Mikel Iturria, profesionalen artean tokia eskatzen ari den txirrindularia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 24a, 13:39

“Hamar urte atzera, profesionaletako taldea aukeratuko nuke; gaur zain egon behar dut”. Egin beharrekoa egin duenaren patxada sumatzen zaio Mikel Iturria txirrindulariari (Urnieta, 23 urte). Bizikleta gainean zazpi garaipen eta hemeretzti podiumekin bukatu du denboraldia, eta itzuli onenetan ere bost aldiz sailkatu da Top 5ean. Eta halere, zain, profesionaletan jarduteko aukera izango duen jakin arte. Zain, baina itxaropentsu: “Ate batzuk ireki dira azken egunetan”.
Euskaldun Torneoa irabazita bukatu du denboraldia Iturriak.

Elkarrizketa:

Ez zuen espero, Altsasuko proba, azkena, esprintean erabakitzeko aproposa zelako, “eta ni esprintean txarra naiz. Irabazteko ia-ia bakarrik helmugaratu behar dut”, dio. Garaipenak bere autoestimua handitu du, Euskaldun Torneoa irabazi gabe konforme bazen ere. Egun gogorrak, luzeak datorzkio orain. Ordezkariaren deiaren zain, eskaintzaren bat ba ote dagoen jakiteko. Zaildua da zaingintzan, eta baikorra da.

Ezin hobe biribildu duzu denboraldia Euskaldun Torneoa irabazita. Ez zinen oso baikor Altsasuko proba jokatu aurretik.
Mikel Iturria.
Ez, nahiko baldarra naizelako esprintean. Proba, berez, ez da gogor-gogorra eta nire aurkaria, Rafa Marquez, ni baino azkarragoa. Garaipena lortu ahal izan nuen, eta kontent nago.

Zer garrantzi dauka lorpenak?
M.I.
Denboraldiari distira eman dio. Egia esan, sasoi hasieran ez zen nire helburua. Izan ere, lidergoa eskuratu eta ezin izan dut defendatu, beste proba batzuk nituelako helburu. Irabaztea hobe, ez irabaztea baino, dena den.

7 garaipen izan dira denera, 19 podium eta 5 sailkapen 5 onenen artean, itzuli garrantzitsuenetan. Lorpen zerrenda bikaina!
M.I.
Nire ustez bai. 10 urte atzera, palmares horrekin, nik neuk aukeratuko nuke ze talderekin egin jauzia profesionaletan, baina egun, egoera oso bestelakoa da. Zain geratu beste erremediorik ez dut. Iraganean talde gehiago zeuden Euskal Herrian eta Espainian, Euskaltel zegoen, eta gaur ez. Aukera txikiagoa da, eta pasatzea, ondorioz, zailagoa.

Nola salduko zenuke zure burua, zu fitxatu nahi zaituen managerrak elkarrizketa hau irakurriko balu?
M.I.
Postu on asko pilatu ditut itzulietan, eta horrek erakusten du txirrindulari erregularra naizela. Ibilbide luze eta gogorretan ondo moldatzen naiz. Esango nioke 2013 eta 2014an Euskadi Fundazioarekin Kontinental mailan aritu nintzela, profesionalak alboan nituela, eta Tour des Pays de Savoie, Ronde d’Issard edota Giro del Valle de Aosta probatan emaitza interesgarriak lortu nituela. Gaitasuna badut profesionalekin lehiatzeko, eta horrek konfiantza ematen dit.

Txirrindularitza zale peto ez denarentzat, noren jarduna hartuko zenuke zure ispilutzat?
M.I.
Beno, zuhurtzia eta errespetu handienarekin, Mikel Nieveren tankerako txirrindularia naizela esango nuke. Oso ‘diesel’-a naiz, eta esfortzu luzeak ditut gustuko.

Bi urte egin zenituen afizionatuetan, bi urte koska bat igota, Kontinental mailan, eta azken hau, berriro itzulera afizionatu mailara. Mundu hori ezagutzen duzu. Asko estutzen al duzu zure burua zain egon behar horretan?
M.I.
Beno, hiru urte atzera Kontinental mailan lehiatzea ezustekoa izan zen, azken orduan hartu zuen erabakia Fundazioak, eta ondo moldatu nintzen. Pasa den neguan afizionatuetara bueltatuko nintzela banekien, eta rebalida, azken aukera moduan hartu nuen. Denboraldi ona egin eta erakusleihoan jarri, berriro ere profesional mailara bueltatu ahal izateko. Nik nire esku zegoena egin dut. Orain beste batzuk ari dira ni laguntzen, ateak irekitzen saiatzen… Ea zerbait gorpuzten den. Pazientzia bidaia lagun ona dela ikasi dut urte hauetan.

Zer dakizu, publiko egiteko moduan?
M.I.
Ba Fundazioko Migel Madariaga, Jorge Azanza eta Gorka Gerrikagoitia ate batzuk jotzen ari direla. Orain aste batzuk itxita zeuden ate batzuk ireki egin direla dirudi, eta ea horiek gurutzatzeko aukera daukaten.

Panorama nahiko garbia da: Murias Team, Caja Rural-RGA edo atzerria.
M.I.
Bai, Movistar taldeak eskaintzaren bat egiten ez badit (barrez), hori da egoera. Murias Team-ek ez dakit ze bide egingo duen: kontinental mailan jarraitu, kontinental-profesional mailako talde bilakatzen saiatu… Caja Rural-RGAk kontinental-profesional mailan jarraituko duela jakina da. Hori litzateke aukerarik onena, atzerrian aritzeak baldintza ekonomikoak kaskarragoak izan daitezkeela suposatzen baitu, eta egutegia ere, on-ona ez agian.

Txar-txarrean, zer egingo zenuke zure burua afizionatuetan mantentzeko beharrean ikusiko bazenu?
M.I.
Horretan ere pentsatu dut, badaezpada. 14 urte daramatzat bizikleta gainean, milaka kilometro egiten urtero, eguraldi txarra eta hotzarekin sufritzen, gutxienetan gozatzen, eta afizio hau ofizio bihurtzeko ametsa oso indartsua da nigan. Beste urtebete jarraituko nuke, arrazoi sinple bategatik. Ea Euskaltel taldearen antzeko beste proiektu bat sortzen den Euskal Herrian. Garbi dago aurten ez dela sortuko, iraila aurrera doalako eta ez delako ezer entzuten, baina hurrengo urtean sortuko balitz zer? Pentsa bizikleta ganbaran uzten dudala urrian, eta euskal txirrindulariekin hornituko den proiektu bat sortzen dela 2016ko udazkenean. Bizitza osoan damutuko nintzateke. Hori bai, hurrengo urtea, azkena, ziur. Aukerarik ez badut ikasten hasiko naiz, bizibidea beste nonbait lortzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!