Emakumeen topaleku izateko jaio zen Zuena elkarteak urteko batzarrik garrantzitsuena egin zuen ostegunean, eta hurrengo bi urteetan zuzendaritza osatuko duten kideak aurkeztu ziren. Esther Sanchez, Jerusalem Lasterra, Merche Gomez, Flora Barquero, Paquita Ziarrusta, Karmele Lopez, Ana Begoña Beobide, Nekane Lazkano eta Josefa Pereira.
Gogotsu hartu dituzte ardurak denek ere, Nekane Lazkano idazkariak adierazi duenez. "Bi urteko ibilbidea egitea egokitzen zaigu eta gauzak ahalik eta txukunen egiten saiatuko gara. Primeran jardun duen gure aurreko zuzendaritzak, eta estimatzekoa gu bezalako hasiberriei Kristina Lasarte eta Reme Martinek eskaini diguten laguntza, garbi azalduz etorkizunean eman behar ditugun pausoak. Dinamika handia daukan elkartea da Zuena, makina bat ekitaldi aurrera eramaten ditu urtean zehar (ikastaroak, dantza eta antzerki emanaldiak, kultur txangoak...), eta aparteko ahalegin pertsonala eskatuko digu zuzendaritza berriko kide guztioi".
Andoaingo emakumeei elkarteko bazkide egiteko gonbidapena luzatu die Nekane Lazkanok. "Norberaren garapen pertsonalari, lagunartekotasunari, aisialdiari eta beste hainbat alderdiri begira, aberasgarria da Zuena bezalako elkarte bateko kide izatea. Geure bizipenetatik esan dezakegu hori".
Bestalde, ikuspuntu ekonomikotik ere baditu bere abantailak bazkide izateak, ikastaroak merkeago ateratzen baitzaizkie.
Lazkanok zehaztu du elkartearen arauen arabera soilik emakumeak izan daitezkeela bazkide. Hori bai, gogorarazi du gizonezkoek parte har dezaketela ikastaro eta gainerako aktibitateetan. "Dena esatera, aurreko urteetan gizonezko bakan batzuk baino ez dira hurbildu Zuena-ra, areto dantzetara eta sebillanetara batez ere. Ea aurten gehiago animatzen zaizkigun. Merezi dute ikastaroek".
Informazio erabilgarria:
• Matrikula egiteko edo informazioa eskatzeko, noiz: irailaren 21etik 25era, arratsaldez 17:00etatik 19:00etara.
• Telefonoa: 606 929 697. Bestalde, urte osoan asteartero 16:30etik 18:30era bulegoa irekita dago.
• Egoitza: Extremadura 2-4 kalea.