Adierazpen instituzionala, Siriako errefuxiatuak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 22a, 17:05

Villabonako Udala osatzen duten EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek Siriako errefuxiatuei lotuta, ondorengo adierazpen instituzionala aurkeztu dute:

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Europako herrialdeetarako migrazio fluxua errealitate geldiezina da azken urteotan, besteak beste, jendarte zibila gogor zigortzen ari diren gerra eta gatazken ondorioz. Egoera honetan ihes egitea besterik ez zaie geratu euren bizitza salbu jarri nahi izan duten herritarrei.Haien herrietatik ihesi datozen milaka eta milaka pertsonen heriotza eragiten duen egoera dramatiko baten aurrean gaude, eta horrela izanik, mendebaldeko agintarien ezintasuna eta geldotasuna gero eta nabariagoa den honetan, mundua ezin da lekuko isila izan.

Errealitate berri honen irtenbidea konplexua dela jakinik ere, eta oraindik herri bakoitzak hartu beharreko errefuxiatu kopurua zehaztu ez bada ere, uste dugu Erakundeen erreakzio azkar bat beharrezkoa dela.

Elkartasun adierazpen hau ez da gizatasun kontua soilik; arrazoi ezberdinengatik kanpora joan edota erbesteratu politiko bilakatu behar izan diren milaka euskaldunek jasotako elkartasunaren ordaina ere bada.

Honengatik guztiarengatik, Amasa Villabonako Udala osatzen dugun EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EEk honako Instituzio Adierazpena aurkezten dugu:

-Amasa-Villabonako Udalbatzak, babes-herrien sarera batzeko konpromisoa hartzendu, horretarako harrera dispositiboak prestatuz eta herritarren inplikazioa sustatzeko lana eginez.

-Krisi humanitario honen aurrean modu aktiboan, elkartasunez eta giza justiziaz jokatzea exijitzen diegu Europar Batasuneko estatu kideetako agintari eta gobernuei; era berean, gerra hauetatik ihes egiten duten eta tragedia honen biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela ere galdegiten diegu.

-Amasa-Villabonako Udalak munduko hainbat tokietan gertatzen ari diren gatazken eraginez lekualdatzera behartuak ikusi diren pertsonak babesteko plan bat osatzea eskatzen die gainerako euskal instituzioei, babes-herrien sarearekin bat egitea erabakitzen duten herriei beharrezko sostengua emanez.

-Amasa-Villabonako Udalbatzak gainerako Erakunde zein udalerriekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzen du, babes sarea artikulatu eta handitzeko helburuarekin.

-Adierazpen honetan udalak hartzen dituen konpromisoen betetzea ziurtatzeko eta gai honi behar bezalako jarraipena egiteko, interesa duten herritar eta eragileei zabalik egongo den lan mahaian lan egin nahi duen guztiari Udaletxe honekin harremanetan jar dadin eskatzen dio.

 

Amasa-Villabona, 2015eko irailaren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!