On Bizi merkatarien elkarteak lehenik eta behin merkataritza sustatzea du helburu, baina herrian eragile izan nahi du. On Bizi jaiak antolatu izan ditu azken urteetan, baina aurten ez da horrelakorik izango. Besteak beste, eraberritze prozesua bizi dutelako. Jai zehatzik antolatu gabe, jaietan laguntza ematen jarraituko dute. Aurtengo jaien aurkezpen ekitaldian Mikel Pagola alkateak horixe bera aipagai izan zuen, “aurreko urteetan egun berezia antolatzen zuten. Aurten ez dute horrelakorik egingo baina horrek ez du esan nahi jaietan murgilduko ez direnik. Jarduera ezberdinetan laguntza emango dute. Beraz, merkatarien lana ere nabarmendu behar da”.
Marisa Hernandez Toñi frutadendako merkataria On Biziko lehendakariak egungo elkartearen berri eman dio Aiurriri, “aldaketa egon da gure helburuetan eta lan egiteko moduetan. Sortu ginenean On Bizi jaiak antolatzeari ekin genion, baina aurrerantzean dinamika hori aldatu dugu. Herriko eragileek antolatzen dituzten ekimenetan bat egitea erabaki dugu. Besteak beste, Urnietako mendi maratoian edota Herri Biran. Gure produktuak eskaintzea, horixe izan da gure ekarpena. Eta arrazoia? Bada, azken aldi honetan merkatarien prestakuntza sakontzea lehenetsi dugulako. Garai berriotan trebatzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Helburu argia dugu: herritarrei zerbitzu onena eskaintzeko prest egotea. Eta helburu horretara iristeko tailerrak eta ikastaroak jasotzen ari gara. Herritarrak etorkizunean ez dira guregana etorriko herrian gaudelako, zerbitzu ona eskaintzen dugulako baizik”.
Herri eragileak babestuz jarraituko dute, “sariak emateko garaian, adibidez, laguntzeko prest egongo gara”.
Kezkaz bizi dute herrian dagoen merkataritza eskasia, “eskaintza zabalagoa eskaini beharko luke gure herriko merkataritzak. Alor batzuetan hutsuneak daude, besteak beste jantziei edota zapatei dagozkienak. Hutsune horiek aztertu beharko genituzkeela iruditzen zaigu. Eta dagoeneko Urnietako Udalari kezka horren berri eman diogu. Norabide berean ari gara lanean. Helburuetan ados gaude. Azterketa sakon bat egiteko prest agertu gara, herritarren premien berri jakiteko”. Jaurlaritzarekin batera, azterketa sakon hori egin nahi lukete. On Bizi etorkizunera begira lanean ari da. Hamasei kide dira, gaur egun.