla antzeztokitik.
Antzezlanaren ezaugarriak kontatuko al zenituzkete?
Joxe Mari Berasategi. Bost zati ditu, bost ataletan banatzen da azken batean. Eszenatxoak doaz bata bestearen atzetik, eta oso erraz ikusten da, pertsonaiak eta egoera ezberdinak tartekatuz doazelako, eta dena umoreak zipriztinduta.
Eta zein da jorratzen duen gaia?
J.M.B. Urnietan urnietarrok osatzen dugun egunerokotasunari begira jarrita inspiratu naiz gidoia egiterako garaian. Euskararekin gurasoek daukagun jokabidea islatu eta kritikatu nahi da. Aitona-amonek, gurasook eta haurrek egunero hizkuntzarekin dauzkagun jokabideengatik barre egitea da kontua, baina kritika ahaztu gabe. Izan ere, kontrasteekin bizi gara Urnietan, bi mundu baleude bezala. Bertako ikastetxeek euskaraz funtzionatzen dute beren egoitzen barruan, bai irakasle zein ikasleek; baina gero, ikasleak irteten dira kalera, eta guraso eta aitona-amonen esku geratzen diren une berean gaztelera hasten da nagusitzen. Bestalde, gurasoek euskararen aldeko diskurtsoa egiten dugu, beti euskaraz egingo dugula edo ikasiko dugula agintzen diogu geure buruari, baina gero errealitatean, ez da horrelakorik gertatzen.
J. P. Euskararen erabilera ez da komedia honek kritikatzen duen alderdi bakarra. Begi zorrotzeko ikuslea berehala konturako da aiton eta amonekin maiz gertatzen ari dena ere kritikatu nahi duela antzezlanak. Beren seme-alabek hainbeste inplikatu nahi dituzte biloben zaintzan, jada ez daukatela denborarik lasai bizitzeko. Gurasook gero eta okupatuagoak daude, eta ikusten ari gara aitona-amonak ikastetxeko bileratara ere joateko trantzean jartzen dituztela.
L.M. Elkartean, zuzendaritzakoek gero eta zailago daukagu astegunetan ekitaldirik antolatzea, aiton amonak okupatuta baitaude. Ez antolatu, gero, irteerarik, ez baitzaizu inor etorriko! Arratsaldeko seietatik aurrera hasten dira Denda Berrira hurbiltzen, umeak gurasoen esku utzi ahal izan dituztenean, ez lehenago.
Euskaraz, lehenbiziko aldiz izango dela antzerkia azpimarratzen ari zarete.
J.M.B. Lau antzezlan aurkeztu ditu Denda Berri elkarteko antzerki tailerrak jendartean orain arte, eta gaztelania izan dute hizkuntza nagusia guztiek. 10-12 antzezleek osatu dute gure taldea azken urteetan; antzezle gehienak erdaldunak ziren orduan, eta zaila egiten zitzaigun euskaraz funtzionatzea. Azken hilabeteetan gertatu zaigu murriztu egin dela antzezle kopurua; nork bere arrazoiak eduki ditu uzteko tailerra, baina kontua da lau antzezlerekin geratu garela. Horietatik hiru euskaldunak dira, eta laugarrenari (Laura Martinez) ez zait arrotza egiten euskara, bere seme-alabek hizkuntza horretan ikasi baitute.
L.M. Denda Berri elkartearen aspaldiko nahia zen euskaraz ere antzerkia egin ahal izatea, eta oraintxe eman dira baldintzak horretarako. Herriz herri emanaldiak eskaintzen hasten garenean, jubilatu askok eskertuko digutela iruditzen zaigu.
Elkartean urtero jartzen dugu iragarkia, bazkideak animatuz antzerkia egitera. Lau besterik ez gara bildu azken boladan, baina espero dezagun jende gehiagok izena ematea etorkizunean.
Nor gonbidatzen duzue zuen komedia ikustera?
J.M.B. Mundu guztia! Izan euskalduna, izan erdalduna, izan euskara ikasten ari dena, izan haurrak, gazteak, haurrak dituzten bikote gazteak, horien aitona-amonak.... Barre egiteko prest dagoen edonor etorri dadila, ez baita damutuko. Ikusle askok identifikatuta ikusiko dute euren burua eszena askotan, bere buruaz barre egin ahal izango dute, eta horietako arrazoi bat nahikoa behar luke izan Sarobera bertaratzeko.