Herritar guztientzat ahalik eta egitarau osatuena egin dutela adieraztearekin batera, aurtengo omenduaren berri eman zuen: “Salesiar familia omendu nahi dugu. 50 urte dira On Bosko salesiarren ikastetxea martxan jarri zela, eta bertako Aisialdi taldeak 25 urte. Horregatik aurten Udalak San Miguel eguneko omenaldia salesiarrei eskainiko die”.
ELKARTASUNEZKO TXEKOR JATEA, AURTEN SUPER H TALDEAREN ALDE
Urnietak laugarren mendeurrena betetzen duela eta, efemeridearekin lotutako hitzorduak aipagai izan zituen. Besteak beste, herriko bi dantza taldeek eskainiko dituztenak. Alkateak jaietan elkartasunak duen tartea ez zuen oharkabean pasatzen utzi nahi izan: “Miela San Miguel egunean kanpandorrera igoko da, baina jaiak datorren asteburuan segida izango du. Bada nabarmendu behar den ekitaldia, txekor jatea hain zuzen. Harrobia ustiatzen duen Aizkibel enpresari esker egiten da, eta aurtengoa solidarioa izango da. Super H taldeko kideak egongo dira bolondres lanetan, eta pintxo bakoitzeko eskatuko den euroa elkartasunerako bideratuko da. Ea ekimenak zer nolako erantzuna duen, eta horren arabera etorkizunera begira erabakiko dugu bide beretik jarraitzea edo ez”.