Euskalduna maila berrian, lidergotzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 24a, 13:40

Aurreko denboraldian Erregionaleko ohorezko mailara igo zen Andoaingo futbol taldea, Iñigo Gurrutxaga entrenatzaile gaztearen agindupean.
Eta ezin hobe ekin dio du aurtengoari, lehen jardunaldietan lidergoa eskuratuz. Grinaz bizi du futbola Gurrutxagak, jokatutako partidak bideoz grabatu eta akatsak-eta aztertu nahi izaten dituen temati horietakoa da. Hitz jario polita dauka futbola gaitzat hartuta, eta aditu gisa jarduten du Tito Irazusta kazetariak Teledonostin gidatzen duen Realari buruzko tertulian.

Elkarrizketa:

Gurrutxaga pozarren dago jokalarien inplikazioarekin eta klubak eman dio askatasunarekin. Euskaldunak etorkizun oparoa duela esatera ausartzen da.

Bi jardunaldi eta bi garaipen. Ezustekoa mailaz igo den talde batentzat...
Iñigo Gurrutxaga:
Egia esan, zorte ona eduki dugu, lehen partidan batez ere. Hiru goleko aldeaz irabazi genuen Lesakan, baina oso efektiboak izan ginen eduki genituen aukerak ondo probestuz, aurkariek ez bezala. Oriokoren aurkako larunbateko garaipena, bestalde, merezitakoa izan zela iruditzen zait, nahiz eta azken minutuan sartu gola.

Pozik egoteko moduan...
I.G.
Aurre denboraldia nola joan den ikusita, baietz esan beharko; zalantzak bagenituen hasieran. Jokalariren bat edo beste falta zaigu iaztik, fitxaketak poliki-poliki joan dira sartzen...  Ez dugu taldeak benetan daukan gaitasuna neurtzeko astirik izan.

Christiam Guijarro, iazko goleatzailea Pasaiara joan da hirugarren mailara...
I.G.
Bere 25 golak eguzkia bezain borobilak izan ziren guretzat iaz. Bikaina jokalaria! Harekin egin genitzakeen zenbait gauza ahaztu behar izan ditugu; egoera berrira moldatu behar izan dugu.

Mailari eustea eskatu ohi zaio igo berri den talde bati...
I.G.
Horixe eskatzen zaio debuta egiten duenari. Ulergarria da planteamendu hori, baina nolanahi ere, ez zait iruditzen komenigarria denik geure buruari soka lepo inguruan jartzea. Aurrera begira, ez dut uste amestea denik pauso bat harago eman dezakegula pentsatzea. Zergatik ez hartu, esaterako, Martutene taldearen eredua? Iaz ohorezko mailara igo zen taldea izan arren, sailkapenean erditik gora amaitu zuen denboraldia. Partida guztiak irabazteko beharrarekin aritu ginen iazko denboraldian, finalak izan ziren ia denak, eta bai jokalariek eta baita neuk ere izugarri ikasi genuen esperientzia hartatik, zer den presiopean jokatzea batik bat.

Bi partidak irabazita, helburuak aldatzen hasi behar ote dira?
I.G.
Argi daukagu oinak lurrean jarri behar ditugula. Markatu den bidea ondo eginez gero, etorriko dira emaitzak eta merezi dugun postua eskuratuko dugu azkenean.

Aldageletan umorea izango da nagusi egunotan...
I.G.
Ez dakizu zenbatekoa! Emozioz kabitu ezinik, pozez gainezka daude mutilak. Transmititu behar diet garai latzak helduko zaizkigula ziurrenik, eta prest egon behar dugula ordurako, psikologikoki batez ere.

Zer moduzko giza taldea zuzentzen duzu?
I.G.
Ikaragarria! Baloratzen dut egunero jartzen duten ilusioa eta inplikazioa, eta egiten duten ahalegina eta sakrifizio pertsonala. Prestatzaile fisikoak (Asier Lopez) gogor astintzen ditu, asko exijitzen die, eta hori dena onartzeko futbolarekin maiteminduta egon behar duzu derrigor. Ez baitugu ahaztu behar amateurrak direla, zaletasunagatik etortzen direla entrenatzera, lantokian lan jarduna egin ostean. Are gehiago, badago baten bat entrenatu ostean gaueko erreleboa egitea egokitzen zaiona.  

Partidak bideoz grabatu eta hurrengo egunetan jokalariekin aztertzen omen dituzu.
I.G.
Klubak Asier eta biongan erabateko konfiantza jarri du, eta logikoa iruditzen zaigu eskura dauzkagun baliabide guztiak erabiltzea, taldearen errendimendua hobetzeko asmoz. Iaz, iPad-a eskuan hartu eta aurkarien partidak grabatzen genituen; euren markatzeko sistema –mistoa, indibiduala, eremuka– aztertzen genuen eta geure jokalari bakoitzari aparteko detaileak jakinarazten genizkien. Aurten, geure partidak grabatzen hasi gara, akatsak aztertzeko eta zuzentzen saiatzeko asmoz.

Bigarren urtea duzu Euskaldunan. Kluba (egitura, funtzionamendua...) ezagutzeko denbora eduki duzu.
I.G.
Aukera handiak dituela esango nuke etorkizunari begira. Bide onetik doazen neurriak hartzen ari da zuzendaritza azken urteetan, eta esate batera, goiz ala berandu helduko da eguna non kanpoko klubaren batek tentatuko duen Euskaldunako jokalariren bat, eta honek oso gustura dagoela Andoainen eta bertan jokalari gisa hazten jarraitu nahi duela erantzungo diona.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!