“Kaleratzerik gabeko udalerria” izendatu dute Andoain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 30a, 19:42

Stop Desahucios elkarteak sustatu duen mozioak Udal ordezkaritza duten alderdi guztien oniritzia eskuratu zuen irailaren 24an egin zen batzarraldian.

Hamar puntuko mozioa onartu zuten aurreko ostegunean, eta lehenengoan Andoain kaleratzerik gabeko herri gisa deklaratu da. Jokabide aktiboa izango du etxegabetzeak saihesteko orduan, “udaletxe honek beharrezko diren baliabide eta neurri guztiak erabiliko ditu lehen etxebizitzako kaleratze eta irtenarazteak geldiarazteko eta, behar izanez gero, bizileku bat izateko aukera bermatzeko”. Kasu horietan herrikideen eta finantza erakundeekin egon daitezkeen gatazken aurrean, “Udalak kaleratze edo irtenarazte baten abisuaren aurrean, finantza edo administrazio erakundearekin bitartekotza lana egingo du etxegabetzea geldiarazteko”.
Mozioa Andoaingo Kaleratzeak Stop Desahucios elkarteak aurkeztu zuen eta bozketan alderdi guztien aldeko botoa eskuratu zuen. Hurrenez hurren, EH Bildu, PSE-EE, EAJ-PNV, Irabazi eta Ganemos alderdiena.

MOZIOA BERE OSOTASUNEAN
Andoainen, 2015eko Irailaren 15ean


"Giza eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmen nagusiek zein Espainiako Konstituzioak etxebizitza eskubidea politika sozial eta ekonomikoaren gida-oinarri gisa arautzen dute. Hortaz, eskubide honen sustapenak materia honen gainean eskumenak dituzten botere publiko guztien jarduera positiboa eskatzen du, hauen artean Tokiko Administrazioarena ere.
Egungo krisi ekonomikoaren ondorio larrietako bat familia askok euren ohiko etxebizitzaren mailegu hipotekarioarioaren kuotak edo alokairuaren errentak ordaintzeko bizi duten ezintasuna da. Egoera honek, etxebizitzaren galera ez ezik, langabeziak eragindako gainontzeko ondorio tamalgarriak ere dakartza kasu askotan berarekin.
Tokiko Administrazioek ezin dute honen aurrean geldirik egon. Hiritarroi babesa eskaini eta etxebizitza eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko beharrezkoak diren jarduerak burutu behar dituzte. Kasu askotan, gainera, botere publikoek finantza erakundeen eta hiritarron harremanetan gero eta nabarmenagoa den desoreka berdintzeko lan egin beharko dute, halaber.
Horregatik, udalek ohiko etxebizitza galtzeko arriskuan dauden familiak babesteko programak abian jarri beharko dituzte, aholkularitza eta bitartekaritza indartuz eta, betiere, Andoain Kaleratzeak Stop Desahucios bezalako plataformekin elkarlanean.
Udalek, herritarrongandik gertuen dauden administrazioak direlako eta euren arazo, behar eta eskakizunak ezagutzen dituztelako, langabeziak estututa edo eurek sortu ez duten krisi ekonomikoak ordainezinak bilakatu dituen hipotekei aurre egin ezin dietelako, egoera kezkagarrian bizi diren milaka familien egoera zuzentzeko betebeharra dute.

HAMAR PUNTUKO MOZIOA
Honegatik guztiagatik, eta udal honetan ordezkaritza duten alderdi politiko eta hauteskunde-koalizioek sinatu duten kaleratzeen, pobreziaren eta desberdintasun sozialen kontrako dekalogoaren hamargarren puntua bete dadin nahi dugulako, Andoain Kaleratzeak Stop Desahucios plataformak ondorengo mozioa aurkezten du osoko bilkuran eztabaidatua eta onartua izan dadin.

  1. 1.    Udalak “Kaleratzerik Gabeko Herria” deklaratzen du udalerri hau.
  2. 2.    Udalak beharrezko diren baliabide eta neurri guztiak erabiliko ditu lehen etxebizitzako kaleratze eta irtenarazteak geldiarazteko eta, behar izanez gero, bizileku bat izateko aukera bermatzeko.
  3. 3.    Udalak etxegabetzeak saihesteko jarduera guztiak koordinatuko dituen pertsona edo organismo bat izendatuko du, betiere Andoain Kaleratzeak Stop Desahuciosekin eta etxebizitza duin baten eskubidearen alde lan egiten duten gainontzeko elkarteekin lankidetzan jardunez.
  4. 4.    Udalak udalerri honetan jarduten duten finantza erakundeengana joko du fede oneko zordunen kaleratzeak geldiaraz ditzatela eskatzeko, jabetzan dituzten etxebizitza hutsen errolda galdatzeko eta hutsik dauden etxebizitza hauek alokairu sozialeko programa publikoen zerbitzura jar ditzaten exijitzeko. Erantzunik jaso ezean, abian jarri beharreko neurriak aztertuko ditu, besteak beste, finantza erakunde hauekin lan egiteari uztea.
  5. 5.    Udalak, kaleratze edo irtenarazte baten abisuaren aurrean, finantza edo administrazio erakundearekin bitartekotza egingo du etxegabetzea geldiarazteko eta, behar izanez gero, irtenaraztean udaltzaingoak komisio judizialari laguntza eman diezaion ekidingo du, kaltetutako pertsonak bizi duen egoeraren larritasuna aztertuz eta konponbide justu eta egoki bat bilatuz. Etxegabetzea saihestu ezin izan denean, udaletxeak beharrezko neurriak hartuko ditu kaltetutako pertsonei arrazoizko prezioan alokairu sozialeko erregimenean berriz ostatu emateko.
  6. 6.    Udalak kaleratzea edo irtenaraztea ekar dezaketen kasu guztien berri eman diezaioten galdegingo die epaitegi eskudunei, bazterketa arriskuan dauden kolektibo sozialak identifikatu, zerbitzu sozialek euren txostena eman eta kolektibo hauei bizileku bat eskaini ahal izateko.
  7. 7.    Udalak, Alokabidek kudeatzen duen Etxebizita Publikoen Parkeari dagokionean, Lakuako gobernuari beharrezkoak diren erabaki eta modifikazio legalak burutu ditzan exijitzen dio, Gasteizko Legebiltzarrak pasa den 2014ko apirilaren zazpian etxebizitza publikoen inkilinoei buruz hartutako akordioa betearazteko.
  8. 8.    Udalak titulartasun publiko zein pribatuko etxebizitza hutsen inbentario bat egingo du ahaik eta azkarren. Bere jabetzakoak hiritarren bizileku premien zerbitzura jar daitezen beharrezko diren neurriak hartuko ditu, bereziki fede oneko diren zordunen etxegabetzea saihestu ezin izan den kasuetarako. Era berean, hiriaren etxebizitza beharrak aztertuko ditu sei hilabeteko epean eta, hauen artean, pilaketak; erabiliak izan ezin diren etxebizitzak edo berritzeak behar dituztenak ere kontuan hartuko ditu.
  9. 9.    Udalak aurreko legislaturan onartutako kaleratzeen kontrako protokoloa berresten du.
  10. 10. Udalak hiriaren sarreretan, etxebizitzen kaleratzeen aurrean bere jarrera azaltzeko plakak jarriko ditu “Kaleratzerik Gabeko Herria” testuarekin".

 

Aztergai ugari iraileko Udal batzarraldian
Andoaingo zarataren mapa biltzen duen txostena onartu zuen udalbatzak, aho batez. Txosten teknikoa da funtsean, eta Ana Carrere alkateak adierazi zuenez, Andoainen N1 errepidearekin eta Urumeako autobiarekin lotzen dira zaratarekin zerikusia duten arazorik potoloenak. Ikerketa hori oinarri harturik, ekintza plana osatzea eta garatzea izango dela udalak eman beharreko hurrengo urratsa, iragarri zuen Carrerek.

Nazioartean pil-pilean dabilen errefuxiatuen gaia ere aztertu zuen udalbatzak, eta adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez, krisi humanitarioari aurre egiteko asmoz babes-herrien sarera batuz.
Uda aurretik egin zen udal osaketako batzarrean zer esana eman zuen

Gregorio Olasagastik uko egin zion zinegotzi karguari. Agur esateko hitza hartu zuen eta zera adierazi: "konpromiso pertsonalari eusten diot, modu batera edo bestera Andoaingo herriaren mesedetan lan egiten jarraitzeko". Ondoren, laudoriozko hitzak luzatu zizkien zinegotzi guztiei: "badakit hemen zaudeten guztiok herriaren alde ari zaretela musutruk, eta merezi du hori aitortzea".
Etxegabetzerik gabeko herria izendatu zuten zuten Andoain, iraileko Udal batzarraldian. Lorpen handia Kaleratzeak Stop Desahucios elkartearentzat.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!